Toni Ventura, Datapixel enpresako fundatzaile eta zuzendari nagusia.

Datapixel Europako proiektu batean parte hartzen ari da, eta proiektu horren helburua da fabrikazio gehigarria aplikatzea industria metalurgikoan

Euskal konpainia Integradde proiektuko kide da eta 3D bisioan oinarritutako neurketa konponbideak eskaintzen ditu
-

 

Euskal konpainia Integradde proiektuko kide da eta 3D bisioan oinarritutako neurketa konponbideak eskaintzen ditu

 

Hogei urtetik gorako ibilbidea duen Datapixel konpainia metrologian espezializatutako Innovalia taldeko hiru enpresetako bat da, eta 3D bisioan oinarritutako neurketa-konponbideak garatzen dituen Estatuko enpresa bakarra da.  Datapixel enpresa Europako Integradde proiektuan parte hartzen ari da Bizkaian duen egoitza nagusitik. Proiektu horren helburua da konponbide integral berri bat garatzea fabrikazio gehigarriko prozesuek metalezko osagai handien fabrikazioan izan dezaketen potentziala frogatzeko. Datapixel enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusi Toni Venturarekin hitz egin dugu ekimen honi eta bere enpresak duen paperari buruz.

 

Zein da Datapixel enpresaren jarduera?

3D bisioan oinarritutako kalitate-kontroleko sistemak eta neurketako metrologia sistemak fabrikatzen ditugu. Geuk egiten ditugu geure sentsoreak, eta laborategi bat ere badaukagu kalibrazio eta zertifikazio lanetarako. Alderdi hori oso garrantzitsua da, nazioarteko arauek erregulatzen dutelako metrologia eta trazagarritasun metrologikoa beharrezkoa delako. Kalitate-kontroleko eta neurketako metrologiako aplikazioetan espezializatu gara. Datuak atzematen ditugu eta informazioa sortzen dugu, horixe baita eraldaketa digitalaren oinarria. Manufaktura arloko enpresek elementu fisikoak fabrikatzen dituzte, hau da, dimentsioak eta formak dauzkaten objektuak, eta dimentsio eta forma horiek diseinatzaileak emandako baldintza funtzionalak bete behar dituzte. Elementu fisikoei buruzko informazioa atera behar da, beren osagai, elementu eta entitate fisikoetatik abiatuta. Beste arlo batzuetan objektu birtualekin lan egiten da hasieratik. 3D bisioa darabilten gure sentsore eta teknologiek unibertso fisikoko informazioa eramaten dute unibertso digitalera. Garrantzitsuena da zifra fisiko, dimentsio, forma, posizio, tolerantzia, datu eta abarretatik abiatuta sortzen dugun objektu digital horrek ahalik eta modu leialenean irudikatu behar duela objektu fisikoa. Eta hortik dator metrologia dimentsional industrialaren diziplina.

 

Zertan datza Integradde proiektu europarra?

Integradde Europar Batasunak kofinantzatutako proiektu pilotu bat da. Horrek esan nahi du Europa mailako esperimentu bat dela, zeinetan erakusten baita nola teknologia desberdinak integratuz konponbide bat eman diezaiekegun eraldaketa digitalaren munduko erronkei. Zehazki, Integradde proiektua fabrikazio gehigarrian oinarritutako fabrikazioan zentratzen da. Additive manufacturing teknologiak erabiltzen ditugunean, objektu fisikoa fabrikatzea prozesu osoaren zati oso txiki bat baino ez da. Fabrikatu edo 3Dn inprimatu baino lehen informazioa bildu eta digitalizatu behar da. Helburua da produkzio-ingurune desberdinetan esperimentatzea erakusteko teknologia digitalen arteko elkarreragina onuragarria izan daitekeela fabrikazio gehigarrirako. Proiektu honetan Europako 12 herrialdetako 26 bazkide daude. Proiektu pilotu hauen ezaugarri nagusia da oso hurbil daudela teknologiak edozein fabrikatan aplikatu ahal izatetik. Horrek esan nahi du eskuratzen dugun esperientzia errazago eraman daitekeela manufakturaren munduko beste ingurune eta antolakunde batzuetara.

 

Zein da Datapixel enpresaren papera Integradde proiektuan?

Arlo fisikoaren eta digitalaren arteko zubia gara. Gure lana da datuak atzematea piezak fabrikatzeko prozesuan. Bi modu daude fabrikazio gehigarria egiteko: ohikoena da objektu bat diseinatzea, simulazioak egitea eta objektua hutsetik fabrikatzea, baina bada beste metodo bat ere, alegia, hutsetik hasi beharrean, lehendik existitzen diren objektuetatik abiatuta fabrikatzea.  Demagun objektu bat daukadala eta haren gainean inprimatu nahi dudala materiala gehitzeko. Horrek esan nahi du objektu horri buruzko aurretiazko ezagutza behar dudala, eta hori lortzeko bide bakarra da gurea bezalako teknologiak erabiltzea. Guk informazioa jasotzen dugu oinarritzat erabiliko ditugun objektu horien forma eta tamainari buruz, eta gero amaierako produktuari buruzko informazioa biltzen dugu.

 

Metalezko fabrikazio gehigarriaren munduan, fabrikazio gehigarri hibridoa da joera nagusia, hau da, elkarrekin konbinatzea fabrikazio gehigarria eta beste fabrikazio mota tradizionalago bat, erauzketakoa, mekanizatu teknika tradizionalak darabiltzana. Izan ere, fabrikazio gehigarriak gaur egun ez dauka behar besteko mailarik kalitatezko produktuen akaberak emateko (azaleran eta dimentsioetan). Adibidez, plastikozko injekzio-molde batek azaleretan izan behar dituen akaberak lortzeko ezinbestekoa da mekanizatu teknikak erabiltzea. Beraz, produktuen azaleren ezagutza sakona behar da, eta horretarako baliatzen ditugu gure 3D digitalizazio-teknika optikoak.

 

Integradde proiektuak metalezko fabrikazio gehigarria du ardatz, eta horrek baditu abantailak eta desabantailak ere, ezta?

Erronka handiena da metalaren munduko fabrikazio-prozesu tradizionalak material-gehikuntzako prozesuez ordezkatzea. Metalezko fabrikazio gehigarriaren abantaila handiena da kanpoko forma eman diezaiekezula zure objektuei, baina baita ere barneko egiturak sor ditzakezula, beste ezein prozedurarekin lortu ezin direnak.  Piezak badu bolumena eta solidoa da, baina posible da barnean hutsuneak sortzea arinagoa izan dadin, edo bere propietate fisikoak hobetzea, eta barneko egitura horiek sekulako iraultza dira produktu askoren fabrikazioan. Esan ohi da metalezko fabrikazio gehigarria motelagoa dela, baina aukera ematen du erauzketako mekanizatu teknika tradizionalekin sortu ezin daitezkeen objektuak sortzeko.

 

Zein da Integradde proiektuaren helburu nagusia?

Elkarreragingarritasun digitala lortzea. Fabrikazio gehigarriko edozein prozesutan, ahaleginaren % 80 arlo digitalean egiten da: datuak sortzea, datuak manipulatzea, kalkuluak egitea, kopia digital bat sortzea… Eta sistemen arteko elkarreragingarritasunari esker lortzen da prozesu guztiak lotzen dituen hari digitala. Sistemak elkarrekin integratzen dira hizkera bera badute. Fabrikazioak bide luzea egin behar du oraindik ekipo guztiei (softwarearen diseinua, CAD tresnak, elementu mugatuen simulazioak, kalitatearen kontrola…) elkarreragingarritasun hori emateko berme guztiekin, eta horretan ari gara lanean. Datapixel-ek proposatzen du QIF (Quality Information Framework) izeneko estandarra erabiltzea; nazioarteko lehen estandarra da, laster eskuratuko du ISO ziurtagiria, eta guk fabrikatzen ditugunak bezalako sistemen elkarreragingarritasuna ahalbidetuko du.

 

Hari digital horrek zibersegurtasuna behar du. Bermatu behar dugu hari digitalaren barruan erabiltzen ari garen informazio guztia egonkorra dela, eta ez dela aldatuko. Zibersegurtasunaren mundua funtsezkoa da fabrikazioan. Sistemek, elkarreragingarriak izateaz gain, seguruak izan behar dute.

 

Zein puntutan dago une honetan Integradde proiektu pilotua?

Integradde 2018aren amaieran hasi zen, hiru urte iraungo ditu eta une honetan bide erdian gaude. Oraingoz, elkarreragingarritasunaren oinarriak ezarri ditugu. Prozesuen oinarriak jarri ditugu, hasi diseinutik eta simulazio, neurketa, eta fabrikazioraino, eta ezaugarri guztiak deskribatu ditugu elkarreragingarriak izan daitezen. Bestalde, lehen esperientzia errealak egin ditugu lantegietan. Teknologiak frogatzea helburu duen proiektu pilotu batek enpresa bakoitzaren funtzionamendua ulertu behar du lehenbizi. Ulertu behar da nolakoak diren prozesuak, nolakoak diren fabrikazio-inguruneak eta zein baldintza bete behar ditugun fabrikazio-proiektu anitz eta desberdinei erantzuteko.

Lotutako albisteak

Polypalek  bi  proiektu  garatu  ditu  biltegiratze  industriala  optimizatzeko  irtenbide  pertsonalizatuekin
14/10/2026 Berrikuntza

Polypalek bi proiektu garatu ditu biltegiratze industriala optimizatzeko irtenbide pertsonalizatuekin

Bizkaiko enpresak 115 urte baino gehiagoko esperientzia du biltegiratze-soluzioetan, eta 30 herrialde baino gehiagotarako apalategi industrialak, solairuartekoak eta leihatilak ekoizten ditu.

D&A  Innovative  Systems  enpresak  soluzio  adimendunak  garatzen  ditu  digitalizazio  industriala  bizkortzeko

D&A Innovative Systems enpresak soluzio adimendunak garatzen ditu digitalizazio industriala bizkortzeko

Euskal enpresak IoT, adimen artifiziala eta biki digitalak erabiltzen ditu industriari prozesuak optimizatzen, aktiboak monitorizatzen eta konektatuago dagoen makineria garatzen laguntzeko.

Bianditz  Group:  “Enpresa  sendotu  baten  indarraren  eta  eboluzionatzen  jarraitzeko  gaitasunaren  arteko  konbinazio  oso  interesgarria  dago”

Bianditz Group: “Enpresa sendotu baten indarraren eta eboluzionatzen jarraitzeko gaitasunaren arteko konbinazio oso interesgarria dago”

Bianditz Group-eko finantza-zuzendari berriak, Borja Infantek, konpainiaren hazkunde-potentziala nabarmendu du, eta digitalizazioaren, etengabeko hobekuntzaren eta talentuaren garapenaren alde egin du etorkizuneko erronkei aurre egiteko palanka gisa.

Bexen  Cardio,  Ermuko  enpresa,  da  desfibriladoreen  fabrikatzaile  bakarra  estatu  osoan
06/10/2026 I+G+B

Bexen Cardio, Ermuko enpresa, da desfibriladoreen fabrikatzaile bakarra estatu osoan

Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du Fast Track Innobideak programaren bidez, eta Madrilgo autobus-flotarekin kontraturik handiena lortu du

SaveFamily,  haurrentzako  smartwatchak  eta  familia  osoarentzako  teknologia

SaveFamily, haurrentzako smartwatchak eta familia osoarentzako teknologia

Enpresak Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Parke Teknologikoan du egoitza, eta adinekoentzako telelaguntza- eta lokalizazio-soluzioak eskaintzen ditu, eta gailu eta aplikazio berrietan egiten du lan.

ELEVATE  proiektu  europarrak  abiazio  elektrikorako  egoera  solidoko  baterien  garapenean  aurrera  egiten  du
05/10/2026 Berrikuntza

ELEVATE proiektu europarrak abiazio elektrikorako egoera solidoko baterien garapenean aurrera egiten du

CIDETEC Energy Storage-k parte hartzen du 21700 formatuko ion-litio prototipoko gelaxketarako elektrolito solidoen garapena, karakterizazioa eta balidazioa gidatzen eta elektrolitoa fabrikatzeko ereduak sortzen.

SAFEMek  60  urte  baino  gehiagoko  esperientzia  industriala  du  hutsaren  etorkizunera  begira
01/10/2026 Berrikuntza

SAFEMek 60 urte baino gehiagoko esperientzia industriala du hutsaren etorkizunera begira

Gipuzkoako enpresak fabrikazioa, konponketa, mantentze-lanak eta ingeniaritza uztartzen ditu, nazioarteko presentzia gero eta handiagoarekin eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin.

Gaptainek  prebentzio  eta  ongizate  tresna  bihurtu  du  hezkuntza  digitala

Gaptainek prebentzio eta ongizate tresna bihurtu du hezkuntza digitala

Euskal enpresak teknologiarekin lotutako arriskuei buruzko sentsibilizaziotik abiatuta, ikastetxeei eta familiei ikasleen bizikidetza eta ongizatea hobetzen laguntzen dien plataforma integral bat garatu du.

Otsabio,  lau  hamarkadako  bilakaera  etengabea,  makineriaren  fabrikazioan  erreferente  bihurtzeko
28/09/2026 Berrikuntza

Otsabio, lau hamarkadako bilakaera etengabea, makineriaren fabrikazioan erreferente bihurtzeko

Gipuzkoako enpresak ebaketa- eta siderurgia-lineen sektoreko makineria industriala fabrikatzen du. 2025ean Otsamek erosi zuen tamaina handiko eta doitasun handiko osagaien mekanizazio-lerroa indartzeko.

Tolosako  ia  mende  bateko  errotze  industriala  eta  papera  ebakitzeko  teknologiaren  arloko  munduko  lidergoa  konbinatzen  ditu  Pasabanek
24/09/2026 Berrikuntza

Tolosako ia mende bateko errotze industriala eta papera ebakitzeko teknologiaren arloko munduko lidergoa konbinatzen ditu Pasabanek

Euskadiko enpresak bere ekoizpenaren % 96 esportatzen du, 40 herrialdetan dago presente eta 45 milioi euro fakturatzen ditu

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.