Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 Marzo, 2019 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Euskal enpresa batek diseinatu ditu laser nabigazio bidezko munduko dron bakarrak

Donostian kokatutako Alerion enpresak GPS seinalerik behar ez duen produktu berri bat diseinatu du, zehaztasun handiagoa lortuz eta kostuak merkatuz

 

Donostian kokatutako Alerion enpresak GPS seinalerik behar ez duen produktu berri bat diseinatu du, zehaztasun handiagoa lortuz eta kostuak merkatuz

Konpainiak energia eolikoaren sektorean eskaintzen ditu bere zerbitzuak, baina baditu proiektu batzuk burdinbideen eta petrolioaren sektoreetan egituren ikuskapenak egiteko.

“Ez dut uste hiriak dronez josita egongo direnik hemendik aurrera. Uste dut gehiago izango direla enpresa handientzako tresna bat” adierazi du Oier Peñagaricano fundatzaileak.

Enpresak SPRI Taldearen laguntzak jaso ditu Hazitek programaren bitartez, dronen nabigaziorako ikusmen artifizialeko proiektu bat garatzeko.

 

Dronen sektorea etengabe ari da eboluzionatzen eta Euskadin dago munduko enpresa berritzaileenetako bat. Alerion enpresak munduan bakarrak diren dronak eskaintzen ditu: laser bidezko nabigazio-sistema autonomo bat dutenez, ez dute GPS seinalerik behar, zehatzagoak dira eta merkeagoak ere bai.

 

Oier Peñagaricano (Donostia, 1983) eta Pablo Ghiglino dira Donostian kokatutako enpresa honen fundatzaileak. “Beti lan egin izan dut asteroideen inguruan misio espazialak egiteko nabigazio-teknologiekin. Espazioan ez dago GPSrik edo kokalekua zehaztu ahal izateko beste laguntzarik. Posizio absolutua jakin gabe nabigatu behar da ezinbestean” dio. Peñagaricanok dronak tornadoetara bidaltzeko sistema bat asmatu zuen eta proiektu horrekin Blackswift izeneko enpresa sortu zuen AEBetan beste hainbat gazterekin batera.  “Handik hilabete gutxira hainbat kontratu lortu genituen NASArekin, adibidez, dron bat Venusera bidaltzeko”.

 

2014an Oier Peñagaricano Ingalaterrara joan zen gradu-ondoko bat egitera eta han ezagutu zuen Pablo Ghiglino, nabigazio espazialari buruzko doktoretza bat egiten ari zena eta proiektu bat zeukana dronak Ilargian lurreratzeko. Orduan jakin zuten Europako Agentzia Espazialak diru-laguntzak ematen zituela teknologia espaziala beste erabilpen batzuetan (adibidez, 4.0 Industrian edo osasun sektorean) aplikatzen zuten startup-entzat. “Ikusi genuen gure dronen teknologiarekin posible zela nabigazio zehatzagoa lortzea”. Amerikan zuen enpresa utzi eta Alerion fundatu zuen 2015ean.

 

Hasieran Munichen kokatu ziren, Europako Agentzia Espazialaren haztegi batean, eta euren teknologia non aplikatu aztertzen hasi ziren. Gamesa enpresako arduradunekin eginiko bilera batean ohartu ziren euren dronek aukera handiak izan zitzaketela parke eolikoetako sorgailuen ikuskapenak egiteko, autonomoak direlako eta ez dutelako GPSrik behar. “Dron bat egin genuen aero-sorgailuak autonomoki ikuskatu zitzan: nahikoa da erabiltzaileak botoi bati ematea dronak den-dena egin dezan. Dron arruntekin konparatuta, gure dronaren nabigazio-zehaztasuna oso handia da. Datu oso zehatzak ematen ditu denbora errealean. Ez dago datu horiek lainoan sartu beharrik eta, beraz, kostuak merkeagoak dira; gainera, informazio azkar eta eraginkorragoa ematen du”.

 

Produktu patentatua

Alerion enpresaren produktu honek, dagoeneko patentatuta dagoenak eta mundu mailan lehiakiderik ez duenak, ikuskatzen duen egituraren gainean nabigatzen du. “Aero-sorgailuak ikuskatzean, kasuen %20an berriro egin behar izaten dira ikuskapenak; errepikapen horiek laser nabigazio-sistemaren bidez saihestu ditugu. Beste enpresa batzuek ere erabiltzen dute laserra zenbait zuzenketa egiteko, baina enpresa bakarra gara laserra denetarako erabiltzen duena”.

 

Alerion-ek Espainiako enpresentzat lan egiten du eta baita atzerrikoentzat ere; 2017an Europako Batzordearen 1,1 milioi euroko laguntza bat jaso zuen Horizon 2020 programaren bitartez, itsasoko sektore eolikoan dron bidezko proiektu bat garatzeko. Gaur egun, beste sektore batzuetan ere ari da lanean, adibidez burdinbideenean edo petrolioarenean. “Proiektu bat daukagu Ferrovial enpresarekin zubibideak aztertzeko eta horrela zutabe edo tailetako arrakalak detektatzeko; badauzkagu beste proiektu batzuk birfindegiak eta itsaspekoak aztertzeko; beso robotiko bat duten dronak ere egiten ditugu aero-sorgailuetan konponketak egiteko, eta oil&gas plataformak digitalizatzen ditugu, kasu honetan dronik gabe. Gure teknologia modu desberdin askotan erabili daiteke, ez bakarrik dronetan. Ingurune erasokorretan dauden plataformak sentsorizatzeko ere balio du”.

 

Nolanahi ere, beren negozioa sektore eolikora eta nazioartekotzera bideratuta dago, nahiz eta dagoeneko lanean ari diren AEBetan, Mexikon, Uruguain eta Txinan ere. “Baina gehiago zabaldu nahi dugu eta prestatzen ari gara beste herrialde batzuetan ezarpen komertzialak egiteko”.

 

Epe ertainean, beso robotikoak dituzten dron manipulatzaileak garatu nahi dituzte. Dron horiek aplikazioak dituzte nekazaritzan, zuhaitzetatik laginak hartzeko. “Baliagarri izan daiteke entsegu ez suntsitzaileak egiteko edo jakiteko ba ote dagoen kalterik egitura batean. Horretarako, gaur egun ultrasoinuak edo x izpiak erabiltzen dira, baina milimetro gutxitara kokatua egon beharra dago kalte horiek detektatzeko. Beso robotikoak konpontzen du arazo hori. Oraindik garapen fasean gaude. Baina gustatzen zaigu gainditu gabeko erronkei aurre egitea teknologia sofistikatuak erabiliz”.

 

Alerion enpresan lelo bat daukagu: pentsatu orain bizpahiru urte barru merkatura atera nahi dugun produktu horretan. “Epe ertain eta luzera bide luzea egin dezakegu sektore eolikoan beso robotikoarekin; oil&gas sektorean sartzen ari gara, non ingurunea oso erasokorra baita, eta automatizazioa behar duten kostu handiko konponbideen arloan ere bai”.

 

Inbertitzailaren bila

Enpresak urteko 600.000 euro inguruko aurrekontua du jadanik, zortzi langile ditu eta inbertitzaileak atzematen ari da lantalde komertzial bat inplementatzeko eta ingeniari kopurua handitzeko. “Epe ertainera ezarpenak egin nahi ditugu Estatu Batuetan, Alemanian, Txinan eta Latinoamerikan. Zabalkunde eta nazioartekotze plan handi bat daukagu buruan”. Harreman estua dute fundatzaileak lehenago zeukan Blackswift konpainia amerikarrarekin “eta lankide ditugu AEBetan abiatzen ditugun proiektu guztietan”.

 

Peñagaricanok aipatu egin nahi izan ditu SPRI Taldetik -Hazitek programaren bitartez- jasotako laguntzak, zeintzuei esker proiektu bat garatu ahal izan duten Vicomtech enpresarekin dronen nabigazioan ikusmen artifiziala erabiltzeko. Gainera, badauzkate laguntza gehiago beste enpresa batzuekin batera garatuko dituzten Europako zenbait proiekturentzat, zeintzuen helburua baita softwarearen garapena optimizatzea eta dronetan beso robotikoak ezartzea.

 

Peñagaricanok nabarmendu duenez, “Gure know-how-a ez da dronak eraikitzeko prozesua, baizik eta nabigazio autonomorako softwarea, prozesuaren automatizazioa eta software konputazionala: dronek beren baitan duten ordenagailu txikia izan dadila ahalik eta osoena”.

 

Dronen etorkizunari buruz galdetutakoan, argi dauka merkatu nitxo bat izango dutela, baina “ez dut uste dronez jositako hiriak ikusiko ditugunik. Nire ustez, gehiago dira enpresa handiek erabiliko dituzten tresnak, abantaila handi bat dutelako: azkar eta merke iristen dira iristeko zailak diren tokietara”.

 

Gainera, ziur dago “ibilbide luzeko sektorea dela. Dronek arazo asko konpon ditzakete. Baina oraindik asko falta zaie benetan autonomo eta fidagarri izateko, auto autonomoekin gertatzen den bezala”.

Lotutako albisteak

12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
4 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trebe, euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak itzultzeko, transkribatzeko eta sintetizatzeko aukera ematen duen lehen plataforma
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak