Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 18 iraila, 2023 Berrikuntza

IDK-k kontrol telematikoko txartel elektroniko bat fabrikatu du aerosorgailuen mantentze prebentiboan erabiltzeko

Gipuzkoako enpresa erreferentea da EMS zerbitzu-enpresen artean, eta sektore hauetan dihardu: sarbideen kontrola, automozioa, tren-sektorea, kontsumo-elektronika, industria, IOT edo ‘smart city’ sektorea.

Industria elektronikoaren fabrikazioan hiru hamarkada baino gehiagoko esperientzarekin, IDK Elektronika enpresa erreferente bat da EMS (Electronics Manufacturing Services) zerbitzu-enpresen artean. Andoni Zapirain Elizaldek, IDK Elektronikako zuzendari teknikoak, aitortu duenez, “gure ekoizpen- eta kudeaketa-sistemetan, langileen kualifikazioan eta baliabide teknologikoetan egindako inbertsioei esker lortu dugu erreferente izatea, gero eta zorrotzagoa den merkatu batean gure bezeroen eskakizunak betetzeko helburuarekin”.  

Euskal enpresaren jarduera txartelen eta produktu elektronikoen muntaketan, proban eta banaketan oinarritzen da, bezeroei eta jatorrizko ekipoen fabrikatzaileei, hain zuzen ere. Osagai elektronikoak (erresistentziak, kondentsadoreak, erdieroaleak, etab.) kokatzea eta soldatzea da ekoizpen-prozesuaren xedea. Zapirain Elizaldek nabarmendu duenez, zirkuitu inprimatuko plaka horiek “osagai horien euskarri diren elementuak dira, eta, gainera, elektrikoki konektatzen dituzte, bezeroek nahi duten helburua bete dezaten”. 

Berriki, Errenteriako konpainiak kontrol telematikoko txartel elektroniko baten fabrikazio prozesuan parte hartu du, aerosorgailuen funtzionamendu mekanikoan funtsezkoak diren piezen mantentze-lan prebentiborako. “Horren bidez, aerosorgailuak kokatuta dauden lekuetara joan beharra saihestu nahi da, dagozkion egiaztapenak eta mantentze-lanak urrutitik egiteko”, azpimarratu du euskal enpresaren ordezkariak. 

Alde horretatik, IDK Elektronikan “gure prozesu eta zerbitzuen berrikuntzaren alde egiten dugu, bide horretatik lortzen baitugu gure kalitate-estandar handiekin jarraitzea”, nabarmendu du. 

Euskal enpresak hainbat sektoretarako egiten du lan, hala nola sarbideen kontrola, automobilgintza, tren-sektorea, lighting-a, kontsumo-elektronika, industria, IOT edo ‘smart city’ sektorea. “Gure bezero nagusien artean daude Salto Systems, Irizar, CAF edo Météo Omnium”, dio Andoni Zapirainek. 

Iberiar penintsulako merkatuan kokatuta

Gaur egun, batez ere Iberiar Penintsulako merkatuan dihardu (Espainia eta Portugal), eta Frantzian eta Herbehereetan lanean hasi da. “Gure lantegiek presentzia handia dute nazioartean, gure OEM bezeroak mundu osoan ezarri baitira”, zehaztu du zuzendari teknikoak. 

Zapirain Elizaldek aurreratu duenez, Gipuzkoako enpresak orain 110 pertsona ingurukoa den plantilla “% 5 eta % 10 artean handitzea” aurreikusten du 2024rako 

Aurreko urtean 32 milioi euro inguruko fakturazioa izan zuen IDK Elektronikak, eta etorkizuneko helburu hauek ezarri zituen: “diru-sarrerak maximizatzea negozioaren hazkundearen eta hedapenaren bidez, gure berrikuntza-prozesuarekin jarraitzea lehiakortasuna bermatzeko eta gure bezero-zorroa handitu eta dibertsifikatzea”, aurreratu du.  

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.  

Lotutako albisteak

29 iraila, 2023 Berrikuntza
IDRk fusio nuklearreko ITER erreaktorerako isolamendu bereziak fabrikatzen ditu
Irakurri gehiago
Forest Trafic muestras 25 iraila, 2023 Berrikuntza
Forest Trafic-en panelak, liderrak estatu mailan
Irakurri gehiago
20 iraila, 2023 Berrikuntza
Plastikozko pieza jasangarriak fabrikatzeko berrikuntzaren aldeko apustua egin du Viplastica enpresak
Irakurri gehiago
19 iraila, 2023 Berrikuntza
Ventanas Aramburu, ‘exteriorismoan’ adituak metal-arotzeriaren bidez
Irakurri gehiago
7 iraila, 2023 Berrikuntza
Ormola, injekziorako moldeak fabrikatzeko etengabeko berrikuntza
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak