Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 6 uztaila, 2020 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Metronic: “Puntako lan-metodologia berriak ezartzen ez baditugu, industria ahula izango dugu”

Eibarko konpainia hori kontrol eta neurketarako metrologia-ekipoen instalazioan espezializatuta dago
Metronic-ek saltzen dituen eskaneatze-ekipoetako bat

Eibarko konpainia hori kontrol eta neurketarako metrologia-ekipoen instalazioan espezializatuta dago

Metronic konpainiak 50etik gora urte daramatza Eibarko ekosistema industrialean. Hogei bat langilerekin, kontrol eta neurketarako sistemak instalatzen ditu. Merkatuko metrologia-tresna berritzaileenekin egiten du lan, eta haietaz mintzatu gara Sabin Alberdirekin, Metronic-eko General Manager-arekin.

 

Zein da Metronic enpresaren jarduera?

Une honetan gure jarduera nagusia da neurketa eta kontrolerako ekipoak merkaturatzea eta ezartzea. Gero eta garrantzitsuagoa da ekipo horiek integratzea gure bezeroen bitarteko produktiboak erabiliz eta elkarlanean aritzea ingeniaritza sailekin eta produkzioko bitartekoen beste integratzaile batzuekin.

 

Nolako harremana du Metronic-ek 4.0 Industriarekin?

4.0 Industria gero eta garrantzitsuagoa den honetan, Metronic-ek produkzio-ildoetarako produktu integratuak eskaintzen ditu: hasi PLC bidez komunikatutako maila anitzeko neurketa-ekipoetatik eta produkzioa kudeatzeko softwareetatik, eta eskaneatze optikoko ekipoetaraino, zeintzuek ekoitzitako piezaren ikuspegi osoa ematen baitute. Posible da kontrola egitea erabat automatizatutako neurketa baten bidez, neurketa-guneko piezen posizionamendu robotizatua barne.

 

Eskaneatze-ekipoen kasuan, garrantzitsua da ekipoa enpresako sarean integratzea, edozein departamenduk aukera izan dezan egindako neurketa denbora errealean egiaztatzeko. Horrela posible da erabakiak azkar hartzea.

 

Duela 20 urte hasi ginen teknologia honekin lanean, eta harrezkero oso azkar garatu da aplikazio desberdinetan, baina, batik bat, produkzio-prozesuaren fase desberdinetako kontrol dimentsionalarekin lotutako aplikazioetan. Horri esker hobeto ezagutu daiteke prozesu osoa, eta hartzen diren erabakiak argiagoak dira.

Gure hastapenetako metrologia konbentzionala alde batera utzi gabe, azken urteotan kalitatearen kontrolerako digitalizatze optikoko ekipoetan espezializatutako lantalde bat garatu dugu. Alemanian fabrikatzen diren ekipo horiek metrologia-geletan eta produkzio-guneetan instalatzen eta integratzen dira, non zehaztasun eta fidagarritasun arloetako eskakizunak oso handiak baitira. Instalatzen ditugun ekipoak GOM enpresa alemanarenak -digitalizatze optikoaren arloko liderrarenak- dira, eta geu gara bere partner-a Espainian.

 

MAHR fabrikatzailearekin dugun lankidetzari esker, badugu baita ere zimurtasunak, profila eta forma egiaztatzeko produktu-ildo bat.

 

Zein abantaila dauzka metrologia-tresnak inplementatzeak?

Abantailak argiak dira: azkarrago lan egiten da eta, batez ere, informazio gehiago lortzen da. Informazio konpletua da, kontaktu bidezko neurketa tradizionalarekin lortu ezingo litzatekeena. Opel edo Volkswagen bezalako lehen mailako automozio-enpresetan aspaldi hasi ziren gure teknologia erabiltzen produkzioa xehetasunez aztertzeko. Opel-en kasuan, zelda robotizatuak erabiltzen dituzte eta horrek funtsezko informazioa eman die merkaturatzeak azkartzeko eta produkzioa hobetzeko.

 

Gure inguruko beste enpresa batzuetan, adibidez aeronautika sektorekoetan, emaitza paregabeak lortu ditugu zehaztasun eta detaile aldetik eskakizun handia duten neurketetan.

 

Nolako jarrera dute ETEek eta gainerako enpresek metrologiako tresnak inplementatzean?

ETEak normalean ez dira teknologia arloko aldaketa azkarren aldekoak. Erakutsi behar zaie posible dutela jauzi bat egitea euren lan egiteko moduan. Metrologiako aldaketek asko aldatzen dituzte enpresen lan-metodoak. Alderdi ona da tresna berrien abantailak denbora gutxian nabaritzen direla; azkar barneratzen dituzte abantaila horiek eta konfiantzazko harreman bat sortzen da. Tamaina ertaineko enpresen kasuan, garrantzitsua da ohartzea euren bezeroek ere horrelako teknologia berriak darabiltzatela duela hainbat urtetatik.

 

Zer suposatu du koronabirusak eragindako krisiak zuen jardueran?

Zalantzarik gabe, industria gelditu egin da eta guk ere sentitu dugu hori. Proiektu garrantzitsu asko atzeratu egin dira ziurgabetasunagatik, eta espero dugu ahalik eta azkarren helduko diegula berriro. Orain garrantzitsuena da behar dugun babesa eta indarra izatea behar beste denboraz eusteko, eta aurrera begira, ongi jabetzea zein garrantzitsua den I+G gure industriarentzat eta bere etorkizunarentzat. Puntako Lan-metodologia berriak txertatzen ez baditugu, industria ahula izango dugu.

 

Zeintzuk dira Metronic-ren etorkizuneko erronkak?

Guretzat garrantzitsuena da hazkunde osasuntsua izatea gure bezeroei euskarri ona emateko. Uste dugu salmenta ondorengo euskarria oinarrizkoa dela 4.0 Industrian, eta gustatuko litzaiguke oreka bat izatea egiten ditugun instalazioen eta gure bezeroei euskarri hori emateko dugun gaitasunaren artean

 

 

 

Lotutako albisteak

15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
4 urtarrila, 2024 Digitalizazioa
Ubikare: “Osasunaren eta zainketen arloan Europaren errekonozimendua lortu nahi dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak