Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 20 ekaina, 2022 Ekintzailetza Up Euskadi Start up

Hibridalab sortu da, arabako berrikuntza eta sorkuntzarako espazio aitzindaria

1.500 metro koadroak berrikuntzarako erabiliko dira; oso sektore desberdinetako enpresek, erakundeek eta herritarrek prozesuetan parte hartu eta ikerketa egingo dute
hibridalab

Hibridalab antzinako Arabako Foru Artxiboaren eraikinean dago, eta berezitasun batekin sortu da: gure ingurunean ez dago diziplina, eragile eta ezagutzen arteko hibridazioa ardatz duen berrikuntza zentrorik; eta sortu ere, sortu da sinetsita Arabako enpresa, gizarte eta herritar sarearen ahalmen aniztasunaren konbinaziotik soilik heldu dakiekeela, eskuarki, etorkizuneko erronka handiei. Eredu horrek Arabaren posizionamendua indartzen lagunduko du, ez euskal berrikuntzaren testuinguruan bakarrik, baita Estatuan eta nazioartean ere.

Lurraldeko ekoizpen eta gizarte erakundeen berrikuntza moduetan berrikuntza prozesu bat bultzatzea du helburu, etorkizun hurbilean eraldatzeko funtsezko hiru faktoretan oinarrituta: jasangarritasuna, digitalizazioa eta sormena. Horiek horrela, adibidez, berrikuntza proiektu komun batean elkarrekin lan egin ahal izango dute industria sektoreko enpresa batek, nekazaritzako elikagaien sektoreko beste enpresa batek eta sormenaren mundutik datorren pertsona batek.

Zentroa lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da. Sortzaileak Vital Fundazioa eta Arabako c2+i/Conexiones improbables enpresa dira, eta Arabako Foru Aldundiak babesten du. Haren forma juridikoa irabazteko xederik gabeko sozietate mugatua da, eta une honetatik aurrera bazkide izateko erakunde berriak sar daitezke.

c2+i/Conexiones improbables enpresa New European Bauhaus ekimeneko lehenengo erakunde bazkideetako bat da, eta zentroaren kudeaketa bere gain hartu du, erreferentea baita berrikuntzara bideratutako hainbat sektore ekonomikoren arteko hibridazio prozesuen garapenean. Gotzon Azkarraga Arabako enpresaburu ezaguna da sozietatearen lehendakaria, Vital Fundazioaren Patronatuko kide den aldetik. Arabako Foru Aldundiaren ordezkari bat ere Administrazio Kontseiluko kide da.

Ramiro González Arabako diputatu nagusia pozik agertu da laster proiektu aitzindari hori abian jarriko delako. Aldundiak proiektu horren alde egin du, eta ekarpen ekonomiko bat egin eta Foru Artxiboaren zati bat laga dio.  “Arabak gidatuko ditu berrikuntza gurutzatuko prozesuak, Europa osorako eredugarria izango den zentro batekin, halako ezaugarriak dituen lehena. Zentro horretan, hainbat arlotako diziplinen eta jakintzen arteko topaketa, lana, azterketa eta lankidetza sustatuko dira, berrikuntzaren bila. Zentro horrek zerbitzua emango die gure enpresei, gure gizarte eta ekoizpen sareari, eta aurrerantzean ere punta-puntako lurraldea izaten lagunduko digu”, adierazi du.

Bestalde, Jon Urresti Vital Fundazioen presidenteak azpimarratu du “garrantzi handia ematen diogula lurraldean proiektu berriak bultzatzeari; arlo guztietan egiten dugu, arlo sozialean, kulturalean edo prestakuntzan. Baina are gehiago berrikuntzaren aldeko ekimenak direnean, une honetan enpresek enpleguak sortzeko behar duten motor baten aldeko apustua egiten baita. Horregatik, proiektu hau irekita dago indarrak batzeko prest dauden eragile berrien parte-hartzera”.

Roberto Gómez de la Iglesia Hibridalabeko kontseilari eskuorde eta Conexiones improbables-eko zuzendariak nabarmendu du zein garrantzitsua den “Leonardo berriak sortzea, lurraldean berrikuntzaren kultura irekiago, kolaboratzaileago, disruptiboago eta ekintzara bideratuago bat sustatzea”. Erantsi duenenez, “Gaur egungo erronkei aurre egiteko begirada konplexuagoak behar dira, diziplinarteko zeharkakotasun handiagokoak, sektoreen eta diziplinen arteko langak gero eta lausoagoak baitira”.

1.500 metro koadro berrikuntzarako eta hibridaziorako

Hibridalabek Foru Artxiboko bi solairu hartuko ditu, eta unibertsitate eremuan bertan dago (zehazki, Miguel Unamuno kalean), eta, gainera, erdisotoa Foru Artxiboko aretoekin eta Arabako Natura Zientzien Museoko herbario historikoarekin partekatuko du. 1.500 metro koadroak berrikuntzarako erabiliko dira. Horretarako, oso sektore desberdinetako enpresek, erakundeek eta herritarrek prozesuetan parte hartu eta ikerketa egingo dute, eta berrikuntza proiektu komunetan lagunduko dute. Hiriari eta herritarrei irekitako zentroa ere izango da.

Goiko solairuan, era horretako proiektuetan lan egingo duten erakundeetako taldeak egongo dira, eta, gainera, coworking bat eta prestakuntza gelak izango ditu. Beheko solairuan erakusketa espazio bat, auditorio bat eta erabilera anitzeko gela bat egongo dira; erdisotoan, berriz, FabLab bat eta MakerSpace bat egongo dira, hau da, banakako ekoizpenerako makina sofistikatuak dauden lan espazioak, hala nola 3D inprimagailuak, fresatzeko makinak edo biniladoreak, zeinak enpresek (bazkideak eta bazkide ez direnak) eta herritarrek erabili ahal izango baitituzte. Halaber, pertsona eta talde ikertzaileentzako egoitzak izango ditu. Zentroa uda ondoren jarriko da abian.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 27 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
27 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Gamanek aldagailu inklusiboak eta higienikoak diseinatzen eta instalatzen ditu desgaitasuna duten pertsonentzat
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Nola izan enpresa ekintzaile bat Barnekintzaile programarekin, barne-ekiteko laguntza.
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Ekintzaileentzako laguntzak: Bihur ezazu zure negozio ideia enpresa berritzaile eta errentagarri Ekintzailerekin
Irakurri gehiago
Bakarts.io Bakarts 26 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Bakarts, artearen NFTen ‘marketplace-a’
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak