Nazioartekotzea
Albisteak 6 maiatza, 2019

Industria sailburu Javier Zarraonandiak enpresei eskatu die har ditzatela nazioartekotze arloan espezializatutako langileak

Eusko Jaurlaritzak garapen sostengarriko Agendarekin (2030) hartutako konpromisoa defendatu du Zarraonandiak nazioartekotzearen urteroko hitzorduaren (Intergune+ 2019) inaugurazioan
-

 

Eusko Jaurlaritzak garapen sostengarriko Agendarekin (2030) hartutako konpromisoa defendatu du Zarraonandiak nazioartekotzearen urteroko hitzorduaren (Intergune+ 2019) inaugurazioan.

Miguel Ceballos Barónek, Europako Batzordeko Merkataritza Komisarioaren kabineteko buruak, adierazi du 2014tik hona sinatutako merkataritza-hitzarmenei esker 6.000 milioi euroko hesiak gainditu direla.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sareak banan-banako 500dik gora bilera hitzartu ditu beren negozioa nazioartekotu nahi duten enpresariekin.

 

Industria sailburu Javier Zarraonandiak enpresen nazioartekotzean espezializatutako langileak behar direla esan du astelehen eta astearte honetan Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egiten ari den Intergune+2019 ekitaldian, nazioartekotzearen urteroko hitzorduan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Agendarekin eta garapen sostengarriko helburuekin hartutako konpromisoa defendatu du Zarraonandiak, eta esan du eskualdeetatik eraikitako Europa indartsu bat behar dugula.

 

700 enpresa inguru ari dira parte hartzen Intergune+ 2019ren aurtengo edizioan. Intergune SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren apustu bat da, eta helburutzat du enpresariei laguntzea beren negozio proiektuak atzerrira ateratzen. Aurtengo edizioa ere topagune bat izango da Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sarearekin –16 bulego eta aholkulari–, aholkularitza pertsonalizatua emateko Kanpo Sareak barne hartzen dituen 80tik gora herrialderi buruz. Era berean, ezagutzera emango dira nazioartekotzearen arloko zerbitzu berriak, finantzaketa eta laguntzak.

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek ireki du ekitaldia eta adierazi du banan-banako 500dik gora elkarrizketa egingo direla bi egun hauetan (dagoeneko hitzartuta daude) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sarearekin. Edizio honetako berritasunetako bat da Talentu Foroa, “talentu gaztearen interesa piztea eta etorkizuneko adituen harrobia sortzea” helburu duena.

 

Industria sailburuordeak nabarmendu du Kanpo Sarearen bulegoak oso garrantzitsuak direla, “gurea herrialde txikia delako eta gurea bezalako herrialdeek antenak izan behar dituztelako mundu osoan”. Horrez gain, eskerrak eman dizkie egunero egiten duten lanagatik, “badakitelako Euskadiren errealitatea munduko txoko guztietako errealitateekin interpretatzen eta ezkontzen”. Zarraonandiandiak azaldu du zeintzuk diren Interguneren aurtengo edizioko hiru giltzarriak: profesional espezializatuen premia, garapen sostengarria eta eskualdeetatik eraikitako Europa indartsu bat.

 

“Profesional onenak izan nahi ditugu nazioartekotze-prozesuak garatzeko” esan du eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen 500 bekak aipatu ditu, zeintzuen helburua baita gazteei nazioartekotzeari buruzko prestakuntza ematea: nazioarteko merkataritzarako 100 BEINT beka eta nazioarteko mugikortasunerako 400 beka. “Horiei esker, 500 pertsona irteten dira urtero hainbat jomugatara, horietako batzuk imajina ezinezkoak. Esperientzia errepikaezinak dira”.

 

2030 Agenda

Gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak duela urtebete baino gehiago aurkeztu zuela Euskadi Basque Country 2030 Agenda, NBEren Garapen Sostengarriko Helburuekin lerrokatua dagoena. Hala, Euskadi izan zen “2030erako Agendarekiko konpromisoa erakutsi zuen Estatuko lehen administrazio publikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak bat datoz haren helburuekin”. Ildo horri jarraiki, sailburuordeak baieztatu du Global Compact-Munduko Itunak eta Eusko Jaurlaritzak berriki sinatu dutela “2030 Agenda eta Garapen Sostengarriko Helburuak (GSH) enpresen artean sustatzeko konpromisoa”, Euskadiko hiru enpresa elkarteekin batera (CEBEK, SEA eta ADEGI).

 

Azkenik, esan du Europa indartsu bat behar dugula “politikoki eta sozialki une zailak bizitzen ari den honetan”. “Euskadin oso argi daukagu hori” aipatu du. “Europazaleak gara eta sinesten dugu behetik gorantz eraikitako Europa indartsu batean. Estatu-kideak ez dira indar hori sustatzen ari, baina badaude lankidetza-sareak jardunbide egokiak dituzten eskualde lehiakorren artean, zeintzuk gai baitira Europa berritzaile, moderno, ireki eta lehiakor bat sortzen lagunduko duten gobernantza industrialeko eredu berriak sortzeko”.

 

Miguel Ceballos Barónek, Europako Batzordeko Merkataritza Komisario Cecilia Maldstrom-en Kabinete buruak, adierazi du EBk AEBk baino bazkide komertzial gehiago dituela, “80 EBk eta 20 AEBk”. Barónek esan duenez, Europan 16 milioi lanpostu sortu dira atzerriko inbertsioei esker eta “munduko potentzia komertzial handiena gara, munduko merkataritzaren %16,3 ordezkatzen dugulako”.

 

Baina baditugu arazoak ere. EBk dumping-aren aurkako 92 neurri ditu indarrean, batik bat altzairuaren sektorean, eta neurri horien bi heren Txinaren aurkakoak dira. “Lau urtetan dumping-aren aurkako 95 neurri hartu behar izan ditugu, sekula ez da halakorik gertatu”. Ceballosek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen arteko “lankidetza bikaina” izan dela altzairu sektorean, eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiaren lana aipatu du “zeinak hainbat bisita egin baitzituen Bruselara 2016an. Dumping-aren aurkako neurriei esker atera ginen egoera hartatik, baina ez da egoera ideala”.

 

Merkataritza Komisarioaren kabinete buruak adierazi du azken lau urteotan “15 merkataritza-hitzarmen itxi direla eta guztira 40 dauzkagula. Horri esker, esportazioak %15 hazi dira 2014az geroztik, eta 6.000 milioi euroko hesiak desagerrarazi ditugu”. Hizpide hartu ditu duela urte eta erdi Kanadarekin sinatutako akordioak, zeintzuei esker “gure enpresek Kanadako probintzietako kontratuen lizitazioetan parte har baitezakete lehenbizikoz”. Otsailean Japoniarekin sinatutako hitzarmenari esker, 1.000 milioi euro gutxiago ordaintzen ditugu muga-zergetan. “Bakarrik oihalen sektorean merkataritza 25.000 milioi euro haz daiteke datozen 10 urteetan”.

 

Ceballosek hizpide hartu du “ekainean edo uztailean Vietnamekin itxiko den hitzarmena”, urtearen amaieran indarrean sartuko dena eta ia muga-zerga guztiak desagerraraziko dituena. “Une honetan %78koak dira automozio sektorean eta %35ekoak makinarian”. Gainera, beste itun komertzial bat izango dugu Mexikorekin, zeinak nekazaritza eta elikagaien merkaturako sarbidea irekiko baitu lehen aldiz.

 

Intergune ekitaldian merkatu-nitxoetako liderrei buruzko mahai-inguru bat egin da, Orkestrako Nazioartekotze arloko ikerlari nagusi Bart Kamp aritu delarik moderatzaile-lanetan. Kampek esan du Euskadik badituela produktu bereiziak eskaintzen dituzten enpresak.  Mahai-inguruan parte hartu dute Juan Tomás Hernanik (Satlantis enpresako kudeatzaileak), Sergio Ruiz de Larreak (Ona Electroerosion enpresako zuzendari komertzialak), Aitor Alapontek (P4Q enpresako kudeatzaileak) eta Enrique Paramák (Lantek-eko marketin zuzendariak).

 

Esan dute merkatu-nitxoak direla enpresa handiek ikusten ez dituzten negozio-eremuak eta bere ezaugarria dela iragankortasuna, baina deborarekin ikusgarri bihurtzen direla eta orduan multinazionalak sartzen direla nitxo barruan. Aipatu dute giza baliabide eta baliabide material askoz gehiago dituzten enpresekin lehiatzen direla, zeintzuk prest dauden irabazi-marjina baxuagoak izateko. Ados etorri dira esatean erronka nagusia dela langile espezializatuak aurkitzea jomuga herrialdeetan.

Lotutako albisteak

Euskadik  bere  energia-ekosistema  aurkeztu  die  Japoniako  eta  Kanadako  ordezkaritzei

Euskadik bere energia-ekosistema aurkeztu die Japoniako eta Kanadako ordezkaritzei

Bi herrialdeetako erakunde- eta enpresa- ordezkaritza bat Euskadin izango da aste honetan, itsasoko energia eolikoaren sektorean euskal ekosistemak dituen gaitasunak aztertzeko eta industria-lankidetzarako aukera berriak aztertzeko.

Europako  Batzordeak  ‘Raw  Materials  Mechanism’  aktibatu  du  lehengai  estrategikoak  modu  bateratuan  erosteko
22/04/2026 Nazioartekotzea

Europako Batzordeak ‘Raw Materials Mechanism’ aktibatu du lehengai estrategikoak modu bateratuan erosteko

Plataforma berri honi esker, enpresek beraien eskaria agregatu ahal izango dute nazioarteko hornitzaileekin harremanetan jartzeko eta material kritikoen hornidura bermatzeko, besteak beste lur arraroak edo baterietarako osagaiak.

Euskal  automozio-sektoreak  Txinan  duen  posizionamendua  indartu  du  fabrikatzaile  elektriko  berrien  gorakadaren  aurrean
21/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal automozio-sektoreak Txinan duen posizionamendua indartu du fabrikatzaile elektriko berrien gorakadaren aurrean

Basque Trade & Investment-ek, Shanghaiko bere bulegoaren bitartez eta ACICAErekin elkarlanean, 18 euskal enpresaz osatutako misio komertzial bat koordinatu du, BYD, Geely edo NIO bezalako fabrikatzaile liderren proiektuak aztertzeko.

Euskal  enpresak  negozio  eta  hornikuntza-aukera  berriak  identifikatu  ditu  Poloniako  merkatu  aeroespazialean
17/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal enpresak negozio eta hornikuntza-aukera berriak identifikatu ditu Poloniako merkatu aeroespazialean

Euskadiko hamahiru enpresa Poloniako Podkarpackie eskualdera joan dira aste honetan, BasqueTradek buru eta HEGAN eta AFM klusterrekin lankidetzan egindako misio baten esparruan; gainera, Aviation Valley-ren eta PAIH inbertsio-agentziaren tokiko laguntza izan dute.

Europar  Batasunak  esparru  berri  bat  proposatu  du  altzairuaren  inportazioetarako

Europar Batasunak esparru berri bat proposatu du altzairuaren inportazioetarako

Europako Batzordeak merkatu siderurgikora sartzeko baldintzak gogortzea proposatu du, gehiegizko ahalmen globalari aurre egiteko

AEBek  epea  ireki  dute  nazioarteko  enpresek  bidegabeko  muga-zergen  itzulera  eskatzeko
16/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek epea ireki dute nazioarteko enpresek bidegabeko muga-zergen itzulera eskatzeko

Estatu Batuetako Aduana eta Mugak Babesteko Bulegoak (CBP, ingelesezko sigletan) CAPE tresna jarri du abian, aduana-eskubideen itzulketak modu taldekatuan kudeatzeko aukera ematen duen prozedura zentralizatua.

Třinecké  železárny  talde  siderurgiko  txekiarrak  bertatik  bertara  ezagutu  du  euskal  enpresen  eskaintza  teknologikoa
14/04/2026 Nazioartekotzea

Třinecké železárny talde siderurgiko txekiarrak bertatik bertara ezagutu du euskal enpresen eskaintza teknologikoa

Euskadiko hamaika enpresak euren soluzio teknologikoak korporazioko zuzendaritzari aurkezteko aukera izan dute bakarkako bileren jardunaldi batean.

AEBek  altzairu,  aluminio  eta  kobrezko  produktuen  232.  Ataleko  muga-zergen  araubidea  aldatu  dute
07/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek altzairu, aluminio eta kobrezko produktuen 232. Ataleko muga-zergen araubidea aldatu dute

Presidentziaren araudi berriak zergak kalkulatzeko metodologia aldatzen du; aurrerantzean, inportatutako azken produktuaren balio osoari aplikatuko zaizkio.

Euskadik  eta  Herbeheerek  mugikortasun  elektriko  eta  adimentsuan  lankidetzan  aritzeko  bideak  aztertu  dituzte
07/04/2026 Nazioartekotzea

Euskadik eta Herbeheerek mugikortasun elektriko eta adimentsuan lankidetzan aritzeko bideak aztertu dituzte

Zazpi euskal enpresako ordezkaritza batek misio batean parte hartu du sare elektrikoaren saturazioa, energiaren biltegiratzea, garraio astunaren birkarga eta sare adimendunen kudeaketa ardatz dituzten herbeheretar soluzioak ezagutzeko.

Euskadik  Bogotako  Metroaren  2.  Lineako  aukera  industrialak  aztertu  ditu
30/03/2026 Nazioartekotzea

Euskadik Bogotako Metroaren 2. Lineako aukera industrialak aztertu ditu

Euskadik Kolonbian duen Ordezkaritzak topaketa erdi-presentzial bat antolatu du hil honetan, herrialdeko hiriburuko Metroaren 2. Lineak euskal enpresei eskaintzen dizkien aukera komertzialak ebaluatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.