Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 13 otsaila, 2023 Finantziazioa

1.400 inskripzio baino gehiago jaso dira ETEentzako 2023rako laguntzen aurkezpenetarako, oraindik 10 egun falta badira ere

Izena emateko epea zabalik egongo da aurkezpen-ekitaldien egunera arte (otsailak 24, 27 eta 28)

Nahiz eta oraindik hamar egun falta diren eta izena emateko epea zabalik egongo den aurkezpen-ekitaldien egunera arte, dagoeneko 1.400 baino gehiago dira izena eman duten euskal enpresak (ETEak, enpresa handiak zein startupak) eta arrantza zein nekazaritza sektoreetako eragileak. Jardunaldi horietan zuzenean ezagutu ahal izango dituzte Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2023rako diseinatu dituen laguntza-programa eta zerbitzuen edukiak, helburuak, aurrekontuak eta ezagutu beharreko gainerako alderdi guztiak. Guztira 83 programa dira eta 600 milioi euro inguruko aurrekontua dute.

ETEentzako 2023rako laguntzak hiru bloke nagusitan aurkeztuko dira onlineko hiru jardunalditan (otsailak 24, 27 eta 28), eta Arantxa Tapia sailburuak emango die hasiera aurkezpen jardunaldi horiei. Saileko sailburuorde eta zuzendariek eta, hala badagokio, Sailaren menpeko sozietateen zuzendariek emango dituzte laguntzei buruzko azalpenak.

Dagoeneko zabalik dago onlineko jardunaldietan izena emateko epea, eta izena ematen dutenek esteka bat jasoko dute ekitaldian parte hartzeko ekitaldia baino egun batzuk lehenago.

Tapiak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik azpimarratu duten bezala, “aurrekontuak dira gure enpresei laguntzeko tresna garrantzitsuena, eta argi daukagu aurrekontuen zati bat enpresa txiki eta ertainei, ETEei eta mikroenpresei bideratu behar zaiela. Zentzu horretan, pentsatuta daukagu horrelako enpresentzako laguntza-plan espezifiko bat sortzea. Ziur gaude lagungarri izango dela euskal enpresen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko I+G+B-n, eraldaketa digitalean, inbertsio industrialean, nazioartekotzean eta trantsizio energetikoan”.

Hala, otsailaren 24an, goizeko 10:00etan, Arantxa Tapia sailburuak labur-labur azalduko ditu hiru jardunaldi hauen helburuak, eta hasiera emango dio lehenengoari, zeinetan aurkeztuko baitira I+G+B, Teknologia, Ekintzailetza eta Eraldaketa Digitalerako laguntzak. Programa horien helburuak dira I+G-ko jardueraren kobergentzia lortzea Europako batez bestekoarekin –bai inbertsioan eta baita ere emaitzetan- eta Euskadi Europako berrikuntza polo bilakatzea. Era berean, asmoa da % 10 handitzea enpresa teknologikoen sorrera eta Euskadi tokiko industriarekin lankidetzan diharduten nazioarteko startupen ekosistema eragile bihurtzea.

Tapiaz gain, laguntzak aurkeztuko dituzte orobat Estibaliz Hernáezek, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, Alberto Fernándezek, Teknologia eta Estrategiako zuzendariak eta Leyre Madariagak, Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak.

Otsailaren 27an (astelehena) goizeko 10:00etan Industria-garapenerako, Nazioartekotzerako, Efizientzia Energetikorako eta Energia Berriztagarrietarako laguntzen txanda izango da. Gai horiei buruzko azalpen xehea emango da eta, kasu honetan, hauek dira laguntzen helburu nagusiak: industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren % 40ra iristea, enpresen nazioartekotzea bultzatzea, energia berriztagarrien kuota amaierako kontsumoaren % 20 izatea, berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera gutxitu eta euren balorizazioa eta berrerabilpena areagotzea, eta ingurumen-estrategia inplementatzea politika transbertsal gisa.

Egun horretan hauek izango dira programak aurkeztuko dituzten hizlariak: Mikel Amundarain, Industria eta Energia sailburuordea; Amaia Barredo, Ingurumen sailburuordea; Ainhoa Ondarzabal, Basque Trade & Investment agentziako zuzendaria; eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia.

Azkenik, otsailaren 28an (asteartea), Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Industria sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikaduraren industriarako, produktuaren sustapenerako, I+G-rako eta bioekonomiarako laguntzak.

Lotutako albisteak

12 ekaina, 2024 Berrikuntza
aerOS, AI Redgio 5.0, Women TechEU, WASABI eta CIRCULOOS proiektuek euren hurrengo Open Call ekimenak aurkeztu dituzte ur-jauziko finantzaketari buruzko hirugarren jardunaldian
Irakurri gehiago
6 ekaina, 2024 Basque Trade & Investment
Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei lagundu die BIEMHn, SPRI taldearen bitartez
Irakurri gehiago
30 maiatza, 2024 Ekintzailetza
Zetrack E-Farming, nekazaritzara makineria jasangarriagoa eta autonomoagoa eramatea helburu duen startupa
Irakurri gehiago
17 maiatza, 2024 Finantziazioa
Industria Adimendunerako trantsizioa egiten hasteko inbertsioak finantzatzen laguntzen die Renove Smart Industry programak ETE industrialei
Irakurri gehiago
14 maiatza, 2024 Finantziazioa
Indarturen edizio berriak garapena eta jarduera ekonomikoa bultzatzen ditu beharrik handiena duten Euskadiko eremuetan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak