Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 20 urtarrila, 2020 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Safibi-k ETEei laguntzen die 4.0 Industriaranzko trantsizioan

Euskal aholkularitza horrek azterketa teknologikoak egiten ditu bere bezeroek digitalizazio arloan dituzten premiak ezagutzeko

Euskal aholkularitza horrek azterketa teknologikoak egiten ditu bere bezeroek digitalizazio arloan dituzten premiak ezagutzeko

Digitalizazioranzko bidea egiteko eta 4.0 Industriako enpresa bilakatzeko, ezinbestekoa da konpainiako aktiboak zorrotz ebaluatzea eta etorkizuneko erronkak jasoko dituen plan estrategiko argi bat egitea. Testuinguru horretan, Bizkaiko Safibi bezalako aholkularitzek egiten duten lana funtsezkoa da halako azterketa teknologikoak egiteko eta bezeroak orientatzeko, horrela jakin dezaten zeintzuk diren beren egungo zein etorkizuneko premiei ongien egokitzen zaizkien teknologiak. Horrelako gaiez aritu gara Arantxa Fernándezekin, Safibi-ko Bulego Teknikoko arduradunarekin.

 

Zer egiten duzue Safibi-n?

Duela 10 urte sortu ginen, 2010ean, enpresei beren produkzio prozesuak hobetzen laguntzeko. Harrezkero, I+G txertatuta duten hainbat diseinu-proiektu egin ditugu, dela neurrira eginiko konponbideak garatuz, dela merkatuan ez dauden makinak hutsetik diseinatuz eta asmatuz, enpresak detektatutako gabezia hori asetzeko. Horixe izan da gure jarduera nagusia, baina azken urteotan, teknologia berriak agertu ahala eta teknologia horiek enpresetan garrantzi handiagoa hartu duten neurrian, erabaki dugu 4.0 Industriako zerbitzuetan zentratzea. Aholkularitza-ingeniaritza bat garenez, azterketa teknologiko bat egiten dugu jakiteko zein den gure bezeroen heldutasun teknologikoa. Ikerketa zorrotz samar bat egiten dugu enpresako arlo guztietan, eta zehatz-mehatz aztertzen ditugu bere operagarritasuna, bezeroekin duen barruko zein kanpoko informazio-fluxua eta digitalizazio maila. Oinarritzat hartuz informazio hori, gure esperientzia eta konpainiaren plan estrategikoa, diagnostiko bat egiten dugu, non aipatzen dugun zeintzuk diren detektatutako puntu ahulenak edo zeintzuk diren enpresako prozesuak eta funtzionamendua hobetzeko elementu onenak. 4.0 Industriako teknologia berrietan oinarritutako konponbideak proposatzen dizkiogu bezeroari. Funtsean, konponbideak eskaintzen dizkiogu, eta zehatz-mehatz azaltzen diogu zer lortu nahi den, nola funtzionatzen duen konponbideak, zenbat denbora beharko den inplementatzeko eta zenbateko kostu ekonomikoa izango duen.

 

Azalduko zeniguke nolakoa den enpresa batean azterketa teknologiko bat egiteko prozesua?

Lehenik eta behin, bezeroaren instalazioetara joaten gara eta elkarrizketa bat egiten dugu harremana hasteko. Bertatik bertara ikusten dugu nolakoa den enpresa (tamaina, produkzio eredua), zer egiten duen, zer eskaintzen duen, zein zerbitzu dauzkan merkatuan… eta konpainiaren irudi argi bat lortzen dugu. Gero, informazio hori oinarritzat hartuz, eskaintza ekonomiko bat egiten diegu azterketa teknologikoa egiteko. Bezeroak azterketa egitea erabakitzen badu, elkarrizketa luzeagoak hitzartzen ditugu sail desberdinetako arduradunekin eta kudeatzaileekin. Informazio hori bildu ostean, analisi teknologikoaren zatian sartuko ginateke. Gure esperientzian oinarriturik, kontuan hartzen ditugu bezeroek aipatzen dizkiguten premiak eta guk detektatu ditugunak, eta batez ere, enpresaren plan estrategikoan zentratzen gara, konponbideak baliagarri izan daitezen bertan jasotako helburuak lortzeko. “Partner” teknologikoen laguntza izaten dugu konponbide edo teknologia egokiena inplementatzeko; zer nahi dugun esaten diegu eta eurek, garatzaileak direnez, konponbide horien kostuaren aurrekontua egiten digute. Azkenean, enpresak txosten xehe bat jasotzen du askotariko informazioarekin: enpresaren maila teknologikoa, zein fase teknologikotan dagoen eta zein urrats eman beharko lituzkeen 4.0 Industriako enpresa gisa bidea egiten hasteko.

 

Aipatu duzu plan estrategikoa funtsezko elementua dela azterketa horiek egiteko. Zuen bezeroek badakite zein garrantzitsua den horrelako planak izatea?

Plan estrategikoa oso garrantzitsua da. Plan estrategiko argi bat ez duten enpresei kostatzen zaie gehien konponbideak inplementatzea, ez dutelako argi ikusten proposatzen diezun bideak norantz daramatzan. Aldiz, enpresa batek hasieratik argi badauka nora iritsi nahi duen, azterketa-lana askoz errazagoa da guretzat. Jakina, enpresa horiek askoz errendimendu handiagoa ateratzen diote beren helburuak ahalik eta azkarren betetzeko egiten dugun azterketa-lanari. Bezeroak argi badauka norantz jo nahi duen, gure konponbideak norabide berean joango dira.

 

Zuen azterketetan ikusten duzuenaren arabera, nolako teknologia edo konponbideak behar dituzte zuen bezeroek?

Batez ere makinetarako sentsorika izaten da, MES sistemetara datuak bidal ditzakeena eta enpresako ERP bati konektatu dakiokeena. Helburua da ahalik eta informazio gehien lortzea software bakarrarekin, eta dena konektatuta egotea. Negozioetarako konponbideak ere eskatzen dizkigute ERPentzako osagarri bezala, adibidez, mantenimendurako CMMS eta bezeroekiko harremanetarako CRM sistemak. Eskatzen dizkigute dokumentuen kudeaketarako sistemak eta kudeaketa hori errazteko programak, papera eta boligrafoa asko erabiltzen direlako oraindik, eta garrantzitsua delako erabilera hori murriztea, denbora eta espazioa optimizatzeko. Beste bezero batzuek big data eta datuen analitika arloetako konponbideak behar dituzte, nahiz eta enpresa gehienak -batik bat ETEak- hasierako faseetan dauden datuen azterketa eta bilketari dagokionez; beraz, ez du zentzurik big data arloko konponbideak proposatzeak.

 

Pentsatzen dut enpresa bati azterketa teknologiko bat egitean teknologia eta konponbide asko inplementatu beharko direla, eta zuen bezeroentzat ekonomikoki ezinezkoa izango dela denak martxan jartzea. Nola ebaluatzen duzue zeintzuk diren aproposenak edo presazkoenak?

Proposatzen ditugun konponbideen kronograma bat egiten dugu gure diagnostikoan. Badaukagu baremo bat konponbideak puntuatzeko beren garrantziaren arabera, eta lehentasun batzuk markatzen ditugu garrantzitsuenak zeintzuk diren jakiteko. Ez dago konponbide guztiak batera inplementatu beharrik; hobe da urratsez urrats joatea, konpainiek inbertsio handiak egiten baitituzte. Ongi jakin behar da zeintzuk diren konponbide garrantzitsuenak, enpresaren egungo egoera kontuan hartuta. Batzuetan, konponbide errazekin hasi behar izaten dugu, adibidez ERP baten ezarpenarekin, eta hori 4.0 Industriara iritsi baino askoz lehenagoko urratsa da. Batzuetan, hain teknologikoak ez diren gabeziak gainditu behar dira arazo aurreratuagoak konpondu baino lehen.

 

Zuen esperientziatik abiatuta, nola baloratzen duzue euskal ETEen digitalizazio maila?

Uste dut enpresen maila teknologikoa inplementazioaren teknologi maila baino hainbat urte atzerago dagoela. Oraindik asko dira lan maila oinarrizko eta tradizionalekin funtzionatzen duten ETEak. Badaude beste batzuk 4.0 Industriaren kontzeptuari merezi duen garrantzirik ematen ez diotenak. Azterketa teknologikoa egitea erabakitzen duten enpresek badute interesa konponbide teknologikoak inplementatzeko, hurrengo urteetan ezinbestekoa izango baita egunean egotea kalitatean, kostuetan eta denboran lehiatzeko.

 

Animatuko nituzke enpresak azterketa teknologikoak egitera. Bestalde, laguntza ematen diegu gure bezeroei euskal administrazioek azterketa teknologikoen programarako eskaintzen dituzten laguntza ekonomikoak kudeatzeko. Konpainia askok ez dakite laguntza horiek badirenik ere, nahiz eta kostuen portzentaje handi bat estaltzen duten eta garrantzitsuak diren, aukera ematen dutelako zure enpresaren azterketa egiteko eta zure premiei egokitzen zaizkien konponbideak eskuratzeko.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak