Eusko Jaurlaritzak BIND berrikuntza-plataformarekin bat egiteko 11. deialdia egin die euskal enpresei
Eusko Jaurlaritzak BIND berrikuntza irekiko plataformaren hamaikagarren deialdia egin du, mundu osoko startup disruptiboekin lankidetzan aritzeko interesa duten Euskadiko korporazioei eta ETEei zuzendua. Plataforma horren helburua da berrikuntza-proiektuen garapenari eta prozesuak hobetzeko, energia-efizientzia handitzeko edo industrian emisioak murrizteko gai diren teknologia berrien aplikazioari esker euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea. Inskripzio-epea datorren uztailaren 2ra arte egongo da zabalik.
Gaur egun, hainbat esparrutako (hala hala industriako, energiako, makina-erremintako eta automobilgintzako) erreferentziazko 100 enpresak baino gehiagok hartzen dute parte BIND plataforman. Haien artean, Mercedes-Benz, ITP Aero, Iberdrola, Betsaide, Ormazabal, Tubacex, Talgo, Sidenor eta Eroski korporazioak eta Artiach, Eralki, Loire Gestamp, Loramendi eta Vicrila ETEak daude, besteak beste.
BINDek hamar edizio arrakastatsu bete ditu bere lankidetza publiko-pribatuko erreferentziazko ereduari esker. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Spri Taldearen bitartez sortutako ekimen horrek berrikuntza eta ekintzailetzarako nazioarteko erreferentzia gisa kokatu du Euskadi.
Behar mota orotara egokitutako eredu arrakastatsua
BIND plataformak Euskadiko startup eta enpresa finkatuen arteko konexioak errazten ditu Venture Client ereduaren bidez. Horren bidez, erreferentziazko korporazio eta ETEetan teknologia disruptiboak modu arin eta pertsonalizatuan hartzen laguntzeko foro estrategiko gisa finkatu da. Emaitzazko berrikuntza irekiko proiektuek euskal industria-sarearen lehiakortasuna, efizientzia eta jasangarritasuna bultzatzen dituzte.
Horixe azaldu du eraikuntzaren, nekazaritzaren, industriaren eta lorezaintzaren sektoreetarako tresnak eta produktuak produzitzen dituen Bellota enpresako informatikako zuzendari Javier Ceballosek: “BIND plataforma paregabea da joera teknologikoetan egunean egoteko eta kanpoko laguntzarekin tresna berriak ebaluatzeko. BIND sareak merkatu-balidazioa eta berrikuntza irekiko proiektuen inplementazioa errazten ditu, eta horrek gure lehiakortasuna hobetzea ahalbidetzen du”, adierazi du.
Teknologia berritzaileak garatzen dituzten startupekin egindako lanari esker, enpresek modu pertsonalizatuan erantzun diezaiekete beren erronkei. “Startup batekin lan egiteak aspalditik genuen kezka bat konpontzen lagundu zigun”, adierazi du makineria dardarakorra diseinatzen eta fabrikatzen duen Eralki Engineering enpresako zuzendari tekniko José Luis Baenak. Gainera, azaldu duenez, “BINDek startupak hainbat erronkatan zer egiten ari diren entzuteko atea irekitzen dizu”.
BINDeko partner enpresentzako onurak
BINDekoa eta haren berrikuntza irekiko ekosistemakoa izateak aukera ugari eskaintzen dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handiei:
- Erronka operatibo, erronka produktibo eta ingurumen-erronka berriei erantzutea, enpresa bakoitzera egokituta dauden eta, besteak beste, adimen artifiziala, IoT-a, murgiltze-teknologiak, clean tech-a, konputazioa eta manufaktura gehigarria aplikatzen dituzten soluzioekin.
- Munduko talenturik onenarekin batera lehiakortasuna eta lidergoa handitzea.
- Sektore teknologikoaren azken joerak eta soluzioak detektatu, ezagutu eta aplikatzea, tokiko, Estatuko eta nazioarteko startupen eskutik.
- Beren soluzioa modu arin eta profesionalean inplementatzeko eratutako eta prestatutako startupekin lan egitea.
- Nazioarteko erreferentziazko berrikuntza irekiko eta industria adimenduneko plataformakoa izatea, euskal industriaren eraginkortasuna eta efizientzia handitzen lagunduko duten arrakasta-kasuak partekatzeko aukerarekin.
- Venture Client-eko ahalmenak garatzeko eta startupekin lankidetzan aritzearen inpaktua maximizatzen duten metodologiak eta tresnak gaineratzeko (prozesuak optimizatzeko eta proiektu eta zerbitzu lehiakor eta efiziente berriak garatzeko berrikuntza-iturri gisa) prestakuntza espezifikoa.
- Berrikuntza Irekiko hub handienaren parte izatea, euskal industriako 70 liderrekin batera. Izan ere, 20 inbertitzaile baino gehiago eta 400 arrakasta-kasu baino gehiago biltzen dituen Venture Club bat da.
Onura horiek eta interesa duten enpresen zalantzak maiatzaren 7ko online jardunaldian aztertuko dira: “Nola berritu arriskurik gabe: euskal ETEen arrakasta-kasuak BINDekin”. Saio horretan, Loramendi eta Xardexka ETEek beren arrakasta-kasuak aurkeztuko dituzte. Erregistroa zabalik dago Spriren agendan.
Interesa duten, Euskadin jarduera-zentro bat duten eta berrikuntzarekin eta startupekiko lankidetzarekin interes eta konpromiso handia duten enpresak bind.spri.eus webgunearen bitartez inskribatu daitezke.