Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

27 apirila, 2020
Robotak eta automatizazioa eraldaketa digitalerako eta produkzio-prozesuak hobetzeko

Robots Gallery-k dio, koronabirusaren osteko faseari begira, enpresek interes handiagoa erakutsi dutela euren prozesuetan robotak sartzeko
Robotak Robots Gallery-ren biltegietako batean.

 

Robots Gallery-k dio, koronabirusaren osteko faseari begira, enpresek interes handiagoa erakutsi dutela euren prozesuetan robotak sartzeko

 

COVID-19aren pandemiak eragindako krisi globala inpaktu handia izaten ari da industria sektorean, baina aldi berean ate berriak ireki ditu robotikaren eta automozioaren arloan. Zenbait enpresak euren fabrikazio-prozesuak eraldatu behar izan dituzte produktu berriak sortzeko, horietako asko osasun arloko krisiarekin lotutakoak, esaterako, maskarak edo gel hidroalkoholikoak. Halaber, konpainia askok robotak sartu nahi dituzte euren prozesuetan jarduera industriala berraktibatzen denean. Robots Gallery-ko zuzendari Jose Gay-Marínekin mintzatu gara robotikaren sektorean dauzkaten igurikapenez.

 

Zer egiten duzue Robots Gallery-n?

Gure enpresa 2015ean sortu zen, eta erabilitako edo bigarren eskuko robotak saltzen ditugu. Euren robot flotak berritu nahi dituzten automozio-sektoreko enpresetara zuzentzen gara, eskaintzen dizkiguten robotak aztertzeko, euren egoera egiaztatzeko eta onenak aukeratzeko. Gero, berregokitu eta aprobetxatu egiten ditugu Bilbon eta Madrilen dauzkagun biltegietan, beste konpainia batzuek beste prozesu batzuetan erabil ditzaten. Une honetan, elikadura sektoretik izugarri eskatzen dizkigute paletizatze-prozesuetara arazorik gabe egokitzeko gai diren robotak.

 

Antzeman duzue eskaera handitu egin dela koronabirusaren krisiaren ondorioz?

Ikusi dugu enpresetako arduradunek interes handiagoa dutela, batez ere berriz erabat irekitzen direnerako. Kasu askotan, lehenagotik aztertuta zeukaten prozesuak automatizatzeko aukera, ez bakarrik paletizatzeen kasuan aplikatzeko, baita ere robotak ematen duen zehaztasuna behar zutelako. Proiektu horiek baztertuta zeuzkaten, baina orain ikusi dute aukera izan dezaketela finantzaketa eskuratzeko, eta ahalik eta azkarren jarri nahi dituzte martxan jarduera berrabiarazten denerako. Ikusten dut enpresa askok serioski planteatu dutela prozesuak automatizatzeko aukera, eta horrek bultzada handia emango digu denoi.

 

Osasun materialen premia larria dugun une honetan, robotak funtsezko tresna izan dira -eta dira- enpresa askoren produkzio prozesuak eraldatzeko, ezta?

Enpresa askok dagoeneko instalatuta daukate robota. Robotak erabilpen asko ditu, egiteko gai den mugimenduek funtzio eta zeregin asko ahalbidetzen dituztelako. Adibidez, badauzkagu bi bezero: bat maskarak fabrikatzen hasi da orain, eta robota eraldatu du zeregin horretarako. Lehen ez zuen maskararik egiten, orain ordea, 35.000 maskara fabrikatzen ditu astean. Beste bezero bat egunean 60.000 gel hidroalkoholiko fabrikatzen hasi da. Robotak aukera eman dio produkzioa horrela eraldatzeko.

 

Kasu horietan, funtsezkoa izan da aldez aurretiko azterketa bat egitea jakiteko egokitu zezaketen fabrikazioa produktu berrietara eta zein baldintzatan egin zitekeen. Behin parametroak definituta, egokitzapena espero zitekeena baino azkarragoa eta errazagoa izan da, prozesu automatizatuak direlako. Horrela, astebete baino gehixeagoren buruan martxan zeukaten produktu-ildo berri bat.

 

Hori egiteko ez dago robot berriak erosi beharrik, nahikoa da lehendik zeuzkatenak birprogramatzea. Guk ez dugu horrelakorik egiten, baina harremanetan jarri ditugu gure lankide diren ingeniaritza espezializatuekin.

 

Nolako robotak erabiltzen dira gehien?

IRB 2400L S4C Plus eta ABB IRB 6400 Shelf dira gehien erabiltzen diren modeloak. Sei ardatzeko robotak dira, mugimendu gaitasun handia dute eta erraz egokitu daitezke prozesu batetik bestera. Askotariko lanak egin ditzakete: piezak moldeatu, produktuak paletizatu eta piezak manipulatu ere bai. Kasu horietan, erabilitako robot bat -guk saltzen ditugunak bezalakoa- berria baino % 40-% 60 merkeagoa izan daiteke.

 

Horrelako robotek badute beste abantailarik egungoa bezalako testuinguru batean?

Abantaila handi bat da eskuragarri daudela. Normalean, fabrikatzaile batek 8-10 aste behar izaten ditu bezeroari robot bat entregatzeko. Gainera, fabriketan ez dago stock-ik, disponibilitate arazoak dituzte, eta badago beste oztopo bat ere: jakin behar da robotak nola garraiatu, gehienak gure mugetatik kanpo fabrikatzen direlako, eta gaur egun zaila da robot hori garraiatuko duen logistikako enpresa bat aurkitzea, muga asko itxita daudelako.

 

Gu gai gara robota bi astetan entregatzeko, Bilbo eta Madrileko biltegietan dauzkagulako gordeta, eta horrela, denbora eta garraio-gastuak aurrezten dira.

 

Automozio eta elikadura sektoreez harago, robotikaren erabilpenak non izan dezake inpaktu handiena?

Ohartu gara eskaera handia sortu dela eraikuntzaren sektorean. Hor daude, esaterako, Wuhan-en (Txina) denbora errekorrean eraiki ziren ospitaleak. Lehenbizi eraikinaren piezak fabrikatu ziren robotekin, eta gero mihiztatu. Eraikuntzaren sektorean robotikaren erabilera ez da iritsi heldutasun-fasera, ez daude kasu arrakastatsu asko, baina aurretiazko fabrikazio honek (a posteriori mihiztatzeko) inpaktu handia izan dezake, bai etxebizitzen eraikuntzan, eta baita ere obra publikoan.

Basque Industry 4.0 30 uztaila, 2020
SPRI taldeak lideratutako adituen nazioarteko taldeak aztergai du nola eragin dion osasun-krisiak emakumeen egoerari industrian

11 herrialdetako 17 adituk, SPRI Taldeak lideraturik bere Ekimen Estrategikoetako arduradun...Leer más

First Lego League España
Basque Industry 4.0 28 uztaila, 2020
Bi euskal talderen berrikuntza eta ekintzailetza saritua izan da First Lego League España lehiaketan

Euskadi punta-puntako eskualdea da berrikuntzaren sektorean, eta  etorkizunari...Leer más

Autoescuela Tawity
Errealitate birtualeko eskolekin eta ibilgailu elektrikoekin, autoeskolen etorkizuna Euskadira heldu da

Tawity izeneko start-upak errealitate birtualeko teknologia eta ikuspegi ekologikoa batu ditu...Leer más

Basque Industry 4.0 27 uztaila, 2020
171 euskal enpresak 1,3 milioi euroko laguntzak jasoko dituzte zibersegurtasun industriala bultzatzeko

  SPRI Taldeak kudeatutako programa honen hirugarren edizioak 3,3 milioi euroko inbertsioa...Leer más

Mondragon Unibertsitatea y Open Cloud Factory impulsan un nuevo laboratorio de Industria 4.0, abierto a empresas

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?