Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 14 urria, 2019 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Digital Enterprisek enpresei laguntzen die eraldaketa digitaleko prozesuetan

Euskal konpainiak antolaketa-sistemek informazio-fluxuak hobetzeko duten garrantzia nabarmendu du

 

Euskal konpainiak antolaketa-sistemek informazio-fluxuak hobetzeko duten garrantzia nabarmendu du

 

 

Edozein erakunderen eraldaketa digitala helburuen ezagutzan oinarritu behar da teknologia bat ala bestea aukeratu baino lehen. Digital Enterprise kontsultoretzak esperientzia luzea lortu du hainbat enpresari eraldaketa digitaleranzko prozesuan emandako laguntzan. Getxoko egoitzan hogei bat langile dituela, aspaldi honetan bulego berri bat ireki du Madrilen. Eraldaketa digitalaren eta 4.0 Industriaren erronkez mintzatu gara Carlos Bayona Digital Enterpriseko CEOarekin.

 

Zein da Digital Enterpriseren jatorria?

Digital Enterprise duela 3 urte abiarazi zen, baina enpresaren bultzatzaileok 23 urteko esperientzia genuen beste konpainia batean. Hasieran, plagintza-sistemen antolaketa eta ezarpenari buruzko kontsultoretzan espezializatuta geunden, baina denboraren poderioz, eragiketen kudeaketa, MOM edo MES sistemen ezarpena eta lantegiko ingeniaritza eta automatizazioari dagokion guztia gehituz joan gara.

 

Nolako zerbitzuak eskaintzen dizkiozue enpresas industrialei?

Une honetan, enpresaren egoerari buruzko diagnosia eskaini ahal diegu 4.0 Industriari eta eraldaketa teknologiari dagokienez. Enpresaren helburuak zehazteko planak lantzen ditugu eta, horien arabera, helburu horiek gauzatzeko behar diten teknologiak aztertzen ditugu. Teknologia horiek inplementatzerakoan, mundu osoko maila goreneko fabrikatzaileekin lan egiten dugu, baina bezeroak aurretiaz sistemak edo teknologiak ezarriak baldin baditu, horiei probetxua ateratzen saiatzen gara. Eragiketetan, ekoizpena programatzeko plangintzan, ekoizpenaren kudeaketan, mantentze-lanen kudeaketan eta automatizazio industrialean espezializatuta gaude, baina bezeroak diseinuko produktuaren ingeniaritza-sistemak edota salmentak nahiz produktuak konfiguratzeko sistemak behar baditu, hainbat partenerren laguntza dugu hori egiteko.

 

Edozein enpresak, eraldaketa digitaleko prozesuari ekiterakoan, helburuak argi izan behar ditu. Ohikoa al da zuen bezeroek plan estrategikoa taxutua izatea?

Bi bezero mota ditugu. Batzuek oso argi daukate nola hobetu behar dituzten ekoizpenaren plangintza, zenbait ildoren automatizazioa edota arlo jakin batzuetako mantentze-lanak, eta aholkularitza globalagoa eskatzen digute. Alabaina, zenbait enpresatan uste dute teknologia erosiz gero arazo guztiak konpon ditzaketela. Teknologia zoragarria da. Egun hain garatuta dago, ezen, ia-ia denetarik egin baitaiteke, baina enpresak ez badu antolatzeko modua aldatzen, nekez aterako du kontuan hartzeko moduko mozkinik teknologia inplementatzean. Teknologia baino ez baduzu jartzen, antolaketa berari eutsiz, emaitzak oso pobreak izango dira. Gure kasuan, enpresa nola antolatuta dagoen aztertzen dugu, noraino inplementatu ahal diren sistemak, eta gero, enpresa antolaketa-mailetan gora eginez joan dadin saiatzen gara. Horixe da bikaintasunerako bidea edo Smart Factory deritzoguna.

 

Zuen apustua antolaketa arloko kontsultoretza da, teknologiaren aurretik. Zergatik da horren garrantzitsua alderdi hori?

Enpresa gehienek ERP deritzon kudeaketa-sistema erabiltzen dute, baina horren helburua negozioa kudeatzea da, ez lantegia kudeatzea. Papereko oharren bitartez, Excell orrien laguntzaz edota erabiltzaileen datu-baseak erabiliz, sistema horien gaineko garapenak ere egin dira lantegiko gauzei ekiteko. Negozioa kudeatzeari dagokion guztia ondo eginda dago, baina eragiketen, fabrikazioaren, mantentze-lanen zein kalitatearen kudeaketari erreparatzen badiogu, argi dago informazioa ez dela behar bezala igortzen edo pertsona jakin batzuen buruan, paperean edo datu-basean bilduta gelditzen dela sistema horiexen erruz. Guk iradokitzen diegun teknologiak produktiboagoak izaten laguntzen die beren eginkizunetan, baina batez ere, eginkizun horiek komunikatuta egon daitezela laguntzen die. Horren adibidea da ekoizpenaren plangintza. Planifikatzeko, eskura izan behar dituzu ERParen fabrikazio-aginduak, ingeniaritzako osagaien zerrenda eta aurreikusitako erosketak, noiz iritsiko diren kalkulatzeko, eta horrekin batera, kontuan hartu behar dituzu prozesu eta makina bakoitzari dagozkion ekoizpen-murrizketak. Komunikazioa ona ez bada edo daturen bat aldatzen baldin bada, antolakundea blokeatzeko moduko nahaspila sor daiteke, entrega-epeen kaltetan edota epe horiek betetzeko aparteko orduak egitera eta presazko garraioak erabiltzera behartuz. Makinatik negozioaren antolaketaraino informazio-fluxu egokia egotea da enpresari malgutasuna eta lehiakortasun handiagoa eman, epeak gainkosturik gabe bete eta ekoizteko modu optimoagoa aurkitzen lagunduko diona.

 

Zein da zuen soluzioa esparru horretan?

Geurea, MES softwarea eta Ekoizpen-Plangintza Aurreratuko soluzioak, APS (Advanced Planning and Scheduling) delakoa. Orain, MES kontzeptutik MOM (Manufacturing Operations Management) kontzeptura igaro da, ekoizpena gauzatzearekin batera mantentze-lanak, kalitatea eta abar uztartuz. Geure aldetik, Auto-MES deritzon plataforma propioarekiko integrazioa garatu dugu, enpresaren ERP sistema MESekin denbora errealean lotuta dagoen APS sistemarekin konektatzeko, eta MES sistema automatekin, PLCekin eta SCADA sistemekin lotzeko, bezeroaren eskaria iristen denean, planifikatu eta fabrikaziora igarotzeko aukera errazteko asmoz. Puntu hau oso bereizgarria da gure kasuan, izan ere, gure lehiakideak MESen, APSen edota automatizazio industrialean trebatutako adituak dira. Guk soluzio horiek batera eskaini ahal dizkiegu bezeroei.

 

Hala ere, gero eta gehiago dira 4.0 Industriari lotutako teknologiak, eta gero eta konplikatuagoak. Ez dakit hori onuragarria ala kaltegarria den zuen lanarentzat.

Bezeroek hitzaldi eta azoketara joan eta era askotako soluzioak ikusten dituzte. Baina kontua ez da teknologia ikustera joatea, nola aplikatu ahal dudan ikastea baino. Alderantzizko kontua da: nola zauden, nola egon nahi duzun eta nolako helburuak dituzun jakitea, eta galdera hauetarako erantzunak argitu bezain laster, helburu horiek lortzeko teknologia egokia bilatuko dizugu. Egungo merkatuak produktu pertsonalizatuagoak eskatzen dizkie gure bezeroei, lote txikiagoetan fabrikatuak, horniketa ere epe laburragoetan egiteaz gain. Horiexek dira helburu nagusiak. Prezioa eta kalitatea ere kontuan hartu behar dira, noski. Ondorioz, kasu bakoitzari egokitutako soluzioak zehaztu behar dira, antolaketa-moduaren arabera. Hardwarea oinarri duten teknologien laguntzaz (sentsoreak edo sistemetako nahiz automatizazioko automatak, kasu), edota prozesuak, informazio-fluxuak eta erabakiak hartzea hobetuko dituzten softwareen bitartez. Eskuragarri dagoen aldian aldiko teknologia aztertu behar da zein erabili behar dudan erabakitzeko, abian ditudan teknologien osagarri eta antolaketa hobetzeko. Gauza bera egiten duten enpresek antolaketa-modu desberdinak izan ditzakete. Batak prezioa har dezake estrategiaren oinarritzat, eta besteak kalitatea… Antolatzeko eta jarduteko modu desberdinak dituzte. Ondorioz, erabili beharreko teknologiak ez du zertan berdina izan batean ala bestean.

Lotutako albisteak

5 iraila, 2024 Digitalizazioa
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Azpiegiturak
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2024 Digitalizazioa
Worköholics: “Agenatzia gisa bereizten gaituena esperientzia digitalak sortzea da”
Irakurri gehiago
Iñaki Aldama, Bullhost 23 maiatza, 2024 Digitalizazioa
“Sarera konektatuta dagoen edozein aparatu sarrerako ate bat da eraso bat jasotzeko”
Irakurri gehiago
17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak