BAM Zentroa-Basque Automotive Manufacturing Center 13.938 metro karratuko eraikin batean ezarriko da (1. fasea), eta 7.000 metro karratu gehiago jartzeko aukera egongo da (2. fasea).
Sprilur, (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia eta Spri Taldean txertatua) 2024an hasiko da automobilgintzarako fabrikazio aurreratuko zentroa-BAM eraikitzen, Jundizen. Eraikin berria, estatu mailako automobilgintzaren erreferentzia, ekimen berritzaileen eta automobilgintzaren sektorearen erronka berriei erantzungo dieten enpresa, prestakuntza-zentro eta ikerketa-zentroen ekosistema baten buru izango da. Ibilgailu elektrifikatu eta autonomoen belaunaldi berri baten industrializazio digitalizatua lortzen laguntzea da helburua.
BAM Zentroa Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planean (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia) sartuta dago, 18 milioi euroko zuzkidura bateratuarekin 2025era arte.
Zentroa garatzeko, Eusko Jaurlaritzak 13 milioiko zuzkidura ekonomikoa aurreikusi du eta, Sprilurren bidez, bideratuko dira 2024tik aurrera eraikina egiteko. Beste 5 milioiak Arabako Foru Aldundiak jarriko ditu.
Eraikin berria 24.104 metro karratuko partzela batean eraikiko da, Gasteizko Jundiz poligonoan. Sprilurrek forma emango dio proiektatutako eraikinari, 1. fase honetan bi solairutan banatuta egongo denari. Bi eraikin horietan, bai Mercedes Alemaniako multinazionalak eta bai automobilgintzako BAM proiektuari lotuta dauden Gestamp eta Mondragon Corporación EAEko enpresa hornitzaileek, espazio bereizia beharko dute, alde batetik, fabrikazioko eta ikerketako lan-eremu espezializatuak hartzeko eta, bestetik, laguntza teknikoa eta bulegoak hartzeko.
BAM zentroaren beheko solairuak 10.295 metro karratuko azalera izango du, eta 7.924 metro karratu erabiliko dira fabrikazioko eta ikerketako lan-eremu nagusirako. Lanerako gune horrek honako arlo hauek hartuko ditu: kalitatea eta ikusmen artifiziala, automatizazioa eta robotika, kontrola eta kudeaketa logistikoa eta ibilgailuen ekoizpena eta industrializazioa. Gainerako azalera, 2.371 metro karratu, jarduerari lotutako zerbitzu erkideetarako izango da.
Lehen solairuari dagokionez, 3.643 metro karratu izango ditu, eta horietan aurrekoen euskarri izango diren beste eremu teknologiko eta tekniko batzuk kokatuko dira, hala nola: jasangarritasuna eta energia-efizientzia, berrikuntza, zaintza teknologikoa, proiektuen kudeaketa eta eraldaketa. Gainera, bulego korporatibo eta administrazio-bulegoetarako, prestakuntza-ekitaldietarako geletarako eta instalazio eta zerbitzu komunetarako espazioak banatuko dira.
Eraikuntza-xehetasunak: diseinua, materialak eta energia-efizientzia
Diseinuari dagokionez, eraikinak erabilera industriala izango du nagusiki, proiektatutako bulegoen erabilera administratiboarekin konbinatuta. Pabiloiaren aurreikusitako gehienezko altuera 14,89 metrokoa izango da, eta pabiloi industrialak 11,75 metroko altuera librea izango du. Eraikinak egitura modularreko tipologia planteatzen du, erabileraren malgutasuna bermatuko duena, kamioiak industria-esparrura sartzea ahalbidetuz eta, hegoaldean, oinezkoentzako bulegoen gunerako sarbidea gaituz, altuera bikoitzeko metalezko atari eta pasabide handi baten bidez.
Eraikinaren kanpoko diseinua berezia eta funtzionala izango da, eta eraikuntzaren modulazioa eta diseinuaren malgutasuna nabarmenduko dira, fatxadak etorkizuneko modulazio-premia potentzialetara egokitu ahal izateko, eraikinaren mantentze-kosturik txikiena bilatuz.
Erabilitako materialak batez ere naturalak eta zeramikoak izango dira, ez dira kutsagarriak izango eta ingurumena errespetatuko dute. Efizientziari eta jasangarritasunari dagokienez, BAM zentroak baliabide naturalak, eguzki-energia, argia eta haizea ahalik eta gehien aprobetxatzea aurreikusten du, eraikinaren inguratzaileen bidez bero-galera posibleak murrizteko, fatxadetako eta estalkiko eroankortasuna aprobetxatuz. Halaber, ‘koltxoi termikoa’ kontzeptua erabiliko da isolamendu termiko eta akustikorako, eta energia-efizientziako neurriak hartu dira espazioak egokitzeko, ahalik eta erosotasun handiena eta gutxieneko energia-gastua lortzeko helburuarekin. Eraikinak CO2 emisioak murrizteko energiak eta kontsumo txikiko luminariak erabiltzea aurreikusten du, argiztapena kanpoko argiaren arabera kontrolatzeko sistema bat osatuko dutenak.
Eraikina eraikitzeko aurreikusitako inbertsioa 13 milioi euro ingurukoa da, eta eraikuntza esleitu ondoren, obrak 2024ko bigarren hiruhilekoan has daitezke.
BIM-Building Information Modeling metodologia digitalarekin diseinatutako proiektua
Sprilurrek kudeatutako eraikuntza-proiektu ia guztietan bezala, BAM proiektuaren diseinuak ere BIM-Building Information Modeling metodologia digitala erabili du hura egikaritzeko. BIM ereduak informazio-iturri bakar batean zentralizatzen du BAM zentroaren proiektua bere fase guztietan, eta aukera ematen du diseinua bistaratzeko eta hobetzeko eta erabakiak hartzeko, dokumentazio, neurketa, proiektu tekniko, plano eta grafiko (3D) guztiak integratuz, lan-fluxuen alderdi zehatzez gain: obren hasiera, bilakaera eta amaiera, ekipamendua, aurrekontua… proiektuaren informazio globala eta orokorra edukitzeko helburuarekin.
Gasteizen BAM Zentroa ezartzea, estatu mailan automobilgintzako fabrikazio aurreratuaren erreferentzia izango dena, lankidetza publiko-pribatuaren erronka estrategiko berri gisa eratu da. Ekimen horrek ekosistema berritzaile bat sortuko du enpresaren, jakintza-zentroen, berrikuntzaren eta ikerketaren artean, Euskadin ibilgailu elektrikoaren industria berri, autonomo eta jasangarri bat sortzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?