Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

18 maiatza, 2020
Talio: eraldaketa digitala eta zibersegurtasuneko tresnak industria sektorerako

Ismael Medina, Talio enpresako zuzendari nagusia.

 

Bilboko ingeniaritzak antolakundeen eraldaketaren aldeko apustua egin du, garrantzi berezia emanaz zibersegurtasunari

 

2017an sortutako Talio konpainiak enpresaren eraldaketa digitalerako tresnak eskaintzen dizkie bere bezeroei, garrantzi berezia emanaz lan-ingurune desberdinetako segurtasunari. Bilboko bulegoetan dauzkan ia 70 profesionalekin bere zerbitzuak eskaintzen ditu Euskadin, Nafarroan, Kantabrian, Burgosen, Errioxan, Madrilen, Bartzelonan eta baita atzerrian ere. Talio-ren jardueraz mintzatu gara Ismael Medina Talio-ko zuzendari nagusiarekin eta Sergio Alejo enpresako Zibersegurtasuneko arduradunarekin.

 

Zein da Talio enpresaren jarduera?

Talio IT arloko aholkularitza bat da, 25 urteko esperientzia duten proiektu eta profesionaletatik jaioa. Koldo Saratxagak Irizar enpresan aplikatu zuen NER (Harremanetarako Estilo Berria) estiloan oinarritzen gara. NER Group taldearen bidez, Saratxagak erabat aldatu zuen antolakunde bat eramateko modua, pertsonak erdigunean jarriz, pertsonen askatasuna eta erantzukizuna sustatuz, eta gardentasunez eta talde auto-kudeatuekin jokatuz.  Horrekin batera, enpresaren beraren baloreak dauzkagu: etika, konfiantza, kalitatea, berrikuntza, komunikazioa, askatasuna, erantzukizuna eta konpromisoa.

 

Gure jarduerari dagokionez, Talio-n hainbat ildo lantzen ditugu. Lehenik eta behin, sistemak: bai azpiegiturenak (ekipamendua, lan-estazioak, zerbitzariak…) eta bai zibersegurtasunekoak (lanpostukoa, perimetrala, prebentiboa…). Bigarren ildoa softwarea garatzeko konponbideak dira, hasi adimen artifizialeko proiektuetatik edo robotak erabiliz zereginak automatizatzetik, eta web proiektuetaraino. Hirugarren ildoak oinarritzat dauka eraldaketa deritzana, hau da, prestakuntza eta aholkularitza, hala presentziala nola onlinekoa. Eta azkena ingeniaritza da, bai mekanikoa eta baita ere egitura metalikoena.

 

Nolako harremana du Talio-k 4.0 Industriarekin?

Enpresetan gertatzen ari den iraultza honek aurrera egingo badu, antolakundeen zati industriala integratu behar dugu IT-ren aterkipean, hau da, sentsorizatu egin behar dugu eta sentsoreetatik eskuratzen diren datu guztiak kudeatu behar ditugu. Zentzu horretan, Talio-k konponbideak ematen ditu zibersegurtasunerako, informazioa biltegiratzeko, jasotako informazioa big data prozesuen bitartez tratatzeko eta adimen artifiziala aplikatzeko.  Eta prozesu horietan laguntzailetzat dauzkagu Dataset edo Decidata bezalako enpresak.

 

Adibideren bat jar dezakezu?, baduzue 4.0 Industriarekin eta eraldaketa digitalarekin lotutako kasu arrakastatsuren bat?

Gure bezero gehienak industria sektorekoak dira, eta gure zerbitzuetako asko eraldaketa digitalean zentratuta daude. 4.0 Industrian asko zabaldu da biltegiak eta stock-ak kontrolatzeko beharra. Horregatik, askotan ezartzen ditugu datu horiek kontsultatzeko softwareak. Talio-n segurtasun osoz instalatzen ditugu tresna horiek lantegi industrialetan, usagarritasuna eta sinpletasuna lehenetsiz. Denboran iraungo duen lan-sistema seguru bat sortzen dugu.

 

Adibidez, Wi-Fi sareak instalatu ditugu lantegietan. Wi-Fi pistolak ezartzen ditugu datuak denbora errealean transmititzeko, kontuan izanik lantegi batzuk oso konplexuak direla, egitura eta makina asko dauzkatelako, eta estaldurak ehuneko ehunean iritsi behar duela espazio guztietara. Gainera, segurtasuna eman behar zaie instalatzen ditugun sistemei, inork ez dezan atzeman transmititutako mezua.

 

Orobat egiten ditugu sareen segmentazioko proiektuak eta sarbideen kontrolerako sistemak, lantegi bateko sareak ez daitezen egon bulegoko sareekin konektatuta, eta batak ez dezan inpakturik izan bestean.

 

Azken horri dagokionez, hots, sareen segmentazioaren kasuan, zuen bezeroak ohartzen dira zein beharrezkoa den IT inguruneak eta OT inguruneak bereiztea?

IT eta OT inguruneei dagokienez, esango nuke azken urteetan hiru fasetatik igaro garela. Lehenengoan, OT ingurunea (produkzioko ingurune tradizionala) deskonektatuta zegoen, ez zegoen ordenagailurik edo Internetera konektatutako makinarik, eta denok lasai geunden.  Bigarren fasean, norbaiti bururatu zitzaion makina-hornitzaileei makinetarako sarbidea eman geniezaiekeela, mantenimendua urrunetik egin zezaten. Kasu batzuetan, makinei Interneterako sarbidea eman zitzaien lehendik existitzen ziren sareetara konektatuta, gauzak azkarrago egiteko. Eta orain, hirugarren eszenatokian sartu nahi dugu, non makina horiek Interneterako konexioa, hots, sarerako sarbidea behar baitute, baina bakar-bakarrik premiazkoa dena, eta ez gehiago. Segurtasun arloko profesionalok ulertarazi behar dugu denak ez duela balio, eta denak ondo funtzionatu behar duela.

 

Oro har, enpresek ulertzen dute zein garrantzitsua den zibersegurtasuna?

Enpresek baino gehiago, enpresa horietako pertsonek ulertu behar dute.  Zibersegurtasunaren garrantziari buruzko mezua aski zabalduta dago, baina orain itxaron egin behar da pertsonek ondo uler dezaten. Badakigu gauza batzuk ezin direla egin, adibidez, ezin dela softwarea edozein webgunetatik deskargatu, ezin dela lizentziarik gabeko software bat instalatu, ezin dela makina batetik Interneterako sarbidea eman makina hori funtsezkoa bada gure negoziorako… baina gauzak azkar egin beharra daukagu, eta azkenean, egin behar ez ditugun gauzak egiten ditugu behin eta berriro. Mezua ondo definituta dago, profesionalak oso astunak gara horrekin, baina pertsonek barneratu egin behar dituzte kanpaina horiek. Enpresan susto handi samar bat (adibidez eraso informatiko bat) izan duen pertsona batek ez du halakorik egingo gehiago.

 

Zibersegurtasunaren testuinguru honetan, zer iruditzen zaizue Basque Cybersecurity Centre martxan jarri izana?

Uste dut behar genuela norbait euskal enpresen eta gure industriaren segurtasuna zaintzeko, eta sektoreko profesionalentzat batasun-gune bat izateko.  Enpresa bakoitzak bere prozedurak zeuzkan, eta inork ez zien jarraipenik egiten edo inork ez zituen egiaztatzen; dena zen erabat zentzugabea. Profesionaloi oso ongi datorkigu Basque Cybersecurity Centre bezalako erreferente bat izatea gure prozedurak kontrastatzeko eta sistemak ezartzen laguntzeko. Eta enpresei ere bai, orain badutelako nora jo zalantzak dauzkatenean, eta hori funtsezkoa da.

 

Zeintzuk dira Talio-ren etorkizuneko erronkak?

Gure erronka handiena da Talio erreferentziazko enpresa bihurtzea, ezagun egitea gauzak egiteko dugun moduagatik, eta denek gure enpresan lan egin nahi izatea. Gure asmoa da merkatuan ezagun egitea eta erreferente izatea gure negozio-ildo guztietan, goi-mailako aholkularitza sistemak garatzea, zibersegurtasunari garrantzi berezia ematea, software garapenak instalatzea konponbideen ildotik, antolakundeak digitalki eraldatzea, pertsonei prestakuntza eta laguntza ematea, eta ingeniaritzako sektore desberdinetara iristea.

 

Basque Industry 4.0 25 maiatza, 2020
Dronek konponbide berriak ekarri dituzte 4.0 Industriara

  Drone by Drone konpainia nabigatzaile birtual bat garatzen ari da Tecnalia-rekin batera,...Leer más

Las universidades vascas dan un impulso al talento de Euskadi en inteligencia artificial
Basque Industry 4.0 21 maiatza, 2020
Euskal unibertsitateek Euskadiko adimen artifizialaren inguruko talentuari bultzada emango diote

Euskadik aurrerapauso garrantzitsu bat emango du aurten adimen artifizialaren (AA) arloan....Leer más

Coroma para el desarrollo de una nueva generación de robots industriales inteligentes
Basque Industry 4.0 20 maiatza, 2020
Adimen artifizialez garatutako roboten belaunaldi berriak fabrikazio-prozesuak aldatu ditu ontzigintzan, aeronautikan eta energian

Ideko, fabrikazioaren arloan espezializatutako zentro teknologikoa eta BRTAko kidea, azkenengo hiru...Leer más

Basque Industry 4.0 15 maiatza, 2020
Elkarrizketa CIE Automotive enpresako presidente Antón Praderari

Praderak dio zor publikoa handitu behar dela krisiak gogorren kolpatu dituen errentei laguntzeko,...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?