Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 18 iraila, 2018 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Juan Luis Elorriaga, robotika industrialaren aitzindaria Euskadin

Espainiako Robotika eta Automatizazio Elkarteko presidentearen aurreikuspenen arabera, makina-erremintaren sektorea goitik behera aldatuko da
Juan Luis Elorriaga.

 

Espainiako Robotika eta Automatizazio Elkarteko presidentearen aurreikuspenen arabera, makina-erremintaren sektorea goitik behera aldatuko da

Juan Luis Elorriagak, gaur egun J.K.E. Robotics elkarteko presidente eta Robotech Consulting enpresako kudeatzaile denak, ia 50 urte daramatza robotika industrialaren munduan lanean. Lehenengoetakoa izan zen (1973an) robot bat enpresa batean integratzen, ASEA S.L.-n (gaur egun ABB dena) hain zuzen. Berak eman zuen robotikari buruzko Estatuko lehen ikastaroetako bat 1979an. Ondoren, Gamesa taldeko Robotecsa enpresan eta Fanuc Robotics Ibérica enpresan lan egin zuen. 1993az geroztik, erantzukizunezko hainbat kargutan egon da Espainiako Robotika eta Automatizazio Elkartean, lehendakaria delarik 2009tik. Ondo ezagutzen ditu sektorea eta bere joerak, eta berarekin hitz egin dugu robotikak industrian duen etorkizunari buruz.

 

Zenbateko garrantzia du robotikak 4.0 Industriaren kontzeptuan?

Ongi bereizi behar dira robotika industriala eta zerbitzuen robotika. Robot industrialak funtzio anitzeko manipulatzaileak dira, automatikoki kontrolatzen direnak, hiru ardatz edo gehiagotan birprogramatu daitezkeenak, eta finkoak edo mugikorrak izan daitezke automatizazio industrialerako aplikazioen arabera. Gainerakoak zerbitzuetako robotak dira, eta osasun, aisialdi edo defentsa sektoreetara bideratuta egon daitezke. Robotika industrialak fabrika guztien produktibitatea hobetzen du, eta funtsezkoa da enpresen, batik bat, ETEen etorkizunerako. Industriak eraldatu egin behar du, eta robotika funtsezkoa da horretarako. 4.0 Industriaren bidez prozesuak automatizatu eta urrunetik kontrolatzen dira, eta robotika oinarrizkoa izango da langintza horretan.

 

Enpresa handiak kontzientziatuta daude digitalizazioaren eta prozesuen automatizazioaren garrantziaz, baina zer gertatzen da ETEetan?

ETEek eta Europako industria-ehun osoak arretaz begiratu behar diote Asian gertatzen ari denari. 2013tik Asia eta, bereziki, Txina, liderra da robot industrialen integrazioko rankinetan. Kalkulatzen da 2020an munduan instalatuko diren roboten %40 Txinan integratuko direla. Eta Txinaren atzetik datoz Japonia, Hego Korea eta Estatu Batuak. Robotikak produktibitatea, kostuak eta kalitatea hobetzen ditu. Europako ETEak atzeratuta gelditzen badira robotak integratzeko prozesuan, ezingo dira lehiatu herrialde horietako beste enpresekin eta desagertu egingo dira. Testuinguru honetan, funtsezkoa da erakunde publikoen laguntza ETEak erronka horien inguruan kontzientziatzeko eta funtsezkoa da baita ere laguntzak eman diezazkietela enpresei integrazio horri aurre egiteko. Azkenean, industriak ematen dio egonkortasuna gizarteari. Enpresak hobetzen baditugu, gizartearen egonkortasuna hobetuko dugu.

 

Zein aukera dauzka Euskadik robotikaren munduan?

Badaude ingeniaritza batzuk automatizazio-prozesuei buruzko aholkularitza eta laguntza ematen dietenak tamaina desberdinetako enpresei. Integrazioari dagokionez, Euskadin automozio sektore indartsua dugu, eta hain zuzen horixe da robotikaren erabilpenaren garrantziaz kontzientziatuen dagoen sektorea. Bestalde, Espainiako Robotika eta Automatizazio Elkartea (AER) bazkide kolaboratzaile gisa sartuko da Espainiako Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkartean (AFM), egiaztatu baitugu etorkizun hurbilean makina-erremintaren mundua zelula robotizatuak izango direla.  Makina-erremintaren bezeroek eskatu dute robotek egin ditzatela makinek fabrikatzen dituzten piezak kargatzeko eta deskargatzeko zamalanak, eta ez langileek. Horrek esan nahi du azkenean makinak zelula robotizatu bihurtuko direla, non elkarrekin nahastuko baitira robotak, sentsorika eta beste osagai batzuk. AFM elkarteko bazkide asko Euskadikoak direnez, gu elkartean sartzeak eragin handia izan dezake gure inguruan. Bestalde, AER elkartean ikusi dugu Mexikoko gutxienez 90 enpresak harremanetan jarri nahi dutela robotikaren integrazioaren arloko Espainiako enpresekin.  Mexikok 4 milioi auto fabrikatzen ditu urtero, eta Espainiak baino bi aldiz robot gehiago integratzen ditu bere fabriketan. Herrialdeen arteko lankidetza hori oso garrantzitsua izan daiteke, aukera bat izan daitekeelako sektoreko euskal enpresentzat.

 

Euskadik tradizio industrial handia du, eta robotak integratu izan ditu bere prozesuetan.  Zergatik ez da sortu inoiz robot industrialak fabrikatzeko konpainia propio bat?

Danobat enpresak aztertu zuen aukera hori 80ko hamarkadan, baina oso zaila da produktu lehiakor bat garatzea. Gaur egun, mundu mailan, hamar bat enpresak biltzen dute merkatuko portzentaje handi bat. Gainera, gure inguruan badaude robotikarekin lotura estua duten bi teknologi zentro, Tecnalia eta IK4, eta horiek badituzte bere konponbide propioak.

 

Zer egiten duzue J.K.E. Robotics eta Robotech Consulting enpresetan?

J.K.E.n sistema robotizatuentzako produktuak merkaturatzen ditugu. Akordioak dauzkagu Estatu Batuetako, Italiako eta Belgikako hainbat multinazionalekin, hainbat osagai hornitzeko: erremintarako aldagailu automatikoak, talken aurkako sentsoreak, kolektore elektrikoak edo robotentzako babes-zorroak. Plentzian (Bizkaia) ari gara lanean 1999tik. Lau urte lehenago Robotech Consulting jarri nuen martxan, zeinak laguntza ematen baitie enpresei automatizazio industrialeko teknologiak eta robotika integratzeko.

Lotutako albisteak

24 apirila, 2024 Digitalizazioa
114 enpresak hartu dute parte Euskadiko industriaren digitalizazioa sustatzeko kongresuan
Irakurri gehiago
23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak