Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 31 abuztua, 2020 Digitalizazioa I+G Berrikuntza teknologikoa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Solid Machine Vision: “Ikusmen artifiziala 4.0 Industriaren zutabeetako bat da”

Gasteizko enpresa metrologiara eta gainazaleko akatsen kontrolera bideratutako ikusmen artifizialeko instalazioetan espezializatuta dago
Solid Machine Vision enpresak erabiltzen duen ikusmen artifizialeko sistema bat

Ikusmen artifizialeko tresnak -piezak kontrolatzera nahiz prozesuak gainbegiratzera bideratzen direnak- gero eta gehiago erabiltzen dira tamaina desberdinetako konpainietan. Solid Machine Vision konpainia arabarrak zazpi urte daramatza bere proiektuak -jarduera industrialean oso zentratuak- garatzen arlo horretan. Solid Machine Vision enpresako zuzendari tekniko José Ignacio García de Cortázarrekin mintzatu gara 4.0 Industriako teknologia horren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko.

 

Zer egiten duzue Solid Machine Vision-en?

Ikusmen artifizialeko instalazio industrialak egiten ditugu. Instalazio industrial horien barruan, hainbat sektore eta lan-modu barne hartzen ditugu, hala nola makina edo tresna osoak, eta baita ere bazkide edo bezeroekiko lana, horretarako gure ekipoak integratzen ditugularik euren instalazioetan.

 

Ikusmen artifizialeko sistemak estuki lotuta daude 4.0 Industriaren kontzeptuarekin, ezta?

Ikusmen artifiziala 4.0 Industriaren zutabeetako bat da, aukera ematen baitu automatizazioa eta datu-bilketa maila aurreratuago batera eramateko. Teknologia digitala da. Ez dauka digitalizatu beharrik. Ikusmen artifiziala berez da natibo digitala. Sortzen duen informazio guztia prest dago erabiltzeko.

 

Ikusmen artifizialak hainbat aplikazio dauzka industrian: produktuen kontrola, elementu arrotzen gainbegiraketa (elikaduran) eta edukieraren eta langileen arteko distantzien kontrola ere bai. Zein arlotan aritzen zarete zuek?

Ikusmen artifiziala teknologia polibalentea da, aplikazio oso desberdinetarako bideak irekitzen dituena. Mundu handia da oso, eta ezinbestekoa da espezializatzea. Metrologian eta gainazaleko akatsen kontrolean espezializatu gara, baina orobat lantzen ditugu robotikarako aplikazioak eta robotentzako laguntza, piezak deskargatu ditzaten. Aipatu duzun bezala, badaude hain industrialak ez diren beste aplikazio batzuk, automatizaziotik urrunago daudenak, baina une honetan ez gara halakorik lantzen ari.

 

Oro har enpresa handientzat lan egiten dugu eta horien artean aipatzekoa da Microdeco konpainiarekin dugun harremana; enpresa hori zehaztasunezko dekoletaje sektorean aritzen da, eta konplexutasun handiko piezen fabrikazioan espezializatuta dago. Ikusmen artifizialeko instalazio ugari integratu ditugu eurekin. Izan ere, enpresa horretan jadanik ez dago ikusmen artifizialeko sistema batek kontrolatzen ez duen prozesurik edo produkturik. Urtetako harreman arrakastatsua izan dugu elkarrekin.

 

Enpresek ongi hartzen zaituztete ikusmen artifizialarekin lotutako konponbideak ezartzeko orduan?

Aspalditik dakigu enpresek hainbat esperientzia izan dituztela  ikusmen artifizialarekin, eta beti ez direla onak izan. Horregatik, batzuetan zuhur jokatzen dute horrelako sistemak ezartzean. Horrek esan nahi du lan gehigarri bat egin behar dugula, hau da, konbentzitu egin behar ditugu, prototipoak aurkeztuz eta demo-ak eginaz. Behin erakutsitakoan aplikagarria dela eta enpresa horren arazo zehatza konpondu daitekeela ikusmen artifizialeko sistemak erabiliz, orduan ondo hartzen gaituzte.

 

Historikoki, automozioa izan da automatizaziora gehien jo duen sektorea eta, beste batzuk etorri dira haren atzetik, hala nola, etxetresna elektrikoen linea zurietarako osagaiak edo bestelako osagai batzuk (txorrotak eta balbulak). Ikusten da beste sektore batzuk ere ari direla aurrera egiten, esaterako farmazia, osasuna eta elikadura, baina arlo horietan sartzea konplexuagoa da.

 

Nolako inpaktua izan du koronabirusaren krisiak ikusmen artifizialarekin zerikusia duten arloetan?

Ekipo ondasunak egiten dituen enpresa bat gara. Bageneuzkan proiektuak martxan eta haiek garatzen jarraitu dugu etxetik. Teknologia hau natibo digitala da, horregatik, guretzat telelana ez da izan ezinezkoa, ezta ezezaguna ere. Baina ezin izan dugu joan bezeroaren etxera, eta hor sumatu dugu geldialdia. Ekipo ondasunak egiten dituen enpresa gisa, eta beste krisi batzuetan gertatu den bezala, denbora bat igarotzean antzemango da beherakada.

 

Ikusmen artifizialari dagokionez, kontuan izan behar da une honetan hitzetik hortzera dabilela teknologia hau, dela edukierak kontrolatzeko, dela pertsonen arteko distantziak neurtzeko. Beraz, jendea hasi da ohartzen ikusmen artifiziala aplikatu eta erabil dezaketela euren enpresetan. Argi dago ikusmen artifizialak eboluzionatu egin duela, eta posible dela duela urte batzuk pentsaezinak edo garestiegiak ziren proiektuak garatzea.

 

Esan duzun azken horrekin lotuta, zure ustez nondik etorriko dira aldaketak edo nobedadeak ikusmen artifizialaren munduan?

Ikusmen artifizialak baditu landu beharreko hainbat puntu; horietako bat da erabilerrazago izatea bai langileentzat eta bai mantenimendu-lanak egiteko. Ikusmen artifizialarekin lotutako teknologia asko gure artean dauzkagu jadanik. Bereizmena eta abiadura hobetu behar dituzte, baina teknologia gehienak prest daude dagoeneko. Orain erabilerrazago egin behar dira. Arreta handiz jarraitu beharko da adimen artifizialaren eta deep learning-aren demokratizazioa. Teknologia sortuta dago, baina demokratizatu egin behar da industrian txertatu ahal izateko modu praktiko batean.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Ikusmen artifizial industrialaren esparruko teknologia berriak garatzen jarraitu nahi dugu. Oraindik asko dago egiteko eta ezarri egin behar da enpresetan. Orain duela urte batzuk pentsaezinak ziren proiektuak egiten ari garen bezala, hemendik urte batzuetara ere egoera berean egon nahi nuke, hau da, gaur egun ezinezkotzat dauzkagun gauzak egiten. Beste erronka bat litzateke gure kultura eta automatizazioari buruz dugun ezagutza aplikatzea oraindik ikusmen artifiziala erabiltzen hasi ez diren beste sektore batzuetan.

 

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak