Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 1 Marzo, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Eulen: “Dibertsifikazioari esker negozioaren zati handi bat mantendu ahal izan dugu”

Eulen Taldeko Ipar Zonako zuzendari Endika Martínek nabarmendu du “inguruneari eta bezeroei azkar” egokitzea izan dela pandemia garaian izan duten arrakastaren gakoa
Ipar Zonako zuzendaria Endika Martínez.

 

Eulen talde industriala erreferentziazkoa da mundu osoan eta ospetsua Estatu mailan enpresa, erakunde eta administrazio publikoentzako zerbitzu orokorren arloan, non lider eztabaidaezina baita azken hamarkadetan. 1962an Bilbon sortua —askoren harridurarako—, bere filosofia eta baloreei esker lortu du hazten eta dibertsifikatzen jarraitzea urte hauetan guztietan. Hala, une honetan 90.000 pertsona ditu plantillan mundu osoan eta, taldeko Ipar Zonako zuzendari Endika Martínek azaldu duenez, “indar sozial” horri esker sortu zuen iaz 1.600 milioitik gorako negozioa.

 

Negozio-portfolio hain zabaleko zurea bezalako enpresa batekin –kasu honetan Talde–, beharbada egin beharreko galdera da: zein arlotan ez zaudete sartuta?

Egia da bai, ia jarduera edo sektore guztietan eskaintzen ditugu zerbitzuak edo inplikatuta gaude nolabait. Gaur egun 60tik gora zerbitzuko portfolioa dugu: garbiketa, segurtasuna, ingurumena, laguntza zerbitzuak, zerbitzu soziosanitarioak, mantenimendua, giza baliabide eta enplegurako konponbide globalak, e.a. Gainera, presentzia dugu enpresa eta administrazioen ia jarduera-zerbitzu guztietan.

 

Sekulako taldea, beraz, eta, askok jakin ez arren, Bilbon sortua gainera…

Hala da. Enpresaren sortzailea eta lehen presidentea David Álvarez izan zen. 1962an, Bilboko Hurtado Amezaga kalea mutur batetik bestera ibili zuen oharrak hartuz arteria hartako saltokien erakusleiho kopuru eta azaleraren gainean, horrela kalkulatzeko zein baldintzatan eskaini ahalko zizkien inguru hartako merkatariei erakusleihoak garbi mantentzeko zerbitzu hobeak (bai prezio eta bai kalitate aldetik). Gero, eskaintzak egin zizkien saltzaileei, ikaragarri harrera ona izan zutenak, eta  bere jarduera zabaldu zuen, aurrena inguruko kaleetara eta ondoren Bilbo osora eta inguruko herrietara. Hori guztia, Central de Limpieza El Sol izenarekin. Eta horrelaxe garatu ditugu zerbitzu berritzaileak, gure bezeroen premiei egokitzen zaizkienak.

 

Nolako presentzia duzue Euskadin (langileak, egoitzak-bulegoak…) eta zeintzuk dira zuen jarduera-nitxo garrantzitsuenak?

Une honetan 3.300 kolaboratzaile inguru ari gara lanean Euskadiko gure bezeroekin: Arabako Foru Aldundiaren eraikinen garbiketa, ibilgailu elektrikoen birkarga-puntuen instalazioa eta mantenimendua, merkataritza-guneetako segurtasuna, ibilgu eta ibaien garbiketa, bisita gidatuak Santa Maria Katedralera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzua, menpekotasunaren arreta, prestakuntza…  Eta hori guztia bideratzen dugu gure hamaika bulegoetatik eta ditugun biltegietatik.

 

Zuen enpresaren tamaina nahiko handia izaki, pandemiaren ondorioak txikiagoak dira zuentzat?

Dibertsifikazioari esker lortu dugu gure negozioaren zati handi bat mantentzea, eta horri esker ondorioak ez dira izan hasieran uste genuena bezain txarrak. Pandemiaren lehen hilabeteetan gure bezero batzuek itxi egin behar izan zuten, eta beste batzuek eraikinetako segurtasuna bakarrik mantendu zuten; beste batzuek, berriz, euren jarduera handitu zuten, esaterako ospitaleek edota elikagaien industriak. Garbiketa eta segurtasuna, gaur egun oinarrizko jarduerak deitzen direnak, izan dira pandemiak gutxien kolpatu dituenak, eta, gure kasuan, baita ere ingurumenarekin lotutako jarduerak.

 

Eta kaltetuenak?

Hezkuntza arloko zerbitzu guztiak, jarduera horiek eten egin baitziren pandemiaren hasieratik,  eta baita ere kultura eta kirol arloetako zerbitzuak eta bulego handientzako zerbitzu orokorrak, orain apurka-apurka suspertzen hasi dira baina. Aldi-baterako lana ere oso kaltetua izan da hasieratik, eta astiro ari da oneratzen.

 

Testuingurua gorabehera, posible al da baikorra izatea?

Aurreko asteko paper batzuei begira nenbilela, iazko uztailean CEBEKen egin zen ekitaldi baterako nik idatzitako  hitzaldi bat aurkitu nuen, zeinetan gogoeta batzuk egiten nituen garai hartan bizi genuen egoerari buruz. Laburbilduz, honelako zerbait zen: “Beldurra galdu behar da, baina ez errespetua. Eta jo aurrera”. Berdin pentsatzen jarraitzen dut. Gauza berri bat da hau, inongo enpresak ez duguna identifikatuta izan arrisku gisa, eta berarekin bizi beste aukerarik ez dago. Inguruneak gero eta azkarrago aldatzen dira, gure bezeroak ere bai, eta gure esku dago ahalik eta azkarren egokitzea inguruneari eta bezeroei. Adibide bat jartzearren, azken urte honetan 68 zerbitzu berri diseinatu ditugu eta 132 proiektu kudeatu.

 

Eulen bezalako talde bati zertarako balio dio krisi honek zure ustez?

Hainbat gauzatarako. Balio izan digu, adibidez, “taldeko kide izatearen harrotasuna” zer den jakiteko. Baita ere jakiteko enpresa hau osatzen dugun langile guztiok primeran erantzun dugula, eta orain badakigu lantalde paregabe bat sortu dugula elkarrekin, hilabete zail hauetan bere onena ematen jakin duena. Eta oinarrizko zerbitzuak hain garrantzitsuak izaki, enplegua dinamizatu dugu eta esango nuke paper garrantzitsua jokatu dugula, gainerako gizarte-eragileekin batera, egoera honetatik elkarrekin irteteko eta datozen hilabeteei ahalik eta ongien aurre egiteko.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak