Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 25 apirila, 2022 Berrikuntza

AYA, Eibarko azken maisu armagina

107 urteko historia eta 26 artisauz osatutako lantaldea duen Aguirre y Aranzabal (AYA) konpainiak eboluzionatu egin du, nazioarteko erreferente bihurtzeraino ehizarako eta kirol-tiraketarako luxuzko eskopeten arloan

Eibar (Gipuzkoa) herri armagina da AYA (Aguirre y Aranzabal) konpainiaren jaioterria. Miguel Aguirrek eta Nicolás Aranzabalek 1915ean sortua, ehizarako armak egiten zituen Eibarko lantegi handienetakoa izan zen bere garaian. Garaiko bi ekintzaile haiek senari jarraitu zioten euren ametsa egia bihurtzeko. Zailtasun handiak gainditu eta euren burua behin eta berriz berrasmatzen ikasi ondoren, gaur egun, hots, mende bat geroago eta plantillan 26 maisu artisau dituztelarik, mundu mailako erreferente bihurtu dira ehizarako eta kirol-tiraketarako luxuzko armen diseinuan eta fabrikazioan, azaldu du Álex Aranzabalek, enpresako zuzendari nagusi eta familiaren laugarren belaunaldiko kideak.

AYAren historia biziraupen-istorio bat da, Eibarren hilzorian dagoen sektore bateko azken hondarra zaretelako, ezta?

Esan liteke biziraun dugula, zeren nahikoa erronka baita gurea bezain berezia den sektore batean mende bat betetzea… Gure kasuan, kirol arloko bi arma mota bereizi behar ditugu. Geurea, artisaua, eskopeta fina deitzen dena, eta produkzio-lote handiak egiten dituen serieko fabrikazioa, AYAn esan ohi dugun bezala, arimarik gabeko eskopetak. Eibarren eskopeta finen fabrikazio prozesua garatu da gehienbat. Goi-mailako kualifikaziodun artisauek egiten dituzte eskopetak, baskula, kulata eta kañoi guztiak banan-banan landuz, eta detaile guztiak zainduz. Gaur egun gu gara horrelako eskopetak hasieratik bukaeraraino egiten dituen fabrikatzaile bakarra, eta ez bakarrik hemen, baita Estatuan ere.

Duela ez hainbeste, Eibarren berrogeita hamar bat enpresa aritzen ziren armak egiten. Zenbat geratzen dira orain?

Dozena erdi inguru esango nuke, eta guk hornitzen dizkiegu behar dituzten oinarrizko osagaiak. Pena da, bere garaian Eibar mundu mailako erreferente izatera iritsi baitzen, eta baita gure enpresa ere. 60ko hamarkada inguruan, 500 langile genituen eta 20.000 arma fabrikatzen genituen urtean. Baina merkatuak aldatu egiten dira, eta ezinbestekoa da testuinguru berrietara egokitzea…

Noraino iristen dira AYAren luxuzko eskopeta eta errifleak?

Gure produkzio osoaren ia % 95 atzerrira doa. Horregatik, esango nuke “made in AYA” ehizarako eskopetak mundu osoan daudela, herrialde jakin batzuetan izan ezik, adibidez, Txinan eta Japonian. Presentzia daukagu Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Benelux multzoko herrialdeetan, eta orain aukerak aztertzen ari gara eremu komertzial berriak irekitzeko ehizarako tradizio handia duten herrialdeetan, esaterako Errusian eta Europa ekialdean.

Zenbat denbora behar da zuen modeloetako bat fabrikatzeko?

Une honetan hamaika hilabeteko epeak ematen ditugu eskopeta “sinpleentzat”, baina etengabe jasotzen ditugu eskaera berriak eta hemendik gutxira urtebeteko epea eman beharko dugu guztiei erantzun ahal izateko.

Eta zein prezio dute?

Normalean, 8.000 euro inguru, edo bezeroak gastatu nahi duen guztia, armaren kustomizazioaren arabera. Kontuan izan behar da zenbait bezerok multzoka eskatzen dizkigutela eskopetak: bikoteka, hirukoteka, seikoteren bat ere bai…  Enkargu pertsonalizatu horiek etengabeko erronka dira gure artisau maisuentzat.

Zerk egiten du AYA berezi?

Gure lan-moduak eta bezeroari ematen diogun tratuak. 80ko hamarkadaren amaieran gogoeta-prozesu bat egin genuen, eta erabaki genuen goitik behera aldatzea enpresa lehiakorrago izan zedin. Orduan erabaki genuen gutxiago fabrikatzea baina kalitate handiagoarekin, eta horri esker desberdinak eta bakarrak gara, besteak beste gure produkzio-prozesu guzti-guztiak integratzea ere lortu dugulako. AYAko eskopeta fin guztiak etxean eginak dira.

Bezeroek zergatik uzten dituzte bertan behera euren armak?, modelo berriak erosteko?

Esklusiboki norberarentzat fabrikatu den eskopeta batek balio sentimental handia izaten du. Horregatik, horrelako armak bertan behera uzten dituztenak dira arma horiek oinordetzan jaso dituztenak eta ehizarako edo kirol-tiraketarako afiziorik ez dutenak. Normalean, AYA eskopetekin ehizatu duten bezeroek errepikatu egin nahi izaten dute, eta haien senide eta lagunek ere bai.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak