Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 23 uztaila, 2018 Ekintzailetza Barnekintzaile programa Start up UP Euskadi

SpermSelect eta Cyber Surgery, 28. edizioko Toribio Echevarria Sarien irabazleak

Osasun arlora zuzendutako bi proiektu gailendu dira Toribio Echevarria Sarietan.
toribio echevarria

Osasun arlora zuzendutako bi proiektu gailendu dira Toribio Echevarria Sarietan. Alde batetik, SpermSelectek “Enpresa ideiak/proiektuak” kategorian eta, bestetik, Cyber Surgeryk “Enpresa Berria”n, lortu dituzte bi sari nagusiak 28. Toribio Echevarria – Ekintzailetza Berritzailearen Euskadi Sarietan, eta gaur esleitu dira Eibarren. Bi proiektuak izan dira sari-banaketa ekitaldiko izarrak. Gainera, Kookite, Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Teknimap saritu dituzte.

Toribio Echevarria Sariak, Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatuak, Euskadin ekintzailetza-ekimenak aintzatesteko sortu ziren, eta beren sustatzaileei jardueraren hasieran babesa emateko; sariak Euskadiko ideia eta proiektu ekintzaileen sariketa nabarmenena bilakatu dira. Aurten, 27 hautagai izan dira: 17 “Ideia eta proiektu”en kategorian, eta 10 “Enpresa berria”ren kategorian. Proiektu guztiek beren jarduera industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren, bio/osasunaren eta IKTen sektoreetan garatzen dute.

Irabazi duten enpresak gaur eguerdian jakinarazi dira Eibarren, eta Euskadiko ekintzailetza, enpresa, hezkuntza eta erakunde publikoetako ordezkari ugari bertaratu dira han izan den ekitaldira.

Gainera, ekitaldi horretan “Iñaki Goenaga Saria” eman da bi kategoriatan: Eibarko Enpresa eta Bikaintasun Ekintzailea. Sari horrek Eibarko enpresei eta pertsona ekintzaileei aitortu nahi die berrikuntza teknologikoaren aldeko apustuan oinarrituz nabarmen lagundu dutela gure inguruneko gizarte eta ekonomia garatzen.

28. Toribio Echevarria Sarien enpresa irabazleak

 

ENPRESA IDEIAK/PROIEKTUAK KATEGORIA

Enpresa Ideiak/Proiektuak

SpermSelect:laguntza bidezko ugalketan arrakasta-tasak hobetu ahal izateko hautaketa espermatikorako metodo berria. Balio-proposamena molekulen biomarkadore batean oinarrituta giza espermatozoideak aukeratzeko kit bat da; hartara, prozedura azkar, merke eta sinple bat eskaintzen da, ugalkortasunerako edozein klinikatan ezar daitekeena.

 

“ENPRESA BERRIA” KATEGORIA

Enpresa Berria Saria

Cyber Surgery: Bizkarrezurreko operazioetan erabiltzeko robot laguntzailea, torloju transpedikularrak segurtasunez eta inbasio txikienaz jartzeko ebakuntzan zirujaua gidatzeko.

Nazioartekotzen Laguntzeko Saria

Kookite: eredu fisiko-matematiko bat garatu du, teoria aeronautikoan oinarrituz eta entsegu bidez kanal hidrodinamikoko eta CFDko (Computer Fluid Dynamics) entseguetan balioztatua; berritzailea da sektorean, eta balio du ehunka diseinu denbora laburragoan eta garapen kostu txikiagoaz ebaluatzeko.

 

“Iñaki Goenaga” Saria2018

Eibarko Unibertsitate Laborala
Eibarko Unibertsitate Laboralak 1968ko urrian hasi zuen lehen ikasturtea, duela 50 urte. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Laboralen Sistemako lehendabiziko zentroa izan zen, 1.100 pertsonarentzako edukieraz. Egun, Eibarko Unibertsitate Laborala Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean dago integratuta, ondorengoek osatuta: egoitza-zentroa, IES UNI Eibar-Ermua Bigarren Hezkuntzako Institutua, eta Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua ematen duena, bakarra Estatu osoan, eta energiari buruzko trebakuntzaren arloan itzal handikoa.

Sari honen bitartez, epaimahaiak giza kapitala trebatzen laguntzeko egin duen ekarpena saritu nahi izan du, hura prestatu baitu inguruneko industriaren beharrizanei erantzuteko, eta gai izan delako ekonomia- zein gizarte-eskaera eta -aldaketetara egokitzen joateko.

 

Eibarko enpresaren “Iñaki Goenaga” saria

Teknimap
Teknimap Eibarren sortu zen duela 25 urte, 1993an, ingurumen-aholkularitzako zerbitzuak eskaintzeko, industria-ingurunera bereziki zuzenduak. Egun, konponbideak ematen jarraitzen du aholkularitzan, ikuskaritzan eta ingurumenaren zaintzan.

Teknimap enpresari esleitutako sariak balioztatu nahi izan du duela 25 urte proiektuaren sustatzaileak jabetu egin zirela ingurumen-faktoreak industria-ingurunerako izango zuen garrantziaz, ez bakarrik uneko araudiak betetzearen aldetik, baizik eta pertsonen bizi-kalitatean duen inpaktuagatik ere.

“Enpresa ideiak/proiektuak” eta “Enpresa Berria” kategorien sariek 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa dute, eta modua ematen dute askotariko laguntza-, prestakuntza- eta aholkularitza-programetara sarbidea izateko. Nazioartekotzen laguntzeko kategorian saritutako enpresak diru-laguntzak eta aholkularitza izango ditu beste herrialdeetan garatzeko prozesuan laguntzeko.

Aurtengoan, gainera, bi sari berezi jarri dira, “Enpresa ideiak/proiektuak” eta “Enpresa Berria” kategorietan irabazle atera edo finalista geratutako proiektua duten Eibarko ekimenentzat. Hala ere, sari horiek hutsik geratu dira.

Sari-banaketa

Toribio Echevarria Sariak banatzeko ekitaldia eguerdian egin da Eibarko Ik4-Tekniker zentroan, eta bertan izan dira, beste agintari batzuen artean, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Ahalduna, Javier Zarraonaindi, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria.

Askotariko agerraldietan, nabarmendu nahi izan da azken urteotan ekintzailetzak indar handia hartu duela, eta haren garrantzia nabarmendu da Gipuzkoako enpresa jardueraren estrategia-ildo berriak garatzeko eta lurraldeko produkzio-ehundura eraldatzeko orduan. Alde horretatik, Javier Fernández de Retana Aernovako Erakunde Harremanetarako zuzendariak hitzaldia eman du startup-ak eta 4.0 Industria sektore aeronautikoa goitik behera aldatzen egiten ari diren lanaz”.

Sariketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dituzte, 750 lanpostu baino gehiago sortu dituzte, gehienak kualifikazio-maila altukoak.

Toribio Echevarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimena dira; bertan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuak parte hartzen dute. Era berean, honako hauek ere badihardute lankidetzan: Gipuzkoako ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.

info +: www.toribioechevarria.com

Lotutako albisteak

Brandfy startup 23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Brandfy, markak diseinatzeko prozesua birdefinitzen duen Adimen Artifizial Sortzaile tresna
Irakurri gehiago
Absentix 22 apirila, 2024 Ekintzailetza
Absentixek lan-absentismoaren kostuak murrizten ditu, enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea handitzeko
Irakurri gehiago
WAKE UP EUSKADI 19 apirila, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Premios Toribio Echevarria 18 apirila, 2024 Ekintzailetza
Abian da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sarien 34. edizioa
Irakurri gehiago
Grabit 17 apirila, 2024 Ekintzailetza
Grabitek bat egin du NVIDIA Metropolisekin ikusmen artifizialeko soluzio aurreratuen bidez saltokietako galera ezezaguna murrizteko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak