Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Albisteak 25 iraila, 2019

Mundu osoko 577 startup berritzailek —iaz baino % 10 gehiago— eman dute izena BIND 4.0 azeleratzailearen 4. edizioan

Lehen edizioa egin zenetik, 70 startupek azeleratu dituzte beren negozioak programa horren bitartez, eta industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago garatu dira, parte hartu duten startupentzat 3,5 milioi euroko fakturazio erreala erdietsi dutenak
-

Hautagaitzak 78 herrialdetatik datoz. 293 Europakoak dira, horietako 81 Espainiakoak —iaz baino % 42 gehiago—, eta 70 Euskal Autonomia Erkidegokoak (39 Bizkaikoak, 18 Gipuzkoakoak eta 13 Arabakoak)

Azken hautaketa manufaktura aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreetako 52 trakzio-enpresek egiten dute eta abenduaren 20an emango da ezagutzera

Nazioarteko startupen eskaerek nabarmen egin dute gora. Horien artean daude nodo teknologiko nagusiak, hala nola Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Israel, Frantzia, Holanda eta Erresuma Batua.

Deialdi honetako nobedade nagusiak elikaduraren sektorea txertatzea eta goraka ari diren enpresen finantzaketa bultzatzeko Venture Club bat sortzea izan dira.

Lehen edizioa egin zenetik, 70 startupek azeleratu dituzte beren negozioak programa horren bitartez, eta industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago garatu dira, parte hartu duten startupentzat 3,5 milioi euroko fakturazio erreala erdietsi dutenak

 Industria adimenduneko BIND 4.0 startupen azeleratzaile publiko-pribatuak bere laugarren deialdirako izena emateko epea itxi du. Guztira 577 proiektuk eman dute izena, hots, aurreko urtean baino % 10 gehiago izan dira. Bilakaerak gorantz jarraitzen du, 2016. urtean 257 izan baitziren, 2017. urtean 385 eta joan den urtean 524. Gainera, parte hartzen duten herrialdeen kopuruak ere gora egin du: 3. edizioan 64 herrialdek parte hartu zuten eta azken honetan 78 dira. Gorakada hori, neurri handi batean, munduko nodo teknologiko nagusietatik —Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Holanda, Israel eta Erresuma Batua, nazioarte-mailan, eta Madril, Bartzelona eta Valentzia, estatu-mailan— datozen startupen parte-hartzearen ondorio da.

Ekimen horrek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren sostengua dauka, SPRI Taldearen bitartez gauzatua. Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapeneko agentzia Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistemaren buru da, UpEuskadi plataformaren bitartez.

Jasotako hautagaitzen jatorriari dagokionez, 70 hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan dute jatorria (39 Bizkaikoak, 18 Gipuzkoakoak eta 13 Arabakoak). Beraz, eutsi egin zaio joan den edizioan sortutako interesari, orduan euskal startupen 69 hautagaitza jaso ziren eta. Bestalde, 81 enpresak estatuan dute jatorria. Horrek adierazten du igoera nabarmena izan dela, joan den urtean baino % 42 gehiago dira eta. Laugarren edizio honetan, bestalde, gora egin du nazioarteko startupen interesak. Izan ere, joan den urtean 398 proposamen aurkeztu zituzten eta aurten 426 eskaera izan dira.

Jasotako nazioarteko hautagaitzen artean, nabarmentzekoa da lehen aldiz daudela Txinako, Japoniako edo Singapurko hautagaitzak, eta gora egin dutela, aurreko urteetakoen aldean, Erresuma Batutik (17), Ameriketako Estatu Batuetatik (17), Israeldik (5), Alemaniatik (21) edo Estoniatik (5) datozen startupek. Alabaina, Europaren presentzia gainerako kontinenteena baino handiagoa da oraindik ere, goraka ari diren 293 konpainiak eman baitute izena. Bestalde, Hegoaldeko Asiak 90 eskaera dauzka, 61 eskaera Hego Amerikatik datoz, 50 Ipar Amerikatik, 14 Mendebaldeko Asiatik, 60 Afrikatik, eta, azkenik, beste 9 izen-ematek Hego-ekialdeko Asian dute jatorria.

Dena den, Espainia dago sailkapenaren buruan, Euskal Autonomia Erkidegoa da hurrengoa, eta ondoren daude India (68), Mexiko (29), Italia (23), Alemania, Nigeria (19), Erresuma Batua (17), Ameriketako Estatu Batuak (17), Argentina (17), Kolonbia (17), Brasil (15) eta Frantzia (12).

Nazioarteko hautagaitzek izan duten igoera horrek nabarmentzen du Euskal Autonomia Erkidegoko BIND 4.0 azelerazio-programak nola jarraitzen duen mundu osoko industria adimendunaren ekintzailetzako eta berrikuntzako erreferente nagusien artean posizionatzen. Izan ere, BIND 4.0 programak 52 enpresa laguntzaile handi baino gehiago dauzka, sektoreko proiektu berritzaileenak hautatutako startupekin batera garatuko dituztenak. Laugarren edizio honetarako programarekin bat egin duten azken konpainien artean Coca Cola, Eroski, Uvesco Taldea, Unilever, Angulas Aguinaga, EDP, Avia eta Ferrovial daude. Erakargarri handia, inongo zalantzarik gabe, aurten parte hartuko duten konpainia eta ekintzaileentzat.

Fabrikazio aurreratua, energia, osasuna eta elikadura

 Laugarren edizio honetan izena eman duten startup guztiek kalitate handiko soluzio abangoardistak aurkeztu dituzte, prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko asmoz. Horretarako, teknologia guztiz berritzaileak aplikatzen dituzte, hala nola elkarlaneko robotika, gauzen Internet, adimen artifiziala, Big Data, zibersegurtasuna, errealitate birtuala eta areagotua, barnealdeko posizionamendu-sistemak, ikuspen artifiziala edo droneak.

Parte hartzeko eskaeren artean, nabarmentzekoa da startupen % 60k aurkeztu dutela besteak beste fabrikazio aurreratuaren arloan aplika daitekeen soluzio bat. Horren atzetik, osasunaren sektorean aplika daitezkeen teknologiak % 36 dira; ondoren, proiektuen % 31 elikaduraren sektoreari aplikatzeko modukoak dira, eta, azkenik, proiektuen % 31k energiaren segmentuan erabil daitekeen kasu bat dute.

Berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten 52 enpresa handi

BIND 4.0-ren laugarren edizioak nobedade handiak ditu. Alde batetik, trakzio-enpresak 40 ziren eta 52 dira aurten. Horien artean erreferentziako firma handiak daude, hala nola Ferrovial Servicios, EDP, AVIA, SNA Europe edo Sarralle, besteak beste, Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, ITP Aero, CAF, BTI, Quironsalud edo Siemens Gamesa bezalako izenei gehitzen zaizkienak.

Bigarren nobedadeak elikaduraren sektorea du protagonista, aurten egiten baitu bat azelerazio-programarekin. Horrela, “Food-Tech” sektore gorakorra aurreko edizioetan zeuden arloei —fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna— gehitzen zaie. Aurten, gainera, esparru horretako trakzio-enpresa gisa sartu dira Coca Cola, Unilever, Eroski, Uvesco Taldea, Angulas Aguinaga, Natra eta Okin.

Eta edizio honen azken nobedade gisa, BIND 4.0-k Venture Club bat sortu du, azeleratzailearen espezializazioarekin lerrokatutako inbertitzaileen kluba, azeleratzaileari laguntzeko zerbitzuak indartzea eta startup parte-hartzaileen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremanak sustatzea helburu duena, enpresa berrien garapena azeleratuko duten finantzaketa-aukera berrien garapena bultzatzeko.

Industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago eta 1.600 hautagaitza baino gehiago

BIND 4.0 2016. urtean jarri zen abian, nazioko zein nazioarteko startup berritzaileen eta enpresa handien arteko topagune gisa. Aukera bikaina da industriaren transformazio digitala bultzatzeko eta, aldi berean, erreferentziako bezeroen agertokietan teknologiak baliozkotzearen bitartez ekimen berritzaileen finkapena azeleratzeko.

Lehen edizioa egin zenetik, 70 enpresa sortu berrik azeleratu dituzte beren negozioak programa horren bitartez, eta industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago garatu dira, parte hartu duten startupentzat 3,5 milioi euroko fakturazio erreala erdietsi dutenak. Programak gero eta interes handiagoa erakutsi du mundu osoko startupetan, eta guztira 1.600 hautagaitza baino gehiago jaso ditu hasi zenetik —azken deialdi hau barne—. Izan ere, BIND 4.0-k fabriken digitalizazioa bereizgarri duen Laugarren Industria Iraultza garatzearen aldeko apustua egin du, eta mundu osoan berrikuntza eta startup onenak erakartzeko lehiatzen den ekintzailetza teknologikoaren erreferente bihurtu da.

BIND 4.0-k erakargarri handiak ditu goraka ari diren enpresentzat. Alde batetik, parte-hartzaile guztiek aukera izango dute beren produktua industriaren sektorean lider diren enpresetan baliozkotzeko, eta, gutxienez, 50.000 €-ko batez besteko zenbatekoa izango duen kontratu bat lortuko dute. Eta, bestalde, industria-merkatuko hedapena azeleratzeko aukera emango dien prestakuntza oso espezifikoa lortu ahal izango dute. Aldi berean, programari esker zenbait networking-jarduera egin ahal izango dituzte, Europan proiekzio handiena duten industria-ekosistemetako bat ezagutzeko eta beren startupak bertan posizionatzeko.

Garrantzizko datak:

  • 2019ko abenduaren 20a: hautatutako enpresak jakinaraztea.
  • 2020ko urtarrilaren 17a: azelerazio-programaren eta partnerrekiko proiektuen hasiera.
  • 2020ko uztailaren 3a: “Demo Day”, BIND 4.0-ren laugarren deialdiaren emaitzak aurkezteko jardunaldia.

BIND 4.0-ri buruz

Talentua eta startup onenak erakartzeko mundu-mailako lehiaren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoan fabriken digitalizazioa bereizgarri duen Laugarren Industria Iraultza deritzona garatzeko apustuaren emaitza da BIND 4.0 programa. Helburu horretan bildu dira Euskal Autonomia Erkidegoko eragile publikoak (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresa-korporazio pribatu nagusietako 52, baita laguntzaile teknologiko gisa parte hartzen duten nazioarteko punta-puntako konpainiak ere, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services.

Programak alde bien interesak uztartzen ditu: alde batetik, euskal enpresa handiek soluzio teknologiko berriak proposatzeko gai diren startupak behar dituzte, eta bestetik, BIND 4.0 programak laguntza ematen die startup horiei hainbat esparrutan, hala nola fakturazioan, entzute handiko bezeroen bidez merkaturako bidea zabaltzen eta garapeneko hasierako fasean inbertitzeko eta/edo finantzatzeko baliabideak ematen. Modu horretara bi helburu konbinatzen dira: goraka ari diren enpresa-proiektuak azeleratzea eta finkatutako konpainiei transformazio digitalerako bultzada ematea.

Lotutako albisteak

Los  donostiarras  ComexSoft  ganan  los  Premios  EmprendeXXI  como  la  start-up  con  mayor  potencial
11/03/2026 Ekintzailetza

Los donostiarras ComexSoft ganan los Premios EmprendeXXI como la start-up con mayor potencial

CaixaBank, a través de DayOne, Enisa, Gobierno vasco y BIC Gipuzkoa han celebrado en Donostia la entrega territorial de estos galardones de referencia para el ecosistema emprendedor vasco.

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

Euskadiko  ETEek  AAren  aldeko  apustua  bizkortu  dute,  Eusko  Jaurlaritzak,  IndesIAk  eta  BAICek  bultzatutako  prestakuntza-programaren  ondoren

Euskadiko ETEek AAren aldeko apustua bizkortu dute, Eusko Jaurlaritzak, IndesIAk eta BAICek bultzatutako prestakuntza-programaren ondoren

80 enpresa baino gehiagok erakutsi zuten hasieratik interesa ekimenarekiko, euskal enpresa-sarean AArekiko gero eta eskaera handiagoa dagoela agerian utziz

Nazioarteko  startupek  euskal  industriarekin  konektatu  dira  BIEMHn,  Eusko  Jaurlaritzaren  BIND  ekimenaren  bitartez
05/03/2026 Ekintzailetza

Nazioarteko startupek euskal industriarekin konektatu dira BIEMHn, Eusko Jaurlaritzaren BIND ekimenaren bitartez

Startupak korporazioekin, ETEekin, zentro teknologikoekin eta euskal industrian estrategikoak diren klusterrekin bildu dira. Azelerazio-programaren 10. edizioak Euskal Autonomia Erkidegoan murgiltzeko aukera, proiektu errealak eta tailerrak biltzen ditu.

Euskadik  bere  startupen  azken  berrikuntza  teknologikoak  aurkeztu  ditu  4YFNan
03/03/2026 Ekintzailetza

Euskadik bere startupen azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu 4YFNan

Euskadiko 12 startupek osasunaren, adimen artifizialaren, industria adimendunaren eta zibersegurtasunaren alorretan dituzten soluzioak aurkeztu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien laguntzarekin.

Mikel  Jauregi  Industriako  sailburuak  Schaeffler  enpresaren  lantegia  bisitatu  du  Elgoibarren,  industria-digitalizazioan  aitzindaria

Mikel Jauregi Industriako sailburuak Schaeffler enpresaren lantegia bisitatu du Elgoibarren, industria-digitalizazioan aitzindaria

Errodamendu-orratzen fabrikazioan espezializatuta dagoen Elgoibarko lantegian 240 langilek egiten dute lan, eta bertan dago Schaeffler Iberia lege-entitatearen egoitza soziala.  

Sormena  AA  ingurunean:  kaos  operatibotik  kontrol  estrategikora

Sormena AA ingurunean: kaos operatibotik kontrol estrategikora

Adimen artifiziala sormen-prozesuetan sartuta dago dagoeneko. Erronka ez da adimen artifiziala barneratzea, desordena operatiboa, egiletza galtzea eta mendekotasun teknologikoa ekiditeko irizpidearekin integratzea baizik.

Enpresek  bere  zibersegurtasuna  nola  ikusarazten  duten  birdefinitzen  duen  NNEAT  euskal  startupak  Europara  jauzi  egin  du
19/02/2026 Zibersegurtasuna

Enpresek bere zibersegurtasuna nola ikusarazten duten birdefinitzen duen NNEAT euskal startupak Europara jauzi egin du

Konpainiak IAko plataforma natibo bat bultzatzen du, zibersegurtasunaren arduradunei aukera ematen diena mehatxu aktiboekiko esposizio erreala bistaratzeko eta inbertsioak zehaztasun estrategikoarekin lehenesteko

Basque  Tek  Ventures:  deep  tech  teknologia  enpresa  berri  bihurtzeko  esparru  bat
11/02/2026 Ekintzailetza

Basque Tek Ventures: deep tech teknologia enpresa berri bihurtzeko esparru bat

Zientzia-ingurunetik merkatura igarotzeko bidean dauden deep tech teknologiei laguntzera bideratutako ekimena, prozesuari egitura eta jarraitutasuna emanez.

U-BAI  Faktoria  RK  Solutionsen  kapitalean  sartu  da  bere  hazkunde  estrategikoa  bultzatzeko
09/02/2026 Ekintzailetza

U-BAI Faktoria RK Solutionsen kapitalean sartu da bere hazkunde estrategikoa bultzatzeko

Ekimen honekin, U-BAI Faktoria eragile garrantzitsu gisa kokatzen da Urdaibai– Busturialderako suspertze eta inbertsio ekosisteman

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.