Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 Azaroa, 2022 Digitalizazioa

Industriarako digitalizazio-proiektuetan izan duten esperientzia partekatu dute 77 enpresak

SPRIk antolatutako “ENPRESEN NETWORKING-A – Smart Industry” jardunaldian 250 bilera egin dira Euskadiko produkzio-enpresen eta industriarako EIKT hornitzaileen artean

Automobilgintza, aeronautika, energia eta makina-erremintako 77 euskal enpresa industrialek ezagutzera eman dituzte euren lan-esparruetan garatutako digitalizazio-proiektuetan izan dituzten esperientziak, eta aukera izan dute 250 kontaktu egiteko euren negozioak hobetu ditzaketen teknologietan (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT): fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratiboa, sistema ziberfisikoak, errealitate areagotua, errealitate birtuala, ikusmen artifiziala, cloud computing, big data edo zibersegurtasuna) espezializatutako hornitzaileekin.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez urtero antolatzen duen “Enpresen Networking-a 2022 – Smart Industry” topaketaren helburua da erakunde arteko lankidetza sustatzea, EIKTak produkzio-prozesuetan integratzeko eta, bide horretatik, enpresetan Industria Adimenduna garatzeko. Laburtuz, asmoa da eraldaketa digitala aktibatzea lehiakortasunerako palanka bezala.

Jardunaldira azaldu dira produkzio-industriako eta industria digitaleko 77 enpresatako 116 profesional eta 250 bilera egin dira, zeintzuetan agerian jarri diren negozio industrialen errentagarritasuna hobetu dezaketen aukera berriak.

Hiru esperientzia zehatz

Jardunaldian, industria arloko hiru konpainiak eraldaketa digitaleko prozesuan izan dituzten esperientziak partekatu dituzte.

 Batetik, ACITURRI Tech enpresako zuzendari Carlos Noriegak ezagutzera eman du bere esperientzia Prozesu Administratiboen Automatizazioan, zeinetatik sortu zen ACITURRI Tech spinoff-a. Prozesu horri esker, % 20 gutxitu da langileek ataza robotikoei eskaintzen dieten ordu kopurua. Proiektua balio-katearen digitalizazioan zentratu da, eta prozesu administratiboak azkartu ditu.

Einnek enpresako bazkide fundatzaile eta zuzendari Javier Gonzálezek fokua jarri du amaierako bezeroarekiko elkarreraginean, hasi produktua garatzeko hasierako fasetik eta prozesua bukatu arte. Azpimarratu du Datuen Analisia ari direla lantzen, eta datu horiei balioa emateko erronka.

Azkenik, Pierburg, S.A. enpresako Carlos Echevarríak bere sektoreko bi errealitate nabarmendu ditu Industria adimenduneranzko trantsizioa hitzaldian: batetik, Teknologiaren sinplifikazioa, hau da, osagai gutxiago fabrikatzeko joera (auto elektriko bat egiteko 200 pieza inguru bakarrik behar dira), eta bestetik, merkatuari dagokiona, belaunaldi berriek ez diotelako lehentasunik ematen ibilgailu bat erosteari.

Echevarría bere negozioaren dibertsifikazioaz mintzatu da eta azaldu du nola egin duten aurrera produktu biometrikoen berrikuntzan eta txartelen fabrikazioan.

Barne kudeaketako hainbat kontu ere azpimarratu ditu, esanez maila horretan bazituztela hainbat sistema, integrazio-prozesuan daudenak: langilearen ataria, Giza Baliabideen ataria, kalitatea, logistika, trazagarritasuna, produkzioa denbora errealean bistaratzea eta mantenimendua.

Euskadi toki onean dago digitalizazio arloan, Europako batez bestekoa baino 10 puntu gorago

 Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendari Leyre Madariagak inauguratu du jardunaldia, eta hauxe nabarmendu du: “Adituen iritziz, berrikuntza digitalari errentagarritasuna ateratzeko ezinbestekoa da antolakunde guztia lerrokatuta egotea eta, horrekin batera, aukeraketa estrategiko bat egitea eta tresna propioak zein inork garatutakoak aplikatzea komunitate baten baliabideak aprobetxatuz”. Testuinguru horretan gogora ekarri du IDCk 2026rako eginiko aurreikuspena, zeinaren arabera berrikuntza digitala sortuz arrakasta lortzen duten enpresek produktu, zerbitzu edo/eta esperientzia digitalen bidez lortuko dituzte beren diru-sarreren %25 baino gehiago.

Madariagak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Euskadi posizio onean dago digitalizazio arloan, Europako batez bestekoa baino 10 puntu gorago, Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eginiko “Ekonomia eta Gizarte Digitalak Euskadin (DESI 2020)” txostenaren arabera. Azterlan horrek erakusten du Euskadi digitalizazio arloko herrialde “aurreratuen” multzoan kokatzen dela Europako herrialdeen sailkapenean.

Ondoren, Gaia klusterreko zuzendari nagusi Tomás Iriondok nabarmendu du lau osagai jorratu behar direla Eraldaketa Digitalean aurrera egiteko:  IOT – Datu fidagarriak biltzea, Adimen Artifiziala, Datuen analitika, Adimen Esperientziala (Errealitate Birtuala…) eta Zibersegurtasuna.

Iriondok bukatu du esanez Eraldaketa Digitalak baliagarri izan behar lukeela errutinazko  lanetatik askatzeko, eta etorkizuneko merkatua Digital Service Flow gisa irudikatzen duela (hots, datuetan eta denbora errealean oinarritutako zerbitzu pertsonalizatu proaktiboak).

SPRI Taldea lanean ari da Euskadi 2030 Agenda Digitala garatzeko eta euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko. Eta horretarako, enpresen zerbitzura jartzen ditu behar dituzten zerbitzu, aktibo eta laguntza guztiak.

 

Lotutako albisteak

27 urtarrila, 2023 Digitalizazioa
CreativiTIC: “Errealitate birtual eta areagotuaren esparruan trebatu nahi diren pertsonak aurkitu nahi ditugu”
Irakurri gehiago
25 urtarrila, 2023 Digitalizazioa
Sherpa.ai-k datuen pribatutasunari aplikatutako Adimen Artifizialeko plataforma bat iragarri du
Irakurri gehiago
25 urtarrila, 2023 Digitalizazioa
Elmek bere bezeroen digitalizazio prozesuetan laguntzen du, ‘industria adimenduna’ bultzatzeko xedearekin
Irakurri gehiago
24 urtarrila, 2023 Digitalizazioa
Sergio Gilek, Tecnaliako Adimen Artifizialeko arduradunak, inauguratuko ditu BAICorner solasaldiak
Irakurri gehiago
13 urtarrila, 2023 Digitalizazioa
I-Batu-k metalgintza-sektoreari SaaS plataformen bidez saltzeko ziklo osoa eskaintzen du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak