Aurrera doa Elorrioko Pulla-Azkarreta industrialdearen Plan Partzialaren tramitazioa

5 ekaina, 2019
Elorrioko Pulla-Azkarretako S-7.1 sektorearen irudikapena eta aireko ikuspegia

Elorrioko Pulla-Azkarreta industrialdeko S-7.1 sektoreak 105.630 m²ko azalera du, 52.800 m² erabilpen industrialerako eta ekipamenduetarako eta beste 52.830 m² erabilpen publikorako.

Pulla-Azkarreta industrialdea Durangaldearen ekonomi- eta enpresa-susperketarako 2017-2020 Industrializazio Planean integratutako proiektu bat da.

Sprilur-ek aurreikusten du 2023an lehenengo industria-partzela urbanizatuak prest egon daitezkeela jarduera ekonomikoak hartzeko.

 

Elorrioko Pulla-Azkarreta Industrialdeak abian jarri du Plan Partzialaren (Pulla-Azkarreta S.7.1 sektore industriala) Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren (IEE) tramitazioa, Elorrioko Udalak Sprilur, S.A.ri (SPRI Taldean integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako Sozietate Publikoari) bidalitako oniritziaren ondoren.

Hala, Elorrioko Udala aurrera doa Pulla-Azkarretako hirigintzako tramitazioarekin. Sektore horrek 105.630 m²ko jarduera-esparrua du; horietatik 52.800 m² izango dira partzela pribatuetarako, erabilpen industrialerako, ekipamenduetarako eta nekazaritza-ustiapeneko baratzeetarako eta gainerako 52.829 m²ak erabilpen publikorako, azpiegituretarako, gune berdeetarako eta ekipamendu komunetarako.

Sprilur-ek uste du hauxe izango dela Pulla-Azkarreta industrialdearen behin betiko garapena. Pulla-Azkarreta industrialdea Durangaldeko ekonomi- eta enpresa-susperketarako 2017-2020 Industrializazio Planean integratutako proiektu bat da.

Badira bi faktore ingurune honetako tradizio industriala indartzen dutenak: batetik, makina-erreminta sektorea gero eta gehiago bideratzen da 4.0 industriarantz eta, bestetik, kokaleku estrategikoan dago, muga egiten duelarik Bizkaiko nahiz Gipuzkoako enpresa-sareko udalerri garrantzitsuekin (Elorrio, Abadiño eta Durango batetik, eta Elgoibar, Eibar, Arrasate eta Bergara bestetik).

Elorrioko industria-gune berri honen sustapenaren helburu nagusia da erabilpen anitzeko (publikoa eta pribatua) lurzoru eskaintza zabal eta merkea eskaintzea jarduera ekonomikoak bertan kokatzeko eta, bide horretatik, Iurreta-Abadiño, Eibar eta Debagaraia ardatzeko enpresa-nukleoak indartu eta osatzeko. Proiektu honek orekatu egingo du lehendik existitzen den industria-sarea eta garapen industrialeko prozesu berriak sortuko ditu, txoko bat eskainiz etorkizuneko enpresa ekimenei.

Halaxe adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak Elorriora oraintsu eginiko bisita batean: “Pulla-Azkarretako sektore hau pizgarri bat izango da eskualdearen garapen ekonomikoko prozesuan”. Bere iritziz, oso garrantzitsua da lurzoru prestatua izatea enpresen balizko eskaerei aurre hartzeko eta gai izateko beren premiei erantzuteko.

Pulla Azkarreta: azaleren laburpena

Pulla Azkarreta sektoreak 105.630 m²ko azalera du eta hauxe da lurzoru horren aprobetxamendua:

ERABILPEN ETA JABARI PUBLIKOA:                                           52.830 m²

Tokiko sistemak:                                                                                           21.875 m²
(errepideak, parkeak, gune berdeak, ekipamendu komunitarioa)

Sistema orokorrak:                                                                                    30.955 m²
(euri-urak, errepideak)

PARTZELA PRIBATUAK:                                                                 52.800 m²

Partzela industrialak:                                                                              44.052 m²

Ekipamendu pribatuko partzelak:                                                             482 m²

Baratzeak:                                                                                                   8.266 m²

Pulla-Azkarreta exekutatu eta garatzeko aurreikuspenei dagokienez, Sprilur-ek uste du 2023aren amaierarako lehenengo industria-partzela urbanizatuak prest egongo direla jarduera ekonomikoak hartzeko. Kalkulatzen da 10 milioi euroko inbertsioa egingo dela proiektuaren urbanizazio-fasean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow