Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 2 Azaroa, 2022 Berrikuntza

AJLk ikusmena berreskuratzeko aukera ematen duen inplante bat garatu du “galdutzat jotako” begientzat

Egoitza Arabako Teknologi Parkean duen konpainia hau da begi barneko lenteak egiten dituen Estatuko fabrikatzaile bakarra
Eva Larra.

Arabako Teknologi Parkeak hiru hamarkadatako bere ibilbidean metatu duen talentu berritzailearen adibide bat dugu AJL Ophthalmic konpainia, begi barneko lenteak eta oftalmologiaren esparruko beste osasun-produktu  batzuk egiten dituen Estatuko fabrikatzaile bakarra. Presente dagoelarik mundu osoko 80tik gora herrialdetan, eta urtez urte handitzen doan banatzaile-sare zabal bat duelarik, 70 langileko plantilla du eta bere fakturazioaren % 30 esportazio bidez lortzen du (2010ean portzentaje hori guztizkoaren % 5 eskas zen). Apustu horri esker, eta konpainiaren 30. urteurrenarekin batera, DHLren “Esportazioaren Atlas Saria” irabazi du duela gutxi. Araudi Arloko eta Produktu Berrien Garapeneko zuzendari Eva Larrak dioenez, konpainiaren “begi onaren” erakusgarri da sari hori.

Zer geratzen da 1992ko uztailaren 1ean sortu zen AJL hartatik?

Esango nuke garrantzitsuenari eutsi diogula, enpresaren funtsari. Nire ustez gauza gutxi aldatu dira, tamaina bai, jakina, eta produktu-zorroa ere bai, orain askoz handiagoa baita, baina gure zutabe nagusiak bere horretan mantendu ditugu: I+G-ren aldeko apustu irmoa eta pazienteen bizi-kalitatea -batik bat begietako patologiekin zerikusia duena- hobetuko duten produktu berriak garatzeko konpromisoa. Finean, iruditzen zait enpresa borrokalaria garela, multinazional handien artean bere bidea egiten asmatu duena eta gaur egun ere enpresa handi horiei aurre egiteko gai dena.

Jarduera ere berbera da?

1992an gure jarduera nagusia banaketa zen, eta hori izan da egin dugun aldaketarik handiena, 1995etik aurrera begi barneko lente propio bat fabrikatzen hasi baikinen. Harrezkero ikertzen eta produktuak garatzen jarraitu dugu, batez ere oftalmologiaren esparrurako, eta gaur egun inplante eta osasun arloko produktuak egiten ditugu, begietako kirurgia eta patologia desberdinetan erabiltzeko. Hala, gure jarduerak oftalmologiarako produktuen garapenean zentratuta jarraitzen du, baina egia da beste merkatu batzuetara dibertsifikatu garela, esaterako albaitaritzara, eta azken urteotan aurpegia eta masailezurra berreraikitzeko inplante-linea bat garatu dugu.

Orduan, funtsa berdina da?

Bai. Hurbileko enpresa bat gara, osasunaren arloko profesionalei -esaterako oftalmologoei- entzuten diena, eurak direlako zailtasunak eta konpondu gabeko arazoak ikusten dituztenak euren eguneroko lanean. Profesional horiek guregana jotzen dute ideia batekin, eta guk entzun egiten diegu eta garapen posible baten bideragarritasuna baloratzen dugu; halaxe, taldean lan eginez, garatu ditugu gaur egun fabrikatu eta saltzen ditugun produktu asko.

Harrigarria da pentsatzea Estatu Batuetan duzuen negozio-ildo garrantzitsuenetako bat txakur eta katuentzako lenteena dela…

Hemen ia inork ez ditu maskotak operatzen begi-lausoa kentzeko, baina txakurrek, pertsonek bezalaxe, gaitz hori garatzen dute zahartzen direnean, eta Estatu Batuetan oso barneratua daukate maskoten zaintzaren kontua. Eurentzat maskotak familiako kideak dira, eta etxekoak bezala zaintzen dituzte. Horregatik, lente asko saltzen ditugu katuentzat baina, batez ere, txakurrentzat. Bitxikeria gisa, katamotz batentzako lente pertsonalizatu bat garatzen ari gara, Portugaleko albaitari batek eskatu diguna, eta emaitza bikainak ematen ari den kolagenozko mintz bat garatu dugu korneetako ultzerentzat.

AJLrentzat zergatik da lehentasunezkoa nazioarteko merkatua?

Enpresaren estrategiaren barruan, esportazio-jarduera ildo estrategikoa da hazten jarraitzeko. Egia esan, Estatu mailako merkatua da guretzat garrantzitsuenetako bat, Espainiako enpresa fabrikatzaile bakarra garelako. Badugu sare komertzial propio bat, eta nahiz eta oso gustura gauden egungo merkatu-kuotarekin, multinazionalek asko zailtzen digute lana, batez ere amerikarrek. Horregatik, beste merkatu batzuk bilatu behar ditugu. Badugu abantaila bat, oso produktu-katalogo zabala dugulako, eta ez soilik lenteena, baita ere inplanteena (glaukoma, erretina-askatze eta korneako arazoentzako adibidez). Kalitate handiko produktuak eskaintzen ditugu prezio oso lehiakorrean.

Eta Estatu Batuak zergatik izan dira beti lehen jomuga AJLrentzat?

Joerak markatzen dituen merkatu bat delako, eta AEBetako merkatuak atea irekitzen digulako beste herrialde estrategiko batzuetan sartzeko. Oso zaila da sartzea, eskakizun handiak daudelako araudi mailan (entseguak, ikuskapenak…), baina merezi du han saltzeak, beste merkatu batzuetara iristeko zubia delako. Zentzu horretan, badugu enpresa bat Chicagon, eta handik kudeatzen dugu Amerikako merkatuarekin zerikusia duen guztia.

Zertan zabiltzate lanean?

Erretina-askatzeetarako perfluoro bat garatzen ari gara. Duela urte batzuk horrelako produktuek eskandalu handia sortu zuten, batez ere Indian eta Turkian. Kalitate baxuko produktuak ziren, eta produktu horiek erabili zituzten ehundik gora pertsona itsu geratu ziren Espainian. Produktu berri bat garatzen ari gara, berme guztiak izango dituena, ez dadin berriz halakorik gertatu. Korneen transplanteetarako inplanteak dira, baina oso egoera txarrean dauden begietarako pentsatuak; medikuek galdutzat eman dituzten begiez ari gara, huts egin duen transplante bat jaso dutenez alegia. Halako kasuetan, pazienteek begia galtzen dute eta protesi bat (kristalezko begi bat) jarri behar izaten dute. Gure inplanteak itxaropen izpi bat ematen die begia kontserbatu eta ikusmena berreskuratzeko.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak