Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 30 maiatza, 2018 Berrikuntza Digitalizazioa Ekintzailetza Berrikuntza soziala Fast Track Innobideak programa UP Euskadi

“Gure erronka da enpresen ekosistema bat sortzea MTA ereduari jarraiki”

Jose Mari Luzarraga, cofundador de MTA y líder de MTA World

 

Jose Mari Luzarraga, MTA proiektuaren fundatzailea eta MTA World komunitateko liderra

Mondragon Team Academy proiektuak 10 urte bete berri ditu. Ekimena Mondragon Unibertsitatearen barruan sortu zen, “sortuz ikasi” metodologian eta taldeko ekintzailetzan oinarritutako hezkuntza-eredu berri bat bultzatzeko asmoz. Premisa horri jarraiki sortu zen LEINN – Lidergo, Ekintzailetza eta Berrikuntza gradu ofiziala, horrelako ezaugarriak dituen lehenengoa Europa osoan. Hamar urte geroago MTA nazioarteko komunitate bihurtu da, 13 berrikuntza laborategi, 1.500 ekintzaile eta ia 100 enpresa baitauzka hiru kontinentetan.

 

Zer da Mondragon Team Academy?

 

MTA errealitate hirukoitz bat da. Batetik, taldean lan egiten duten ekintzailez osatutako nazioarteko komunitate bat da, zeinak bere potentzial guztia ustiatzen baitu bere inguruan errotiko inpaktu positiboa eragiteko. Honelaxe esaten dugu ingelesez: we are passionate team entrepreneurs blooming ourselves to make a radical positive impact locally. Sare hori mundu osoko 1.500 lagun inguruz osaturik dago, zeintzuek taldean lan egiten baitute balore espezifikoak dituzten enpresak sortzeko. Bigarren dimentsioa hezkuntzari dagokio, berrikuntza sozialeko laborategien sare globala ere bagarelako. Laborategi horiek unibertsitate barruan kokatutako ekintzailetzako espazioak dira, hots, hezkuntza-zentro disruptiboen sare bat, gaur egun hiru kontinentetako 13 hiritara iristen dena.

 

Eta zein da hirugarren dimentsioa?

 

Enpresari dagokiona, eta berau da hasiberriena. Dagoeneko 98 enpresa sortu dira MTA ereduari jarraiki, eta horrek esan nahi du hazi bat garela eta gugandik sor litekeela enpresak egiteko modu berri bat.

 

Duela 10 urte hasi zineten LEINN proiektuarekin, eta hamar urte geroago, zuen hezkuntza-eredua nazioarteko sare bihurtu da, zeinak presentzia baitu Txinan, Indian eta, besteak beste, Mexikon. Espero zenuten horrelako inpaktua izatea?

 

Beti izan ditugu bi helburu. Bata, gauza txikiak egitea maitasun handiz, eta bestea, amets handiak izatea. LEINN laborategiarekin hasi eta urte eta erdira Europako lehen titulu ofiziala sortu genuen, eta 27 lagunekin hasi genuen ikasturtea. Mundua eraldatzea izan da beti gure ametsa, baina txikitik hasita. LEINN sortzean erreferente bihurtu ginen, eta beste leku batzuetako lantaldeak hurbildu zitzaizkigun gure eredua beren ingurura eramateko. Horrek erakutsi zigun gurea ez zela bakarrik premia lokal bat, baizik eta munduko edozein tokitako premia bat. Beraz, gure gakoak izan dira helburu zabalak finkatzea, apaltasunez jokatzea txikitik hasita ekiteko, eta gai izatea ustekabeak onartu eta sortzen diren aukerak aprobetxatzeko.

 

10 urteren ondoren, garaia al da zuen burua berrasmatzeko?

 

Hazia erein dugu, eta horrekin gelditu ezinezko prozesu bat abiatu da. MTAn orain aldaxka edo hazteko bide mordoa dauzkagu zabalik, eta horiei laguntzen jakin behar dugu. Batetik, eredua gero eta jende gehiagori eraman nahi diogu laborategien bitartez, eta ez ikuspegi protekzionista bat erabiliz, baizik eta lankidetzaren bidez. Era berean, eredu hori gizartearen beste eremu batzuetara eraman nahi dugu, pertsona bakoitza aldaketaren eragile izan dadin, taldean lan eginaz. Dimentsio horixe da gure benetako helburua, gizartea taldeen taldez osatuta baitago.

 

Norantz bideratu nahi duzue MTA enpresa-sarea, orain sortzen ari dena?

 

1.500 ekintzaileko haztegia daukagu, nola aktibatu dezakegu dimentsio hori? Horretan ari gara. Mondragonen historian ere antzeko zerbait gertatu zen hasieran. Lehenik prestakuntza eman zitzaien gazteei, gero harrobi profesionala sortu zen, eta handik denbora batera, lehen enpresak sortu ziren. Orain antzeko aukera bat daukagu, ez baita aski belarra ereitea, ekosistema oso bat sortu behar dugu. Leinnerak dauzkagu; haien hasierako ametsa zen, adibidez, Google-n lan egitea, GKE bat sortzea edo enpresa bat fundatzea. Guretzat denak dira onak, gure helburua da ametsak egia bihurtzea, eta ametsak ez dira berdinak mundu guztiarentzat. Gure erronka da potentzial hori aktibatzea, eta horrek ezinbestez garamatza datozen urteetan nagusituko den errealitate ekintzaile oso desberdin bat deskubritzera.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak