Izaskun Oribe.
Ekintzailetza
Elkarrizketak 5 otsaila, 2025

AIDTEC Solutions :“Ekintzaileak zaindu egin behar ditugu”

Nekazaritza jasangarriagoa lortzeko soluzioetan espezializatutako startuparen sortzaileetako bat da Izaskun Oribe
-

Izaskun Oribe bokaziozko ekintzaileak 2024ko Enpresari Gaztearen Saria jaso du orain dela gutxi AJEBASKen eskutik, AIDTEC Solutions startupean egindako lanarengatik. Nekazaritza jasangarriagoa lortzeko soluzioen garapenean espezializatutako startupa da. Industria Ingeniaritza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta, gero, Mahastigintza eta Enologiako masterra. Balio anitzeko profesionala da. “Oso indartsua iruditzen zait diziplinak batzea. Horregatik, zerbait ikasteko aukera dudan bakoitzean, aurrera egiten dut”, esan du. Baieztapen horren paradigma ukaezina da bera, eta enpresa-egitasmoen defendatzaile sutsua. AIDTECen burua izateaz gain, Osoak (plaka elektronikoak fabrikatzen dituen Enplegu Zentro Berezia) enpresaren gerentea da Oribe, eta SAITECen CEOa eta sortzaileetako bat. Horrez gain, AAn adituak diren datuen zientzialarien komunitate bat, Kopuru izenekoa, bultzatzen du. “Herrialde batean sortzen den aberastasunaren zati garrantzitsua dira ekintzaileak, eta, hortaz, zaindu egin behar dira”, esan du.

Nola laburtuko zenuke zure ibilbide profesionala?

Askotarikoa, egia esan. Industria Ingeniaritza ikasi nuen, eta, beti esaten dudan bezala, behin eta berriz aukeratuko nuke karrera bera, baina, aldi berean, beste asko ere ikasiko nituzke. Hori dela eta, askotariko arloetan garatu naiz: aholkularitza, marketina, kontsumoaren elektronika, logistika, topografia… Azkenean, bitxia bada ere, ibilbide horretan etengabe ikasi dut, eta orain nagoen lekura iritsi naiz. Eta, atzera begiratuta, bidaia osoak zentzua izan duela sentitzen dut. Gainera, beti jakin izan dut familiaren mahastiari jarraipena eman nahi niola, baina oraindik ez nekien nola egin. Orain, azkenean, bide honek beti izan dudan helburu horretara eraman nauela ikusteak oso harro sentiarazten nau.

Alderdi asko dituzula esan liteke?

Pixka bat bai. Sofan esertzea ez al zaidan gustatzen galdetzen didate nire lagunek. Eta, bai, gustatzen zait, ez dut gezurrik esango; baina, bestetik, segituan hasten naiz gauza berriak egiten. Izugarri gustatzen zait ikastea, ikertzea eta praktikan jartzea. Eta, gainera, oso indartsua iruditzen zait diziplinak batzea. Horregatik, zerbait ikasteko aukera dudan bakoitzean, aurrera egiten dut. Uste dut hori aitagandik datorkidala: ohiko autonomoa zen; mahastizaina izateaz gain, ingeniaria zen, eta obrako proiektuak egiten zituen, beti ikastaroren batean zegoen, ikasten… Nahiko erreferente geldiezina hura ere. Hori dela eta, ni, ingeniaria izateaz gain, MBA eta marketinaren munduan sartu nintzen, ikusi nuelako erabilgarria izango zitzaidala ekintzailetzarako eta enpresarako. Eta, gero, mahastigintzan eta enologian sartu nintzen, landa eremuko nire ezagutzak indartzeko.

Zer testuingurutan sortu zen AIDTEC Solutions?

Bi katalizatzaile giltzarri izan zituen proiektuak: batetik, 2022an SC (Sozietate Zibila) bat sortu nuen nire ahizparekin, nire aita buru zela, familiako mahastiari jarraipena emateko. Nire aita % 100 agintean egon gabe plan hark zentzurik ba ote zuen ikusi nahi genuen. Baina, gainera, urte hartako mahats-bilketan zehar, Iñigo eta biok oso sartuta geunden mahastiaren munduan, eta ikusi genuen landak potentzial handia zuela datuak emateko eta, hala, erabaki hobeak hartzeko.  Iñigo aditua da datuak digitalizatzeko eta aztertzeko proiektuetan, eta argi ikusi zuen: aukeraz betetako agertoki berde bat zen hura, eta lanari ekin genion.

Zein dira startuparen helburuak?

Nekazariei eta upategiei laguntzea, erabaki hobeak hartu ahal izateko. Sektore honetan, kostuak gora doaz, eta marjinak murrizten ari dira. Gainera, agente klimatikoak ez dira kontrolatzen, eta funtsezko eginkizuna dute. Landa eremuko lana optimizatuko duten erabakiak hartzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da. Hain zuzen ere, gure helburua ez da teknologia erabiltzea bakarrik. Aitzitik, nekazariekin batera eta nekazariei zuzenduta soluzioak sortzea da gure helburua. Haien arazoak konponduko dituzten soluzioak, landa inguruneko aldagai horiek guztiak datuetara pasatzen laguntzeko; izan ere, eurek oso ongi ezagutzen dituzte aldagai horiek, senaren eta urtetako esperientziaren ondorioz.

Proiektua dagoeneko errealitatea da? Hau da, martxan al dago egunerokoan?

Martxan dago, bai. Duela urte pare bat hasi ginen gure teoria baliozkotuko zuten lau traste garatzen, eta, gaur egun, lurraren eta landareen parametroak neurtzen ari dira mahastian. Urte eta erdi daramagu datuak biltzen. Prozesu honetan, soroan bezala, erein egin behar da, handik denbora batera uzta jaso ahal izateko. Informazio horrekin guztiarekin, erabakitzeko ahalmena eman diezaiekegu nekazariari eta upategiari, jasotzen ditugun parametroetan oinarrituta; eta kanpoko parametroekin ere gurutza ditzakegu.

Ekintzailetza konplexua dela esango zenuke?

Nire ustez, argi-ilunak ditu. Ez dut ekintzailetza deabrutu nahi, baina ez da bide erraza; ez da ideia handi bat izan eta lehenengoan dena ongi irtetea. Lana eskatzen du eta, motibazioa baino gehiago, konstantzia. “Ezezkoz” betetako bidea da, eta, beste jarduera batzuekin uztartuz gero, zer esanik ez. Dena den, ahalegin horrek merezi du proiektua gutxika aurrera irteten dela ikusten duzunean. Eta, bidean zehar, aldatzen doa. Izan ere, horrenbeste maite zenuen ideia horrek esanahi berriak hartzen ditu merkatua eta beharra benetan ezagutzen dituzunean.

Zer mezu igorriko zenieke ekintzailearen inguruko eragile guztiei?

Mesedez, hura sustatzeko, babesteko eta ikusarazteko. Izugarria da gazteei galdetzea zenbatek izan nahi duten ekintzaileak, eta har hori inork ere ez sentitzea. Are, gertatu zaigu gure ingurukoek honelako galderak egitea ere: “Merezi du zoramen horrek?”; “Aberastuko zineten, ezta?”; “Zuk bai zuk gogoak nahasteetan sartzeko”… Bada, merezi du, ematen diguna baino gehiago kostatzen da, eta gustatzen zaizkigu nahasteak. Eta uste dut pentsamolde hori aldatu behar dela: herrialde batean sortzen den aberastasunaren zati garrantzitsua da ekintzailea eta, hortaz, zaindu egin behar da.

Zer gomendio emango zenioke pauso hori ematea pentsatzen ari den norbaiti?

Beldurra ematen duela, baina, batzuetan, beldur eta guzti egin behar dela. Informatuta joanda, laguntza ona izanik eta betiere B, C edo are Z planak izanda, bidea posible da (eta ez dut esaten gogorra ez denik). Guk beti pentsatu dugu bermatuta dugun bakarra ikaskuntza dela, eta hori geurekin eramango dugu, bai ala bai. Eta, gainera, proiektuak hasteko laguntza ematen duten erakunde asko daude, hala nola BIC Araba, unibertsitate-programak eta Euskadi mailako erakundeak. Horiek aukera handia dira ideia bat sortzen hasteko, negozio-ikuspegiarekin.

SPRI Taldeak bere kanaletan euskal enpresei beren jardueraren berri emateko aukera eskaintzen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.

 

 

Lotutako albisteak

Biotz-ek  teknologia  propioa  garatzen  du  industria,  energia  eta  mugikortasun  arloko  eraldaketa  digitala  bultzatzeko

Biotz-ek teknologia propioa garatzen du industria, energia eta mugikortasun arloko eraldaketa digitala bultzatzeko

Euskal enpresak adimen artifizialean oinarritutako irtenbideen aldeko apustua egin du, erakundeei efizientzia eta autonomia teknologikoa irabazten laguntzeko.

Goizper  Group:  berrikuntza  industriala,  errotze  kooperatiboa  eta  presentzia  120  herrialde  baino  gehiagotan
22/06/2026 Berrikuntza

Goizper Group: berrikuntza industriala, errotze kooperatiboa eta presentzia 120 herrialde baino gehiagotan

Gipuzkoako kooperatibak nitxo-espezializazioa, dibertsifikazio teknologikoa eta nazioartekotzea uztartzen ditu, Euskaditik industria-jarduera sortzen jarraitzeko asmoz.

SMARTdrugs,  minbizia  duten  pazienteentzako  medikuntza  nuklearra
19/06/2026 I+G+B

SMARTdrugs, minbizia duten pazienteentzako medikuntza nuklearra

BiomaGUNE IKZk parte hartzen duen proiektuak farmako mota berri bat garatzea du helburu, gaixotasun hori duten pertsonak diagnostikatzeko eta tratatzeko.

PlayGress  Labs,  Arabako  berrikuntza  AGHAren  diagnostikoa  hobetzeko
18/06/2026 Ekintzailetza

PlayGress Labs, Arabako berrikuntza AGHAren diagnostikoa hobetzeko

Konpainiak doitasun-soluzioak lantzen ditu neuro-garapenaren nahasmenduak detektatzeko.

Reinspira-k  berrikuntza  teknologikoaren  aldeko  apustua  egiten  du  ongizate  emozionalaren  eredu  berri  bat  sortzeko
16/06/2026 Ekintzailetza

Reinspira-k berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten du ongizate emozionalaren eredu berri bat sortzeko

Plataforma digitalak laguntza emozionala adimen artifizialarekin, edukien dibulgazioarekin eta komunitate anonimoarekin konbinatzen du, Bizkaian laguntza-sare bat sortzeko helburuarekin.

TrebezIAk  robot  mugikor  autonomoak  garatzen  ditu  intralogistikaren  zailtasunak  gainditzeko
16/06/2026 Ekintzailetza

TrebezIAk robot mugikor autonomoak garatzen ditu intralogistikaren zailtasunak gainditzeko

Donostiako startup-ak produktu konplexuen eskaerak ingurune logistikoetan automatikoki prestatzeko gai diren soluzioak eskaintzen ditu, Adimen Artifizaileko irtenbide garatuekin.

AITA  World:  “Trantsizio  energetikoa  ez  du  teknologia  berria  bakarrik  behar,  baizik  eta  azpiegitura  digital  eta  finantzario  berri  bat  ere”
15/06/2026 Nazioartekotzea

AITA World: “Trantsizio energetikoa ez du teknologia berria bakarrik behar, baizik eta azpiegitura digital eta finantzario berri bat ere”

Konpainiak energia berriztagarrien proiektuen garapena, adimen artifiziala eta kapitalaren egituraketa uztartzen ditu, energia garbien ezarpen-denborak eta kostuak murrizteko.

Gantrex  Spain,  zerbitzu  osoa  eskaintzen  duen  garabietarako  errailen  kalitate  handiko  irtenbideen  fabrikatzailea
15/06/2026 Berrikuntza

Gantrex Spain, zerbitzu osoa eskaintzen duen garabietarako errailen kalitate handiko irtenbideen fabrikatzailea

Belgikako multinazional baten estatuko delegazioa da Sondikako enpresa, eta teknologiaren alde egiten du bere zerbitzua hobetzeko

IN-ARMOR  proiektuak  antibiotikoekiko  erresistentziari  aurre  egiteko  bide  berriak  aztertzen  ditu
12/06/2026 I+G+B

IN-ARMOR proiektuak antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko bide berriak aztertzen ditu

Horizonte Europak finantzatu du ekimena, eta Biokeralty Research Institute euskal enpresak parte hartzen du infekzio erresistenteei aurre egiteko organismoaren defentsa naturalak nola indartu ikertuz.

Delta,  arte  grafikoen  erreferentea  Gipuzkoan
11/06/2026 Berrikuntza

Delta, arte grafikoen erreferentea Gipuzkoan

Donostiako enpresak 37 urte bete ditu bere produktuak eta zerbitzuak etengabe hobetzeko asmoarekin

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.