Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 3 Azaroa, 2020 Digitalizazioa Ekintzailetza Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

LIS Data Solutions, Analitika Aurreratua datuak ustiatzeko

Egoitza Gasteizen duen LIS Data Solutions enpresak adimen artifiziala eta datuen analitika erabiltzen ditu bere bezeroei euren negozioak eraldatzen laguntzeko
Manuel Coterillo Fernández, Datuen Ingeniaritzako Proiektuen zuzendaria LIS Data Solutions-en.

 

LIS Data Solutions 2013an abiarazi zen, helburutzat harturik tresnak eta teknologiak garatzea enpresetako datuak atzemateko, aztertzeko eta erlazionatzeko. Bulegoak dituztelarik Gasteizen, Santanderren, Madrilen eta Bartzelonan, aurten ordezkaritza bat ireki dute Alemanian, eta espero dute 2022an beste bat irekiko dutela Erresuma Batuan. Manuel Coterillo Fernándezekin hitz egin dugu, LIS Data Solutions-eko Datuen Ingeniaritzako Proiektuen zuzendariarekin.

 

Zer egiten duzue LIS Data Solutions-en?

Datuen zientzia da gure enpresaren jarduera. Analitika Aurreratua, adimen artifiziala, machine learning, Big data, business intelligence eta datuak ustiatzen dituen beste edozein teknologia erabiltzen dugu gure bezeroei euren negozioak eraldatzen laguntzeko.

 

Gaur egungo mundu globalizatu eta lehiakor honetan, digitalizazioa ezinbestekoa da eraginkor, produktibo eta errentagarri izateko, baita ere jasangarriago bihurtzeko. Hortik abiatuta, egokitutako konponbideak inplementatzen laguntzen diegu enpresei, 4.0 Industriaranzko bidea hasi edo jarraitu dezaten. Beti egon gara industriara eta hornikuntza-katera zuzenduta, baina negozioen beste bertikal batzuk ere lantzen ditugu. Datuen zientziako ad hoc proiektuak garatzen ditugu, eta hemendik gutxira edozein tamainatako enpresentzat oso baliagarri izan daitezkeen bi produktu aurkeztuko ditugu.

 

Nolako harremana du LIS Data Solutions-ek 4.0 Industriarekin?

Sinatzen ditugun proiektu asko 4.0 Industriakoak dira. Gero eta gehiago dira hain beharrezkoa den eraldaketa digitalari ekiten dioten antolakundeak, etorkizuna ziurgabea baita bazterrean gelditzen diren enpresentzat. Eszenatoki horretan, gure helburua da ahalik eta probetxu gehien ateratzea enpresetako informazio-iturriei, horrela erabakiak hartzeko prozesuak errazteko eta kalitatea, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko. Horretarako, aholkularitza/datuen ingeniaritza binomioa baliatzen dugu: badauzkagu negozioa ongi ezagutzen duten aholkulariak eta errendimendu handiko ingeniaritza-taldeak, zeintzuek antolakunde bakoitzaren errealitate eta digitalizazio-mailara egokitutako konponbideak aplikatzen baitituzte.

 

4.0 Industriarekin lotutako zein tresna, zerbitzu edo konponbide erabiltzen dituzue?

Gure lehengaia datuak dira. Datuak lortzen ditugu enpresa barruko iturrietatik (makinak, langileak, sentsorika, erregistro historikoak…) eta baita ere kanpokoetatik (informazio meteorologikoa, sateliteko irudiak, kamerak, merkatuko joerak, ekonomia…), eta denak gurutzatzen ditugu balio erantsi handiko emaitzak lortzeko.  Behin datuak ateratakoan, prozesatu egiten ditugu teknika eta teknologia desberdinak erabiliz: Analitika Aurreratua, Big data, machine learning, adimen artifiziala… Horrela, 4.0 Industriako konponbideak eskain ditzakegu, esaterako, mantenimendu prediktiboa (zeinari esker posible baita makinen errendimendua handitzea, produktuaren kalitatea hobetzea eta geldialdiak minimizatzea), eskaeraren aurreikuspena (zeinari esker aurrea hartzen baitzaie merkatuko joerei, hobeto kudeatzeko stock-a, biltegiak eta prezio politikak) edo business intelligence (zeinari esker enpresaren iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko erradiografia lortzen baita ahalik eta erabaki onenak hartzeko).

 

Kontaiguzu 4.0 Industriaren eta eraldaketa digitalaren arloetan eskaintzen dituzuen zerbitzuen adibideren bat edo kasu arrakastatsuren bat.

Une honetan, hiru lan-ildok daukate eskaera handiena. Lehenengoa da eskaeraren aurreikuspena egitea erosketak automatizatzeko. Nola saldu jakinez gero, posible da stock-maila optimoak edukitzea (segurtasun eta maniobra stock-a) eta hornikuntza-agindu automatikoak sortzea, orobat jakin ahal izango dugulako zein distantziatara dauden (lead time) gure hornitzaileak eta onak diren ala ez (hornitzailearen kalitatea).

 

Ekipo industrialen eta instalazio logistikoen mantenimendu prediktiboarekin, robotikari buruzko datuak atzematen ditugu eta funtzionamendu normalak modelatzen ditugu matematikoki. Datuak denbora errealean atzematen eta aztertzen direnez, ezusteko geldialdiak aurreikusten eta ohartarazten ditugu.

 

Azpiegitura kritikoen mantenimenduan (gas bideak, olio bideak, errepideak, e.a.), sateliteetako irudien analisia baliatzen dugu. Irudi horiekin eta adimen artifizialaz hornitutako ikaskuntza automatikoko tresnak erabiliz, jakin dezakegu zein aldaketa gertatzen diren horrelako azpiegituren inguruan eta noiz den beharrezkoa ikuskapen-lanak egitea, ibilgailu edo helikoptero bidezko ikuskapen sistematikoak saihestuz.

 

Nolako jarrera dute ETEek eta gainerako enpresek 4.0 Industriarekin lotutako tresnak inplementatzean?

Espainia komeni litzatekeena baino motelago doa Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, adibidez, Alemaniarekin. Antzeman dugu tamaina eta fakturazio handiagoa duten enpresek apustu irmoagoa egiten dutela, eta zenbait ETE mesfidati daudela, baina uste dut gaur egun enpresa txiki eta ertain gehienek ulertu dutela eraldaketa digitala ez dela aukera bat, baizik eta premia bat. Egia da COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, enpresa askok digitalizazio-prozesuari ekin behar izan diotela lehenbailehen, merkatuan zuten posizioa ez galtzeko.

 

Zeintzuk dira LIS Data Solutions-en etorkizuneko erronkak?

Espektatiba handiak ditugu. Momentuz, lanean jarraituko dugu plantilla eta fakturazioa handitzen jarraitzeko, bai hemen eta bai Alemanian. Maila estrategikoan, gure I+G guztia proiektu batera bideratuta daukagu: software-suite bat sortu nahi dugu hornikuntza-kateko begi desberdinen kudeaketa adimenduna egiteko. Aurten lehen bi aplikazioak jarriko ditugu martxan, eta asmoa da hemendik hiru urtera merkaturatzea hornikuntza-katearen kudeaketa integralerako adimen artifizialeko lehen software laguntzailea.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak