Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 29 Marzo, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

A&B Laboratorios: “Pertsonak dira gure bereizgarria”

Konpainia arabarrak bere 20. urteurrena bete du kimika berdearen sektoreko erreferente gisa
Patricia Gutiérrezek, fundatzailearen alaba eta egungo zuzendari nagusia.

 

José Luis Gutiérrezek amets baten haziak erein zituen duela 20 urte Jundizko industrialdean: jasangarritasunari eta ingurumenari estuki lotutako enpresa kimiko bat sortzea. Bi hamarkada geroago, A&B Laboratorios izenarekin sortu zen asmo-deklarazio hura errealitate sendo bat da, 35 pertsona enplegatzen dituena, bere adarrak 20 herrialdetara zabaldu dituena eta familiaren bigarren belaunaldian dagoena. Patricia Gutiérrezek -fundatzailearen alaba eta egungo zuzendari nagusia- kontu handiz zaintzen du jaso duen ondarea, bizirik jarraitu dezan eta batez ere A&B-ren produktuak eraginkorrak izan daitezen eta ingurumena errespetatuz fabrikatu daitezen. Negoziatu ezinezko baldintza da hori. Horretaz guztiaz mintzatu zaigu Arabako enpresaria SPRI Taldearekin izan duen topaketan.

 

Zorionez, pandemia ez da hain latza izan zuentzat, oinarrizko agenteen multzoan zaudetelako. Krisia lehertu zenetik urtebete igaro den honetan, zein da zuen azken hilabeteetako balantzea?

Gustatuko zitzaigukeen egoera desberdina izatea, baina hain azkarra eta bortitza izan zen dena, ez genuela izan astirik erreakzionatzeko. Zorionez, lehendik ere ongi ari ginen lanean desinfekzioaren eta gel hidroalkoholikoen arloan, beraz, bageneuzkan Osasun Sailaren berme guztiak. Horri esker, hasierako egoera latz hartan lagundu ahal izan genuen, eta emaitza on samarrekin bukatu genuen urtea.

 

Zein ikasgai atera duzue esperientzia honetatik?

Atzera begiratuz gero, enpresaren digitalizazioak dakarren iraultza nabarmenduko nuke, gurean pandemia iristearekin batera garatu zena. Beti hor egon da osasunarekin eta ingurumenarekin hartua dugun konpromisoa, baina pandemiak aldatu egin du gure lan egiteko era, hots, bezeroarengana hurbiltzeko eta bezeroa hobeto ulertzeko modua.

 

Aukera duzuen guztietan adierazten duzue faktore humanoa “negoziaezina” dela zuentzat. Zer esan nahi duzu zehazki?

Aitak beti esaten zuen pertsonak direla gainerako enpresengandik bereizten gaituzten faktorea. Horregatik, beti ahalegindu gara lankideak ongi zaintzen, ia familia bat bezalakoak garelako. Elkar zaindu behar dugu eta egiten duten lana eskertu. Uste dut alferrik izango duzula produktu bikain bat edo enpresa kudeatzaile paregabe bat, ez baduzu zure filosofia, ilusioa eta konpromisoa partekatzen dituen lantalde bat.

 

Nola lortzen da langile batek enpresaren kamiseta janztea berea balitz bezala?

Aitak maitasun handiz egiten zuen egiten zuen guztia, eta pentsatzen dut horrek izango zuela eragina. Bertute hori esku batean eta lankideekiko konpromisoa bestean hartuta bazabiltza –bizitza osorako lankideak baitira-, erreakzio horixe lortzen duzu. Harreman on guztiak konfiantzan oinarritzen dira, horrela lortu dugu gaur enpresan daukagun guztia.

 

Hortaz, horretan datza gainerakoengandik bereizten zaituzten balorea?

Lehen mailako oinarri zientifiko eta kimikoa dugu, baita ere sektorean sona handia duen lantalde bikaina, baina gure bereizgarria zer den esan beharko banu, esango nizuke pertsonak direla, 2001ean abentura honi ekin genionetik izan duten gaitasun, inplikazio eta maitasunagatik. Itzulera hori ezin da ordaindu.

 

Konpainia hau duela 20 urte sortu zen garai hartan apurtzaileak ziren kontzeptuetan oinarrituta: jasangarritasuna, kimika berdea, ingurumena… Gaur esan dezakegu kontzeptu aski ezagunak direla, baina nolakoa izan zen sektorean sartu zineteneko unea?

Hori aitaren lana izan zen, erdia erokeria eta erdia iragarpena. Beti esaten zuen gizaki eta enpresa gisa gure betebeharra zela mundua guk aurkitu dugun baino hobeto uztea, eta horretan oinarrituta garatu zen gure enpresaren eta bere langile guztien filosofia. Grina hark berehala kutsatu gintuen inguruko guztiak, eta itsu-itsu sinetsi genion baietz, posible zela gure sektorearen irudia garbitzea, eta mundu kimikoak ez zuela zertan izan ikuspegi negatiborik. Beti esaten zuen bazeudela kimika egiteko beste modu batzuk, eta natura zela eredutzat hartu behar genuena. Esan dizut, iragarle bat zen.

 

Eta kontzientzia ekologikoa berezkoa zuen…

Jakina! Eta, gainera, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin zuen gure produktuen fase guztietan, % 80raino murriztuz beste produktu tradizional batzuekiko inpaktua. Filosofia horri eta aitzindari izateari esker, gaur egun, hogei urte igaro direnean, beste enpresa batzuek guri begiratzen digute egiten duguna kopiatzeko, eta oso harro gaude.

 

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak