Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 Marzo, 2021 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

Thusia, fikzioa eragin sozialerako erreminta gisa

Ekimen hau Labean Sariak programaren irabazleetako bat da. Programa hau Enkarterri, Arabako Mendialdea eta Añanako garapen sozioekonomikoa sustatzera bideratuta dago
Poblarte THUSIA
Processed With Darkroom

Aritz Ibáñez, Marta Mas Terrón eta Miguel Garcések “fikzio sortzaileen” Thusia kooperatiba osatzen dute. Urte asko daramate antzezpenetan jarduten, baina antzerki-konpainia izateaz gain, Thusiak fikzioa erabiltzen du gizartean eragiteko erreminta gisa. Arabako Mendialdean kokaturiko talde hau ‘Poblarte’ deitutako berrikuntza sozialeko proiektua bultzatzen ari da.

Ekimen hau Labean Sariak programaren irabazleetako bat da. Programa hau Enkarterri, Arabako Mendialdea eta Añanako garapen sozioekonomikoa sustatzera bideratuta dago. Eusko Jaurlaritzak, HAZIk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Eremuko Garapenera zuzendutako Asoziazioek sustatzen dute.

 

Poblarte ‘landa eremuari buruzko kontaketa berrirako kultura’ gisa definitzen duzue. Zein da desagertzea nahi duzuen kontaketa zaharra?

Aritz: Zoritxarrez, ia gehienek buruan dutena da. Landa eremua lehenengo sektorearekin lotzen duten topikoz jositako kontaketa da. Berrikuntza gutxi, soilik turismora nahiz gastronomiara zuzendutako aukerak, postaletan ageri den bizitza izatea… Kontaketa batzuek alderdi positiboa dute, eta beste batzuek landa eremua idealizatzen dute, baina topikoak denek dituzte, egia ez den horri buruzko kontaketa. Egia esan, gaur egungo landa eremuek hirietan antzerako lan-garapenerako aukerak eskaintzen dituzte. Hortaz, landa eremuaren irudi zaharkitua berriztatu nahi dugu, barrura nahiz kanpora begira. Hirian ala herrian bizitzea aukera pertsonala da, ez landa eremuaren ezintasunei lotutako zerbait.

 

Nola bultzatuko du Poblartek landa eremuari buruzko kontaketa berri hau?

Miguel: Poblartek bi beso ditu. Alde batetik, landa eremuarekiko ikuspuntu-aldaketa hori islatzen duen antzerkia sortu nahi dugu. Espektakulua hainbat hiritara joango da eta hainbat ekintzaren burua izango da. Landa eremuko entitate eta erakundeek parte hartuko dute astebetez izango diren aktibitateetan: elkarrizketak, debateak, eskola-kanpainiak… Antzezlana Arabako Mendialdetik garatuko da, eskualdeko biztanleen partehartzea irekia izateko prozesu batekin.

Aritz: Beste alde batetik, Mendialdea Radio deitzen den eskualdeko irrati kulturala sortu dugu. Momentuz podcast formatuan igortzen dugu, baina dial bat lortzeko lan egiten ari gara. Gure asmoa kontaketa berri hau hedatzea da, eskualdeko agente kulturalak gehituz, eskualdeko proiektua izan bedi. Erreferentzia berriak sortu nahi ditugu, gaur egun beharbada euren kontura diharduten kultura eta sormenaren sektoreko agenteen batasunean laguntzeko.

 

Irratia iazko irailean martxan jarri zenuten, zer moduz doa?

Marta: Atalak pixkanaka gehitzen ari gara, ez baitugu arinegi joan nahi, gerora mantendu ezinezko frekuentzia ez izateko. Egunerokotasuna, kultura-agenda eta eskualdeko ekintzailetza-ekimenei buruzko elkarrizketak dituen magazine-programa dugu. Horrez gain, Mendialdea Music Elkarearekin musika-programa dugu, beste bat kultura eta literaturan oinarritua, antzerki-programa bat… Eta orain landa eremuko berrikuntza sozialari lotutako programa berria prestatzen ari gara. Parte hartu nahi duten inguruko pertsonak gehitzen ari gara, guretzat garrantzitsuena ikuspuntua aldatzea baita.

 

Eta antzezlana?

Aritz: proiektu konplexua denez, pandemiarekin bizi dugun egoeran ez du merezi azeleratzea. Beraz, momentuz garatuko dugun historia zehazten ari gara, eta finantzazio publiko eta pribatua lortzeko erakundeekin hizketan. Gure ideia ez da antzerki hutsa, berrikuntza sozialerako mezua dakar eta aipatu ditugun aktibitate guztiekin batera doa. Hortaz, astiro joatea nahiago dugu, martxan jarriz gero, ibilbidea izan dezan.

 

Zergatik uste duzue honelako proiektuak garrantzitsuak direla?

Miguel: Landa eremuan bizi diren pertsonentzako erreferentzia berriak sortzen dituztelako, batez ere gazteentzako. Gazte askok alde egiten dute, herrian lehen sektoretik kanpo aukerarik ez delako ustean. Adin jakin batean atera eta mundua ezagutzeko beharra egon ohi da, baina ez da zertan emigrazioa izan behar. Gauzak egin ahal direla erakusten dituzten erreferente eta adibideak falta dira, bai kulturaren sektorekoak, bai bestelako sektoreetakoak.

 

Orain arte nolako harrera izan du proiektuak zuen inguruan?

Aritz: Mendialdea Radiok harrera oso ona du, bai jendearen partetik, bai erakundeen partetik. Epe erdira, eredua zabaldu beste eskualde batzuen ezaugarrietara egokitzeko helburua dugu, komunikazioa eta informazioaren jarioa bereziki landa eremuan nortasuna eratzeko funtsezkoa baita. Egia da digitalizazioari dagokionez haustura jakin bat dagoela, bereziki adineko pertsonen artean. Etsiturik sentitzen gara FM-n ez emititzeagatik; hargatik, diala lortu arte lan egiten jarraituko dugu.

 

Thusia ‘fikzio sortzaileak’ zarete; horrekin zer esan nahi duzue?

Miguel: Urte asko daramagu antzerkigintzan, baina berehala ohartu ginen geure burua zabaldu behar genuela eta antzerki-konpainia soila baino gehiago izan behar genuela. Errealitatea aditzera emateko istorioak kontatzeko beharra ikusi genuenez, geure esperientzia fikzioa sortzeko erabiltzea erabaki genuen. Gizarteari oso lotuak diren gaiak lantzen ditugu bestelako ikuspuntua emateko, jendeak bestelako begirada bat izan dezan.

 

+info: www.thusiakoop.com

Lotutako albisteak

2 apirila, 2024 Ekintzailetza
Perseus: “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra”
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
VENTIJET Bosco López 23 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Ventijetek birikietako haizagailu berritzaileak sortu ditu arnasteko zailtasunak dituzten pazienteentzat
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
22 urtarrila, 2024 Ekintzailetza
Ardiluzu: “Gertatzen ari denari buruzko zenbait ideia bisualki islatzeak hitzaldiaren edo ekitaldiaren balioa handitzen du”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak