SPRIk eta Euskadiko Teknologia Parkeak urrezko A saria lortu dute, EUSKALITen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria
- EUSKALITek 3 erakunde aintzatetsi ditu Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariarekin, 18 A sari eman ditu eta beste 54 erakundek Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso dute
Gaur egin da Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria emateko ekitaldia. Eusko Jaurlaritzak urtero ematen du sari hori, EUSKALIT fundazioaren bidez (euskal erakundeetan kudeaketa aurreratua sustatzeko fundazioa).
José Luis Díaz Manriquek, EUSKALITeko patronatuko presidenteak, ekitaldiari hasiera eman dio, “enpresei eta erakundeei kudeaketa hobetzeko eta eraginkorragoak, lehiakorragoak eta jasangarriagoak izateko laguntza eskaintzeko dugun eginkizuna” berretsiz.
Ondoren, Mikel Jauregi (Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna), Nerea Melgosa (Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa), María Begoña Pedrosa (Hezkuntza) eta Alberto Martínez (Osasuna) sailburuek banatu dituzte sariak.
SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eta Euskadiko Teknologia Parkeak urrezko A saria lortu dute, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria. Sari horrek kudeaketa-praktiketan aurreratuen dauden erakundeak aintzatesten ditu, eta interes-talde guztien, bezeroen, langileen, akziodunen eta, oro har, gizartearen gogobetetze orekatua lortzea du helburu.
Mikel Jauregi sailburuak amaierako hitzaldian azpimarratu duenez, “berrikuntza, nazioartekotzea, teknologia berriak, deskarbonizazioa edo talentua erakartzea lehiakortasun-faktoreak dira etorkizunari begira lan egin behar dugun Euskadiko enpresa eta erakundeentzat. Hori bai, faktore horiek kudeaketa aurreratuko sistema sendo batean oinarritu behar dira. Horregatik, EUSKALITek arlo horretan egiten duen lana funtsezkoa da, 30 urte baino gehiago baitaramatza enpresei laguntzen, kudeaketa-eredu aurreratuagoetarantz eboluzionatu ahal izan dezaten eta, beraz, lehiakorragoak izan daitezen”.
Edizio honetan saritutako enpresek, eta horien artean Euskadiko Teknologia Parkeak eta SPRIk, Kudeaketa Aurreratuko Eredua erabiltzen dute beren kudeaketa-sistema ebaluatzeko eta hobetzeko erreferente gisa, eta sari hori jaso dute EUSKALITeko Ebaluazio Klubeko kideek egindako kanpo-ebaluazio bat jaso ondoren.
Aitor Urzelaik, SPRIko zuzendari nagusiak, adierazi duenez, “sari honek bermatu egiten du SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ahalik eta modu bikainenean kudeatzea Euskadiko enpresen interesak, eta hori horrela da SPRIko pertsona guzti-guztiei eta haien eguneroko lan eta konpromisoari esker”.
Bestalde, Itziar Epalzak, Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusiak, baloratu duenez, urrezko A sariak “bikaintasunaren aldeko gure apustu iraunkorrean mugarri berri bat lortzea dakar; mugarri horrek, Parkeko taldearen ahalegina eta dedikazioa aitortzeaz gain, ildo horretan lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, badakigulako gurea bezalako proiektu batek zentzua duela soilik gure enpresei zerbitzurik onena ematen badiegu”.
Guztira, EUSKALITek 3 erakunde aintzatetsi ditu Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariarekin, 18 A sari eman ditu eta beste 54 erakundek Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso dute.
Lotutako albisteak

Buruplast automobilgintzaren sektorerako osagai plastikoak fabrikatzen zentratzen da
Arabako enpresaren bezerorik handiena Mercedes-Benz da, bai estatuan, bai nazioartean. Horregatik, Mercedes-Benz VAN.EArako proiektuetan parte hartzearen aldeko apustua egiten du.

Mongar, lau hamarkada Bizkaiko galdaragintzari eskainiak
Enpresak merkatu berrietara ireki eta bezero berriak erakarri nahi ditu, baita lantegiko eta bulego teknikoko langileen plantilla handitu eta produktu berriak garatu ere.

Eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko topaketa batean parte hartu du SPRIk Belgikan
Ekosistema adimendunak eta berritzaileak bultzatu nahi ditu Clusters Meet Regionek

EMA Ergonomiak lan-inguruneetan kargak manipulatzeko irtenbideak eskaintzen ditu
Gipuzkoako enpresak lanpostuen ergonomia hobetzeko makinak diseinatzen ditu, laneko lesioak eta bajak izateko arriskua nabarmen murrizteko.

Lehendakariak Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori eman dizkie Joxe Mari Korta 2024 sariak
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburu Mikel Jauregi buru izan duen epaimahaiak balioan jarri du sarituek enpresa-munduan duten inplikazioa eta besteak beste gazteei emandako babesa eta enpresen konpromiso soziala nabarmendu ditu