Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 14 abendua, 2020 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Uvesco: “Gauzak ahalik eta ongien egin behar ditugu, baina beti besteek baino hobeto”

Uvesco Taldeko zuzendari nagusi José Ramón Fernándezek urte amaiera ona aurreratu du COVID-19a gorabehera, eta iragarri du bere zabalkunde-plana indartuko duela 2021ean
Taldeko zuzendari nagusia José Ramón Fernández de Barrena.

 

Uvesco taldea elikaduraren banaketa-sektoreko jatorri familiarreko enpresa bat da eta Irunen (Gipuzkoa) du egoitza. Une honetan 5.500dik gora profesional enplegatzen ditu, eta lau plataforma logistiko handi eta 238 supermerkatu propio ditu Euskadin, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan, Madrilen eta Avilan. Euskal talde honek, BM eta Super Amara izenekin operatzen duenak, 100 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken urteotan zabalkunde-plan anbiziotsu bat garatzeko eta, plan horri jarraiki, 2027rako besteak beste 50 denda irekitzeko Madrileko erkidegoan. Taldeko zuzendari nagusi José Ramón Fernández de Barrenak SPRI Taldearentzako elkarrizketa batean esan duenez, dena ondo badoa, 900 milioi euro inguruko fakturazioarekin itxiko dute 2020 bitxi hau.

 

2020 honetan ikusi duguna ikusita, urte ona izango al da Uvesco-rentzat?

Galdetzen badidazu gure igurikapenak bete ote ditugun, orduan bai.

Krisialdi honetan gure sektoreak ez du jasan kalterik, aitzitik, esan liteke mesede egin diola, kinka larrian dagoen beste sektore batekin duen loturagatik, hots, Horeca kanalak eta, oro har, ostalaritzak bizi duten egoeragatik.  Hau da, irabaziak mugitu egin dira sektore horretatik banaketa handiaren sektorera, supermerkatu eta hipermerkatuetara eta, jakina, aurten hori mesedegarria izan da gure sektorearentzat, baina soilik salmenten eta merkatu-kuotaren ikuspegitik.

 

Zertan aldatu zaituzte pandemiak?

COVID-19ak bultzada handia eman zion gure onlineko kanalari, onlineko salmentak hamar bider handitu zirelako pandemian. Horren ondorioz, hobekuntza garrantzitsuak egin behar izan ditugu gure azpiegituretan, esaterako, telefono bidezko zerbitzua abiarazi dugu eta, eskaera egonkortu den arren, lehen baino hiru aldiz handiagoa izaten jarraitzen du.

Datorren  urtera begira, baikorra ala eszeptikoa zara?

Esango nuke errealista naizela. Oraindik ikusteko dago datorren urtean nola egongo garen, osasun egoerak baldintzatuko baitu dena, eta horrek ondorioak izango ditu egoera ekonomikoan… Beraz, egunean-egunean ikusi beharko dugu nola aldatzen den dena eta 2021erako geneukan zabalkunde-plana mantenduko dugu. Itxaropentsu begiratzen diogu etorkizunari, eta enplegua eta aberastasuna sortuko dugu gure ingurunean, horixe baita egoerari aurre egiteko modu bakarra.

 

Zergatik da tamaina hain garrantzitsua zuen sektorean?

Oso garrantzitsua da, ez dago zalantzarik. 1968an sortu ginenetik, eta 1993an bat egin eta Uvesco taldea sortu genuenetik, bi modu desberdinetan hazi gara: batetik, modu organikoan, supermerkatu berriak irekiz urtero (2020an zortzi establezimendu berri ireki ditugu, eta datorren urterako beste hamar irekitzea aurreikusten dugu), eta bestetik, modu inorganikoan, sektoreko beste konpainia batzuk erosiz. Bolumen esanguratsua baduzu, gaitasun handiagoa izango duzu hornitzaileekin negoziatzeko, eta horrela gai izango zara kontsumitzaileari salmenta prezio hobeak eskaintzeko. Horregatik da garrantzitsua bolumen handiagoa izatea, prezio lehiakorrak eskaintzeko, baina, bestalde, hor dago produktu freskoaren kontua, eta kasu horretan bolumena ez da hain garrantzitsua, kontrara, kalterako izaten da. Zenbat eta bolumen handiagoa, orduan eta konplikatuagoa da gurea bezalako politika bat aplikatzea eta tokiko hornitzaileengan eta zero kilometroko produktuetan oinarritutako kalitatezko produktuak eskaintzea.

 

Zabalkunde-plan anbiziotsu bat duzue eskuartean, eta zuen helburu nagusietako bat da Madrilen finkatzea. Zergatik?

Gure plana erritmo onean doa aurrera, eta oso gustura gaude. 2020a amaitzean 24 establezimendu izango ditugu Madrileko erkidegoan (2017an iritsi ginenetik irekiak), eta 2027rako 50 izatera iritsi nahi dugu. Hiriburuko salmentei dagokienez, etengabe hazten ari dira duela hiru urtetik. 2017an gure fakturazioaren % 5 baino ez zetorren Madriletik, baina gaur egun portzentajea ia % 10ekoa da.

 

Lehia kezkagarria da ala akuilagarria?

Batez ere akuilagarria. Egia da lehiakide gero eta gehiago daudela, baina hori da jokoaren arauetako bat, eta onartu egin behar da. Beti esaten dut gauzak ahalik eta ongien egin behar ditugula, baina besteek baino hobeto, horixe da gure bereizgarri nagusia. Hau da, jakin behar duzu zertan ari diren lehiakideak eta, ahal den neurrian, eurek baino hobeto egin.

 

Zure ustez, enpresen hazkundea sustatzeko indarrean dauden baldintzak (lan araudia, esparru fiskala…) lagungarri dira enpresentzat?

Oro har, enpresa sektorearen ikuspegitik, uste dut badagoela bolumen garrantzitsuagoa eta tamaina handiagoa izateko eragozpen bat, alegia, lan-araudi zurruna. Zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arazo gehiago dituzu eta eragozpen gehiago bolumena handitzen jarraitzeko… Egoera administratiboak eta fiskalak ere ez dute gehiegi laguntzen, baina gehiago zentratuko nintzateke lan-araudi zorrotzetik eratorritako arazoetan, horixe baita sektore askotan bolumen handiagoa lortzea eragozten duen oztopo handienetako bat.

 

Uvesco harro dago tokiko merkataritzarekin duen konpromisoagatik eta harremanagatik. Zenbat inbertitzen duzue urtero Euskadin duzuen hornitzaile-sarean?

Urteroko inbertsioak baino (eta oso inbertsio garrantzitsuak dira, 100 milioitik gora inbertitzen baitugu urtero tokiko hornitzaileetan) garrantzitsuagoa da aipatzea lortu dugula tokiko hornitzaile txikiek gure supermerkatuetara ekar ditzatela euren produktuak. Tamaina handiko tokiko hornitzaile-talde bakar batekin lan egin beharrean, harremanetan gaude baserritar, abeltzain edo arrantzale kofradia askorekin. Hala, jatorri-puntu desberdin askotara iritsi gaitezke, eta sekulako kalitatea duten produktuak eskain ditzakegu gure supermerkatuetan.

 

Zer erakutsi dizuete kontsumitzaileek krisi honetan?

Kontsumoa ziztu bizian ari dela aldatzen, hori horrela da. Orain askoz garrantzi handiagoa ematen diegu segurtasun neurriei, establezimendu barruko distantziei eta horrelakoei… Horregatik, kontsumitzaileek inoiz baino bisita gutxiago egiten dizkigute. Hau da, gero eta gutxiagotan etortzen dira supermerkatura, baina gero eta gehiago betetzen dituzte orgatilak. Iraganean, supermerkatura joatea ia ekintza sozial bat zen, eta gaur egun, berriz, mantentzen da alderdi hori baina askoz gutxiago.

 

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Berrikuntza
Lotura-teknologien erreferentziazko teknologia-zentro gisa duen lidergoa sendotu du Lortekek
Irakurri gehiago
15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak