Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 15 Marzo, 2019 Berrikuntza Digitalizazioa I+G Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa

Jesús de la Maza: “Ez da aski pieza bat ondo fabrikatzea, ziur jakin behar dugu bete ditugula fabrikatzailearen baldintzak”

Metrologia ekipoak fabrikatzen dituen Estatuko konpainia bakarra da

 

Innovalia Metrology enpresak 25 urtetik gora daramatza piezak neurtzeko tresnak eskaintzen enpresen lehiakortasuna hobetzeko

 

Innovalia Taldeko Innovalia Metrology dibisioa, metrologiara eta neurketa-tresnetara bideratua dagoena, hiru enpresaz osaturik dago, Trimek, Datapixel eta Unimetrik, eta hiru enpresa horiek ia 200 langile enplegatzen dituzte.  Trimek enpresak Arabako Zuia herrian du egoitza, metrologia ekipoak fabrikatzen dituen Estatuko konpainia bakarra da eta nazioarteko konpainia handiekin lehiatzen da. Innovaliak apirilaren 10etik 12ra Bilboko Euskalduna Jauregian antolatuko duen Metromeet -Metrologia Dimentsional Industrialari buruzko Nazioarteko Konferentzia- ekimenaren karietara, Innovalia Taldeko presidente Jesús de la Mazarekin hitz egin dugu neurketa-sistemek 4.0 Industrian duten garrantziari buruz.

 

Nolako garrantzia du metrologiak 4.0 Industriaren arloan?

Iraganean metrologia dimentsionala laborategiko jarduera bat zen, zeinaren bidez egiaztatzen baitzen piezak ongi fabrikatzen zirela, neurketetarako hezetasun- eta tenperatura-baldintza optimoetan. Fabrikazio lote bakoitzetik pieza bat ateratzen zen eta laborategira eraman. Ausazko pieza baten kontrol estatistikoa zen eta, akats bat detektatzen bazuen, ez zegoen prozesua gelditzerik. Orain badauzkagu teknologia azkarragoak, prozesatzeko gaitasun handiagoa, sentsore berriak… eta horri esker, neurketa-prozesuak integratu ditzakegu produkzio-linean, akats gutxiago egon dadin fabrikazioan.

 

Nolako neurketa-sistemak erabiltzen dira metrologian?

Ukimenezko neurketatik – haztagailuak zerabiltzana informazioa kalkulatzeko- kontakturik gabeko eskanerretara igaro gara. Azken horien artean badaude, adibidez, triangulazio bidez lan egiten duten lerroko sentsoreak. Sentsore horiek argi egituratu bat (adibidez laser bat) proiektatzen dute, piezan islatzen dena eta CMOS edo CCD teknologiadun kamera batera bidaltzen dena. Gero, neurketa-algoritmo batek zehazten ditu piezaren neurriak. Badaude pieza handien neurriei buruzko informazioa atzemateko beste sistema batzuk, potentzia handiagoko krater-laser bat erabiltzen dutenak.

Badaude, orobat, lerroak proiektatzeko ekipoak, aurrez ezarritako lerro edo koadro egiturak proiektatzen dituztenak, eta objektuaren posizioa atzematen duten kamerak. Lerroen neurriak ezagutuz gero, fotogrametria bidez posible da zehaztea pieza jakin baten ezaugarriak. Horiez gain, badaude bestelako ekipo eramangarriak, adibidez, kamera eta laserrez hornitutako pistola moduko batzuk, baina ez dira hain zehatzak. Gure neurketa-sistemak zehaztasun handikoak dira, 5 eta 10 mikra bitarteko balizko desbideratzeak baino ez dituztenak. Gainerakoak merkeagoak dira baina 100 mikra eta milimetro erdi bitarteko akatsak izan ditzakete.

 

Zeintzuk izan dira faktore erabakigarrienak neurketa-tresnen erabilpena zabaltzeko orduan?

Prozesamenduaren abiadura hazi egin da, datuak biltegiratzeko gaitasuna askoz handiagoa da eta dagoeneko aplikatu daitezke adimen artifizialeko algoritmoak. Badira 50 urte AA formulak aztertzen hasi ginela gure sektorean, baina ezin izan dira aplikatu prozesatzeko gaitasun jakin bat lortu arte. Orduan pentsatu ere egiten ez genituen gauzak posible dira gaur. Gainera, sentsorikaren prezioa jaitsi egin da azken urteotan.

 

Enpresak jabetzen dira metrologiaren garrantziaz?

Baietz esango nuke. Pixkanaka hazi den prozesu bat izan da, agian auto fabrikatzaileek bultzatua, hornitzaileak behartu dituztelako arlo horretan inbertitzera, baina bide luzea dago oraindik egiteko. Pieza baten neurketaren egiaztapena ezin da kalkulatu termino ekonomikoetan, baina frogatu badezakegu badugula kontrol eta trazagarritasun sistema bat piezak egokiak direla egiaztatzeko, askoz arazo gutxiago izango ditugu gure hornitzaileekin. Jadanik ez da aski pieza bat ondo fabrikatzea, ziur jakin behar dugu bete ditugula fabrikatzailearen baldintzak.

Zeintzuk dira Innovalia Metrology dibisioko enpresen funtzioak?

 

Trimek enpresak hiru dimentsiotan neurtzeko makinak egiten ditu. Makina mota desberdinak erabiltzen dira neurtu beharreko piezak duen tamainaren edo materialen tolerantzia dimentsionalaren arabera. Teknologia berrienak eta neurketarako softwarea eta sentsoreak integratu ditugu koordenatu bidezko neurketa-makinetan (CMMs).

Datapixel enpresaren laguntzaz, sentsorika aurreratua txertatu dugu gure prozesuetan. Horretarako, hiru dimentsiotan eskaneatzeko sentsore bat garatu dugu, neurketa-makinetan txertatzen dena eta posible egiten duena pieza bakoitzari buruzko informazio gehiago lortzea denbora gutxiagoan.  Datapixel enpresak neurketa-zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu, haztagailuen bidez eta kontakturik gabe, bai gure instalazioetan eta baita ere in-situ.

Azkenik, Unimetrik ENACen ziurtagiria duen laborategi bat da, neurketa-ekipoak egiaztatzeko eta kalibratzeko tresnak eta sistemak fabrikatzen dituena.

 

Zeintzuk dira metrologiaren arloan egin dituzuen apustu garrantzitsuenak?

Puntuak atzemateko teknologiaren kalitatea hobetu nahi dugu, gure neurketa-sistemak zehatzagoak izan daitezen. Aldi berean, memoria berriak txertatu behar ditugu eta datuak prozesatzeko prozesua optimizatu, informazio kopuru handiak sortzen ditugulako. Gure aurrerapen berriena eta handiena da M3 MH neurketarako plataforma, makina-erremintaren sektorera zuzendua dagoena. Plataforma hori gai da makina baten egoera kalibratzeko eta horrela jakiteko erabil daitekeen lanerako; horrez gain, piezak neurtu eta egiaztatu ditzake mekanizatu aurretik eta mekanizatu ondoren, eta makinatik atera beharrik gabe. Hori sekulako aurrerapena izan liteke fabrikazio sektorearen etorkizunerako. Plataforma batzuk ere garatu ditugu metalezkoak ez diren piezak neurtzeko, esaterako, plastiko berriz edo karbono zuntzez eginikoak eta material ilunekin egiten direnak.

Lotutako albisteak

29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 Berrikuntza
Gesklima: “Hazinnovak gure barne baliabideak hobeto optimizatzen eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digu”
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Berrikuntza
Álvaro Martínez de Lagos (Ulma Handling Systems): “Intralogistika robotizatuaren sektorea hazkunde handiko momentu paregabean dago”
Irakurri gehiago
16 iraila, 2024 Berrikuntza
Idertia: “Termoplastikoak injektatuz, piezak arintzea eta birziklagarritasun handia lortzen da”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak