Albisteak 25 otsaila, 2026

BIEMH 2026k industria modu aktiboan defendatzeko duen garrantzia azpimarratu du Kortak

BIEMH 2026ren inaugurazio ofiziala martxoaren 2an, astelehenean, izango da, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da buru
-

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapeneko sailburuordeak, Andoitz Kortak, Jaurlaritzak Euskadiko industriarekiko duen konpromiso “argia eta irmoa” berretsi du gaur BIEMH 2026 – Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Ekimena martxoaren 2tik 6ra bitarte egingo da Bilbao Exhibition Centren. Sailburuordeaz gain, prentsaurrekoan izan dira honako hauek ere: José Ignacio Ortiz de Urbina, AIMHEko presidentea; José Pérez Berdud, AFM Clusterreko presidentea; M. Carmen Gorostiza, BIEMHeko Event Manager-a; Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Adundiko Ekintzailetza, Talentuaren eta Enpresa Lehiakortasunaren zuzendaria; Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia; eta Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia.

BIEMH 2026ren inaugurazio ofiziala martxoaren 2an, astelehenean, izango da, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da buru.

Nazioartekotzearen aldeko apustu estrategikoa

Bere hitzaldian, sailburuordeak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak BIEMHen eta BECek hartzen dituen industria-ekitaldi handien alde egiten duen apustuak estrategia argiari erantzuten diola: Euskadiko industriaren nazioartekotzea indartzea, Euskadi 2030 Industria Planak ezarritakoaren arabera.

“Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honen eta egoitza honetan egiten diren gainerako egitasmo guztien alde egiten duen apustua argia da: Euskadiko industria nazioartekotzearen aldeko apustua da”, adierazi du.

BIEMH 2026k 34 herrialdetako 1.503 enpresa erakusketari eta 3.350 produktu berritzaile baino gehiago bilduko ditu, eta fabrikazio aurreratuarekin lotutako nazioarteko topaketa handietako bat izango da. Azokak esparruko sei pabilioiak hartuko ditu, eta martxan egongo diren makinak, automatizazioa, robotika eta digitalizazioko soluzioak erakutsiko ditu, produkzio-eredu eraginkorrago eta interkonektatuagoetaranzko bilakaeraren erakusgarri.

“Biurtekoak gure indar industrialaren ospakizun bihurtu behar du”.

Egungo testuinguru geopolitikoa “oso konplexua” dela eta Euskadiko industriak zenbait proiektu eta sektoretan zailtasunei aurre egin beharko diela onartu du Kortak.

Denok ezagutzen dugu gure industriak bizi duen egoera, eta Jaurlaritzan gertu-gertutik dakigu enpresa batzuk egoera zailean daudela. Errealitate hori existitzen da”, esan du.

Hala ere, Biurtekoa Euskadiko industriaren indar estrukturala goresteko aukera gisa interpretatu behar dela defendatu du. “Zenbaitentzat, harrigarria izan daiteke Biurtekoa industriarentzako ospakizun gisa katalogatzea”, –adierazi du– “baina Biurtekoak gure industriaren indarra ospatu eta goresteko aukera izan behar du. Ziurgabetasuna hor dago, baina martxoaren 2tik 6ra bitartean indartsuak garela egiaztatuko dugu”.

Sailburuordeak azpimarratu du BIEMHek argi uzten duela inbertsioa erakartzeari, inbertsio propioari eta nazioartekotzeari dagokionez Europa mailan erreferentzia izateko gai den industria duela Euskadik.

Eusko Jaurlaritza, industriatik gertu

Bere hitzaldiaren azken zatian, Kortak bi mezu argi helarazi nahi izan ditu.

Lehenengoa: Eusko Jaurlaritza industriatik gertu dago. “Oso argi dugu aurrerapenaren, aberastasunaren eta ongizatearen iturri dela.

Gogorarazi duenez, Jaurlaritza eraldaketa industrialaren alde ari da lanean, Euskadi 2030 Industria Planean jasotako proiektu estrategikoen bidez: industria bultzatzailea eta haren balio-katea bateratzen dituzten lankidetza publiko-pribatuko ekimenak, kalitatezko enplegua eta belaunaldi berrientzako aukerak sortzera zuzenduta daudenak.

Bigarren mezua Euskadiko industria-sarearen defentsa aktiboari buruzkoa izan da. Sailburuordearen hitzetan, Jaurlaritza “gaur egun zailtasunetan dauden proiektu guztietatik oso gertu” dago, eta industria-proiektu sendo eta bideragarriak babesteko lankidetza publiko-pribatuaren Euskadiko eredua defendatu du.

“Enpresaren etorkizuna bermatzen duten proiektuez ari gara, bazkide industrial sendoak, kudeatzeko gaitasuna dutenak eta industria-jarduera eta kalitatezko enplegua ziurtatzen dituen plana dutenak. Beti defendatuko ditugu Euskadin enplegu industriala eta bideragarriak eta sendoak diren enpresa industrialen etorkizuna”.

Industria gehiago, industria hobea, isuri gutxiago

Hitzaldia amaitzeko, Kortak Euskadiko industria-egituraren dinamismoa azpimarratu nahi izan du: “Euskadiko industria mugitu egiten da, berrikuntza bultzatzen du, inbertsioak egiten ditu, esportatu egiten du. Azken finean, aurrera egiten du”.

Azaldu duenez, datorren astean, BIEMHek Euskadi hurrengo mailara eramango duten eta etorkizun oparoa duten proiektuak erakutsiko ditu. “Hemen dago Euskadiko enpresa, industria bultzatzen. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren helburua: industria gehiago, industria hobea, isuri gutxiago”.

BIEMH 2026

BIEMH 2026 – Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak inauguratuko du fabrikazio aurreratuaren nazioarteko azoken egutegia martxoaren 2tik 6ra bitarte Bilbao Exhibition Centren. 34 herrialdetako 1.503 enpresa erakusketari bildu eta 3.350 produktu berritzaile baino gehiago aurkeztuko ditu. 33 edizio egin dira orain arte, eta sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du. Mundu mailan, sektoreko eragile garrantzitsuenen erreferentziazko topagunea izaten jarraitzen du topaketak, eta abangoardiako teknologiaren, soluzio osoen eta lankidetza- eta negozio-aukera berrien bila joango dira.

BIEMH 2026k Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloiak hartuko ditu, eta industria arloko esparru nagusien ordezkaritza sektorizatu osoa eskainiko du: harroketako makineria, erremintak eta osagarriak, soldadura, metrologia, osagaiak, deformazio-makineria, xafla- eta hodi-mozketa, eta gainazalen tratamendurako soluzioak. Dinamismoa izango da egitasmoaren ezaugarri nagusietako bat, funtzionamenduan egongo den teknologiarekin. Horri esker, industria ekintza bete-betean ikusteko aukera egongo da. Automatizazioak, robotikak eta digitalizazioak, gainera, toki adierazgarria izango dute, produkzio-eredu eraginkorrago, malguago eta interkonektatuagoetara egindako bilakaeraren isla.

Erakusketa komertzialaz gain, BIEMH 2026k joerak aztertzera, ezagutza partekatzera eta goi mailako networkinga bultzatzera zuzendutako edukien agenda zabala eskainiko du, egungo erronkei aurre egiteko plataforma estrategiko gisa duen zeregina indartuz. “CARPE BIEMH” lelopean, hitzorduaren 33. edizioak enpresa erakusketariak, bisitariak eta erakundeak gonbidatuko ditu unea aprobetxatzera. Beste behin, edizioz edizio bertaratzen direnak harrituta utziko dituen zuzeneko ikuskizun industrial eta teknologikoa eskaintzeko duen gaitasuna agerian geratuko da.

 

 

Lotutako albisteak

AEBek  altzairu,  aluminio  eta  kobrezko  produktuen  232.  Ataleko  muga-zergen  araubidea  aldatu  dute
07/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek altzairu, aluminio eta kobrezko produktuen 232. Ataleko muga-zergen araubidea aldatu dute

Presidentziaren araudi berriak zergak kalkulatzeko metodologia aldatzen du; aurrerantzean, inportatutako azken produktuaren balio osoari aplikatuko zaizkio.

Euskadik  eta  Herbeheerek  mugikortasun  elektriko  eta  adimentsuan  lankidetzan  aritzeko  bideak  aztertu  dituzte
07/04/2026 Nazioartekotzea

Euskadik eta Herbeheerek mugikortasun elektriko eta adimentsuan lankidetzan aritzeko bideak aztertu dituzte

Zazpi euskal enpresako ordezkaritza batek misio batean parte hartu du sare elektrikoaren saturazioa, energiaren biltegiratzea, garraio astunaren birkarga eta sare adimendunen kudeaketa ardatz dituzten herbeheretar soluzioak ezagutzeko.

Euskadik  Bogotako  Metroaren  2.  Lineako  aukera  industrialak  aztertu  ditu
30/03/2026 Nazioartekotzea

Euskadik Bogotako Metroaren 2. Lineako aukera industrialak aztertu ditu

Euskadik Kolonbian duen Ordezkaritzak topaketa erdi-presentzial bat antolatu du hil honetan, herrialdeko hiriburuko Metroaren 2. Lineak euskal enpresei eskaintzen dizkien aukera komertzialak ebaluatzeko.

Euskadi  nanomedikuntza  pertsonalizatuko  erreferentzia  izango  da  Europan,  Hidrogel  Adimendunak  sortzeko  Proiektu  Eraldatzaileari  esker
30/03/2026 I+G+B

Euskadi nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia izango da Europan, Hidrogel Adimendunak sortzeko Proiektu Eraldatzaileari esker

Euskadi 2030 Industria Planeko hirugarren Proiektu Eraldatzaile honek 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira

Eusko  Jaurlaritzak  54  milioi  euro  inbertitu  ditu  ETEen  eraldaketa  eta  dibertsifikazioa  bultzatzeko
25/03/2026 Finantziazioa

Eusko Jaurlaritzak 54 milioi euro inbertitu ditu ETEen eraldaketa eta dibertsifikazioa bultzatzeko

Aurreko Indartu eta Gauzatu Industria laguntza-programak biltzen dituen Dibertsifika programaren bitartez

Euskadik  energia  berriztagarrien  sektorean  Japonian  duen  kokapen  estrategikoa  indartu  du
18/03/2026 Nazioartekotzea

Euskadik energia berriztagarrien sektorean Japonian duen kokapen estrategikoa indartu du

Tokion ospatu da Smart Energy Week azokaren edizio berri bat, eta bertan, Basque Trade & Investment-ek euskal enpresei lagundu die itsasoko energia eolikoan eta hidrogenoan dauden aukerak arakatzen.

Korrika  Europa,  Amerika,  Asia  eta  Ozeaniara  iritsiko  da  kanpo-sarearen  eskutik

Korrika Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniara iritsiko da kanpo-sarearen eskutik

BasqueTraderen nazioarteko zazpi bulegok bat egin dute aste honetan euskararen aldeko ekimenarekin.

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Nazioartekotzea  emakumeen  lidergorako  aukera-gune  gisa  sendotzen  ari  da  Euskadiko  ETEetan
13/03/2026 Nazioartekotzea

Nazioartekotzea emakumeen lidergorako aukera-gune gisa sendotzen ari da Euskadiko ETEetan

Basque Trade & Investment-ek WOMEX europar proiektuaren esparruan landutako txosten baten emaitzak aurkeztu ditu; bertan, kanpo-irekiera genero-orekarako eta enpresen lehiakortasunerako elementu estrategikotzat jotzen da.

Lehendakariak  iragarri  du  Euskadiko  industria  ezkutua  aktibatuko  duela  gatazkak  Ekialde  Hurbilean  duen  eraginari  aurre  egiteko

Lehendakariak iragarri du Euskadiko industria ezkutua aktibatuko duela gatazkak Ekialde Hurbilean duen eraginari aurre egiteko

"Industriak eta industriako enpleguak kezkatzen gaituzte. Eta kezkatzen gaitu krisi honek nola eragiten dien jendearen poltsikoei, energiaren, garraioaren edo oinarrizko produktu askoren prezioen bidez", azpimarratu du Lehendakariak

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.