Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 12 apirila, 2019 Digitalizazioa I+G Industria adimenduna Smart Industry Programa

Ricardo González, SPYRO enpresako zuzendari nagusia: “Eraldaketa digitalaren trena hartzeko ezinbestekoa da ausardiaz jokatzea eta jakin-mina izatea”

Lainoko monitorizazio-sistema berritzaile bat da, zeinak automatikoki erregistratzen eta aztertzen baititu makinak CNC eta PLCen bidez atzemandako datuak
Ricardo González, SPYRO enpresako zuzendari nagusia.

 

SPYRO enpresak Vixion garatu du, Tecnaliarekin eta makina-erreminta sektoreko fabrikatzaile handiekin batera. Vixion monitorizazio-sistema bat da, jadanik martxan dagoena mundu osoko ehun bat makinatan.

 

SPYRO Software 1985ean sortu zen, Donostiako Gros auzoan, bost ordenagailuz hornitutako bulego txiki batean. Harrezkero, ezagutu dituzte Interneten eztanda, telefonia mugikorraren etorrera, ordenagailu pertsonalen potentzia handiagoa eta prestazio hobeak, eta, besteak beste, eraldaketa digitala. 34 urte geroago, SPYROk Gipuzkoako Teknologi Parkean ditu bulego zentralak, ordezkaritza bat du Zamudioko Teknologi Parkean eta 65 lagun enplegatzen ditu.  Enpresako zuzendari nagusi Ricardo Gonzálezek hizpide hartu ditu konpainia eta 4.0 Industriaren aldeko apustua.

 

Zein da SPYRO enpresaren jarduera?

Guk esan ohi dugu 360 graduko enpresa garela. Tresna- eta konponbide-eskaintza zabala dugu enpresen prozesuak errazago kudeatzeko. ERP konponbideak eskaintzen ditugu merkataritza eta zerbitzu arloetako enpresentzat, eta baita ere ERPa osatzeko hainbat konponbide (irrati-frekuentzia, B2B, gastu txartelen digitalizazioa, arriskuen kudeaketa, Business Intelligence, e.a.). Orobat eskaintzen ditugu cloud eta mugikortasun arloetako konponbideak eta Merkatu Adimeneko edo eCommerce esparruko zerbitzu espezifikoak. Eta, jakina, baita ere 4.0 Industriako konponbideak.

 

Zehazki, zein da SPYRO eta 4.0 Industriaren arteko harremana?

Hainbat urte daramatzagu “fabrika adimendunak” lantzen. Gure softwareak, gure ERP industrialak, lehen ere jasotzen zituen makinen datuak, eta Tecnaliako I+G sailarekin eta makina-erremintako fabrikatzaile handiekin (Zayer, Ibarmia eta Nicolás Correa) lau urtez lankidetzan aritu ondoren nazioarteko bokaziodun konpainia berri bat sortu genuen: Vixion Connected Factory. Makina fabrikatzaileentzako eta erabiltzaileentzako 4.0 konponbideak eta zerbitzu aurreratuak sortzen ditu, eta badu produktu izar bat: Vixion.

 

Zer da Vixion eta zein erabilpen ditu industria sektorean?

Lainoko monitorizazio-sistema berritzaile bat da, zeinak automatikoki erregistratzen eta aztertzen baititu makinak CNC eta PLCen bidez atzemandako datuak. Bere helburua da makinek errendimendu handiagoa izan dezatela. Vixion Espainiako makina-erremintako fabrikatzaile garrantzitsuenetako batzuekin batera garatu izanak balio erantsi handia eman dio gure konponbideari, zeina espreski zuzentzen baitzaie makina industrialen fabrikatzaileei nahiz horrelako makinen erabiltzaile eta jabeei. Gaur egun, mundu osoko 100dik gora makinak erabiltzen dute Vixion.

 

Nolako jarrera agertu dute ETEek eta gainerako enpresek 4.0 Industriarekin lotutako tresnak inplementatzeko orduan?

Uste dut Euskadik eta hemengo enpresek jarrera irekia dutela eraldaketa digitalarekiko; interesa agertzen dute eta hori ez da gutxi… Eta, jakina, enpresa aurreratuenak dagoeneko buru-belarri murgilduta daude eraldaketa digitalean. Benetako aldaketa kultural baten erdian gaude. Enpresa digitalaren kontzeptua sartu behar da antolakundearen kulturan. Ez da nahikoa CRM bat instalatzea edo onlineko denda bat sortzea, benetako eraldaketa kulturala lortu behar da. Teknologiari esker, enpresek beren lehiakortasuna hobetzen dute, prozesuak azkartzen dituzte, kalitate handiagoa eta kostu txikiagoa dute, merkatu gehiagotara iristen dira, eta abar. Helburua da industriak lehiakorrago izan daitezela eta arrakasta handiagoa lortzea maila globalean. Eta horretarako, ezinbestekoa da eraldaketa digitala gauzatzea; gaur egun inork ez du hori zalantzan jartzen. Adibidez, inbertsio txiki bat eginda posible da makina guztiak konektatzea, industria batean egiten ari direna ikustea eta, horrela, zehatz-mehatz detektatzea non eta zergatik jaisten den produktibitatea. Orobat posible da tresnak eta erremintak beren benetako desgastearen arabera aprobetxatzea, bota aurretik %30 gehiagoko errendimendua izan dezaten. Labur esanda, eskura dauzkagun Gauzen Interneteko aplikazio praktikoen inbertsio-itzulera hilabetetan neurtzen da, ez urtetan. Eraldaketa digitalaren trena hartzeko ezinbestekoa da ausardiaz jokatzea eta jakin-mina izatea. Eremu ezezagunak esploratu behar dira eta huts egiteko beldurrik gabe berritu behar da. Arriskutsua dena da geldirik geratzea eta ez aztertzea hobekuntzak dakartzaten gauza berriak.

 

Eta Euskadiren kasuan, nola aurre egin zaie hemen eraldaketa digitalaren eta 4.0 Industriaren erronkei?

Uste dut harrera bikaina izan duela Euskal Autonomi Erkidegoan, benetan iruditzen zait abantaila argia dugula beste autonomi erkidego batzuekin alderatuta. Abantailazko posizio horren atzean hainbat arrazoi daude, batetik, EAEko erakundeek 4.0 Industriari eman dioten babesa eta, bestetik, industria honi atxiki diogun ikuspegi praktikoa (dagoeneko hainbat ekimen dauzkagu martxan, kasu askotan ETEetan).

 

Zeintzuk dira 4.0 Industriak gainditzeko dauzkan ikasgaiak?

Ingeniaritzen eta teknologia berrien arloko ezagutzak uztartzen dituzten prestakuntzak behar ditugu. Diziplina anitzeko profilak behar dira, eta sektore nahiz ezagutza desberdinetako eragileen arteko negozio-ereduak. Argi dago zeintzuk diren abantailak, eta nahiz eta zenbait prozesu industrialetan denbora gehiago behar den heldutasun teknologikoa erdiesteko, oso tradizionalak diren industria batzuk -adibidez, automozioa- digitalizazio masiboa jasaten ari dira eta eraldaketa-prozesuan murgilduta daude. Gogora dakarkit 90eko hamarkadaren hasiera eta erdialdean bizitako garaia, 2000. urteko burbuila teknologikoa lehertu aurrekoa: gauza jakina zen Internetek goitik behera aldatuko zituela negozioak eta gizartea, baina inork ez zekien nola. Orain, aldiz, badaude hankaz gora dauden sektoreak.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak