Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 ekaina, 2020 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Euskal unibertsitateak 4.0 Industriak dakartzan erronken aurrean

UPV-EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateetako arduradunek aztertu dute nola aurre egin teknologia berrien bilakaerak dakartzan aldaketei

 

UPV-EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateetako arduradunek aztertu dute nola aurre egin teknologia berrien bilakaerak dakartzan aldaketei

 

Euskal unibertsitateek ongi dakite teknologia berriak biziki garrantzitsuak direla arlo askotan, hala nola, osasunean, hiri adimendunetan, etxeetan edo 4.0 Industrian. Horregatik, azken urteotan prozesu bat abiatu dute titulazioak berritzeko eta titulazio berriak sortzeko, enpresek izango dituzten etorkizuneko premietara eta eskatuko dituzten lan-profiletara egokituta. Ingeniaritza karreretan edo Lanbide Heziketan eskaintzen den prestakuntzaz harago, UPV-EHUk, adibidez, puri-purian dauden arloei buruzko masterrak diseinatu ditu: Fabrikazio Digitala, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak; Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotika; Material Aurreratuen Ingeniaritza, Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia edo “Mikrouhinetako Elektronika eta Optika Berritzaileak” Erasmus Mundus Masterra. Horrez gain, badauzka titulu propioak ere, hala nola: 4.0 Industriarako Datuen Analitika Prediktiboko Proiektuak (Unibertsitate Espezializazioa); Elementu Finitoen bidezko Ingeniaritza, Kalkulu eta Zenbakizko Simulazioa (Unibertsitateko Aditua); BIM Manager (Unibertsitateko Aditua); Interneterako eta 4.0 Industriarako Zibersegurtasuna (Unibertsitateko Aditua).

 

Mondragon Unibertsitateak ere badauzka Unibertsitate Masterrak, hala nola: Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko masterra (zerbitizazio kontzeptuarekin erlazionatua); Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako masterra (berrikuntzan zentratzen dena); Robotika eta Kontrol Sistemen masterra; edo Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-konputazioko masterra.

 

Bestalde, hauek dira Deustuko Unibertsitateak bere ikasleei eskaintzen dizkien masterrak: Automozioko Diseinu eta Fabrikazioa, Informatikako Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza; Industria Antolaketako Ingeniaritza, Industria Automatizazio, Elektronika eta Kontrola; eta Diseinu Estrategikoa. Horiez gain, badauzka Robotikako Ingeniaritzako gradua, Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko gradua eta Industria Digitaleko gradu duala. Halaber, gradu horiekin lotutako titulu propioak eskaintzen ditu, hala nola, Data Analytics, Enpresaren Eraldaketa Digitala, eta Bideo-jokoak, Errealitate Birtuala eta Areagotua. Betiere ahaztu gabe badituela 4.0 Industriako eta Big Data eta Business Intelligence-eko etengabeko prestakuntza programak.

 

Argi dago hiru euskal unibertsitateek prestakuntza-programa osotua eta anitza eskaintzen dietela 4.0 industriako etorkizuneko langileei. Baina ikusirik lan-merkatua oso aldakorra dela, teknologia berrietan oinarritutako lanpostu berriak sortzen ari direla, eta ikasketak zaharkiturik gelditu daitezkeela eraldaketa digitalaren ondorioz, ikasle askok goitik behera aztertu nahi dute zein ibilbide aukeratu. Zentzu horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko Txelo Ruizek (Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea) uste du “4.0 Industrian prestakuntza teknikoa, teknologikoa eta zientifikoa duten profilak nagusituko direla: hau da, Ingeniaritzak, Informatika eta Adimen Artifiziala, eta baita ere Matematika edo Fisika, adibidez”.

 

Pablo García Bringas, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Kanpo-harreman, Etengabeko Prestakuntza eta Ikerketako dekano-ordearen (Deustuko Industria Digitaleko Katedraren sustatzailea) arabera, “gaur egungo ingeniaritza-profilen eskaerak titulatu berrien eskaintza saturatu du, eta badago lana gure titulazioetan ikasketak bukatzen dituzten ikasle guztientzat. Badirudi datozen urteetan profil tekniko eta teknologikoen eskaerak handia izaten jarraituko duela, egun bizi dugun ziurgabetasuna gorabehera. Profil horiei eskatzen zaie ez bakarrik teknologiak ongi ulertzea, baizik eta baita ere gai izatea ondoko hauek aplikatzeko: arkitektura digitalak, eredu matematiko deskribatzaile eta prediktiboak eta negozioetan jauzi kualitatiboak eragin ditzaketen adimen artifizialak”.

 

Bestalde, Miren Illarramendik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) irakasle eta ikerlari eta Software eta Sistemetako ingeniari adituak eta Nekane Errastik, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko koordinatzaile akademikoak, aitortu dute “zaila dela etorkizuna iragartzea, are gehiago gaur egun bizi dugun egoeran, baina Europan egin diren azken joera, ikerketa eta analisiek diote ingeniari eskaera handia egongo dela… IoT plataformak -produktu baten bizi-zikloko urrats desberdinetako sistemak batzeko aukera ematen dutenak- diseinatu, martxan jarri, eguneratu eta mantentzeko gai izango diren profilak, datuak aztertzen dakitenak, enpresa barruko prozesuak ondo ulertuko dituztenak… horixe da eskatuko dena. Funtsean, egungo arazoak birkonfiguratu eta konponbide berriak bilatzen jakingo dutenak”.

 

Profil berriak

Badirudi etorkizuneko lanpostuek ezagutza tekniko eta teknologiko gehiago izango dituztela, eta teknologien aurrerapenaren ondorioz, langileek etengabe eboluzionatu eta ikasten jarraitu beharko dutela. Horrek esan nahi du, norbere gaitasunez harago, ikasleek jarrera eta ezaugarri jakin batzuk eduki behar dituztela; hau da, profil edo skill deitzen diren horiek. “Kualifikazio zientifiko eta teknologikoak berekin ekarri behar ditu orobat balore etikoak eta adimen emozionalaren garapena” azaldu du Txelo Ruizek. “Pentsamendu kritikoa, berritzeko eta ekintzailetzarako gaitasuna, informazioaren kudeaketa eta hiritartasun digitalaren garapena, komunikazioa eta eleaniztasuna bultzatzea, konpromiso soziala, autonomia pertsonala eta auto-erregulazioa, taldean lan egiteko gaitasuna, eta oinarri etiko sendoa eta erantzukizun profesionala” dio UPV-EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

 

Mondragon Unibertsitateko ordezkariak bat datoz esatean ikasleek komunikatzaile onak izan beharko dutela, eta konponbide berriak proposatu eta aukera desberdinak ebaluatu beharko dituztela. “Ikasi beharko dute oraindik ezagutzen ez dituzten egoeretan pentsatzen, konponbideak aurkitzeko egoera ezezagun horientzat. Horretarako, pentsamendu kritikoa izan beharko dute eta gai izan beharko dute egoera jakin bat ebaluatu eta horren araberako erabakiak hartzeko. Orobat garrantzitsua izango da gai izatea taldean lan egiteko. Eta beti kontuan izanik egiten den orok zentzua eta balio soziala izan behar duela”. Deustuko Unibertsitatean beste ezaugarri batzuk sartu dituzte lanerako kualitateen koadro horretan: “sormena, gaikuntza, ezagutza eta ezagutzaren aplikazio transbertsalak, enpatian, baikortasunean eta erresilientzian oinarritutako benetako talde-lana, ibilbide profesional osoan ikasten jarraitzeko eta ongia komunean eta jasangarritasunean estrategikoki pentsatzeko gai diren profesionalak, bai antolakundeari dagokionez, eta bai Gizarte osora begira”.

 

Hori guztia kontuan izanik, ADN teknologikoa duten enpresak ohartzen hasi dira gutxi direla zibersegurtasun, datuen analitika edo adimen artifizialeko arloekin lotutako lanpostuetan jarduteko gai diren profesionalak. Ikasketa teknikoenetako matrikulazioak -adibidez ingeniaritzetakoak- behera egin du azken urteetan, eta badirudi titulazio horiek dagoeneko ez direla oso erakargarriak gazteentzat. Motibazio falta horren aurrean, Deustuko Unibertsitateko Pablo García Bringasek dio “titulazio teknikoek enplegagarritasun-maila handia bermatzen dutela, baina horrez gain, lanbide horiek aukera ematen dutela lan arloan osoki garatzeko, erronkaz eta aukeraz betetako ibilbide luzea eskaintzen dutelako. Horregatik, Gizarte gisa, titulazio horietara bideratu beharko genituzke gazteak, aitzindari bihurtuko direlako jasangarritasun ekonomikoaren arloan”.

 

Mondragon Unibertsitateko Miren Illarramendi eta Nekane Errastik uste dute ikusgarritasuna eman behar zaiela erreferenteei, eta hizkera naturala (ez teknikoa) erabili behar dela azaltzeko zer egiten den lanbide honetan eta zein konponbide baliatzen diren: “Funtsezkoa izango da ekitaldiak antolatzea arlo horiek gazteei hurbiltzeko. Garrantzitsua litzateke ingeniaritzak sozializatzea”. UPV-EHUko Txelo Ruizek dio kontzeptu horiek askoz errazago barneratuko direla prestakuntza eta orientazioa irakaskuntzaren fase goiztiarretatik praktikatzen badira. Gainera, nabarmendu du “beharrezkoa litzatekeela ingeniaritza eta informatika arloetako genero etena desagerraraztea, oso maskulinizatuta daudelako; hori lortuko balitz, orekatu egingo genituzke oso feminizatuta dauden beste arlo batzuk, adibidez medikuntza eta, batik bat, erizaintza”.

 

Teleprestakuntza COVID-19ari aurre egiteko

Euskal unibertsitateek badute ahaztu ezin dugun beste erronka bat: nola irakatsi behar da COVID-19ak eragin duen itxialdiaren ondoren? Mondragon Unibertsitateko ordezkariek diote oso arin eta azkar egokitu zirela eta erantzun azkarra eman ziotela egoera berriari: “Ikusi dugu posible dela prestakuntza urrunetik ematea eta urrunetik ebaluatzea. Paradigma aldaketa garrantzitsua da, agian oraindik erabat osatu ez dena, baina esango nuke bide onetik goazela. Bai gu eta bai ikasleak ohituta gaude formatu presentzialera, non hobeto lantzen baitira gorago aipatu ditugun skill horietako asko. Hurbiltasuna lagungarri da erabakiak hartzeko, taldean lan egiteko, balorazioak egiteko… edo hori uste genuen orain arte”.

 

Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek diote pandemiak arrasto sakona utziko duela hezkuntza arloan: “Prestakuntza presentziala elementu ordezkaezina izango da hemendik aurrera ere, baina krisiak irakaskuntzako beste tresna batzuk indartu ditu. Uste dut onlineko metodologiak asko zabalduko direla etorkizunean, talde txikietako zeregin presentzialekin konbinatuta, eta metodologia horietan bilduko dira gaitasun transbertsalak nahiz titulazio bakoitzeko gaitasun espezifikoak barneratzeko prozesuak”.

 

Deustuko Unibertsitateak gogoratu du COVID-19ak eragindako alarma-egoera izan dela jarduera profesionalaren digitalizazio-eragile handiena: “Unibertsitateko prestakuntzak modu berriak aurkitu ditu ikasleen ikaskuntza aberasteko, gehiago oinarritzen direnak komunikazio-kanal digitaletan eta euskarri digitaletan (adibidez, plataformak, e.a.). Era berean, prestakuntza presentzialean funtsezkoak diren beste alderdi batzuk (adibidez, ikasle eta irakasle arteko elkarreragin zuzena) bigarren mailara pasa dira. Ziurgabetasunez betetako une honetan, badirudi prestakuntza eredu hibrido eta erdi-presentzialen bitartez garatuko dela, bermatu beharko delarik ikasleak bi munduetako ezaugarri onenak barneratzen dituela”.

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Elgar Works: automobilgintzako piezen egiaztapen automatiko berria garatzen ari den Arabako enpresa
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Miesa Bizkaiko enpresak soluzio integralak eta neurrira egindakoak eskaintzen ditu automatizazioaren eta industriako kontrolaren arloan
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Industria Sailak Eraldaketa Digitalarekin konpromiso handiena duen administrazio publikoaren saria jaso du
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Ametsek piezak planopean mekanizatzen ditu, dibertsifikatutako industria-sektore baterako
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
INARTRANS 4.0 proiektuak Adimen Artifiziala garraio instalazioen eraikuntzan integratzeko lan egiten du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak