IK4-Tekniker.
Eraldaketa digitala I+G+B
Elkarrizketak 29 Azaroa, 2018

Roboten eta langileen arteko lan kolaboratiboen erronka

IK4-Tekniker zentro teknologikoa da FourByThree proiektu europarraren buru, zeinak robot kolaboratibo bat fabrikatzeko elementu modularren kit bat garatzea baitu helburu.
-

 

IK4-Tekniker zentro teknologikoa da FourByThree proiektu europarraren buru, zeinak robot kolaboratibo bat fabrikatzeko elementu modularren kit bat garatzea baitu helburu.

 

Robot kolaboratiboen munduko merkatuari buruz MarketsAndMarkets aholkularitzak egin berri duen azterketa baten arabera, enpresek 710 milioi dolar inguru inbertituko dituzte 2018an haien prozesu industrialetarako kobot-ak erosteko. Inbertsio horiek % 50 igoko dira urtero 2025 arte, eta espero da urte horretan 12.303 milioi dolarreko salmentak izango direla. Hauek izango dira, haien esanetan, salmentak igotzeko arrazoiak: robot kolaboratiboen prezioa jaistea, ETE-ek halako robotak gero eta gehiago erabiltzea eta adimen artifiziala eta pertsona-makina interfazeak hobetzea. Iñaki Maurtua-rekin IK4-Tekniker zentro teknologikoko Sistema Autonomo eta Adimendunen Unitateko zuzendariarekin, hitz egin dugu.

 

Zer ezberdintasun daude robot industrial “tradizionalen” eta kolaboratiboen artean?

Robotika kolaboratiboari buruz hitz egiterakoan, nik nahiago dut robotika kognitiboari buruz hitz egin. Robot industrialek nahiz kolaboratiboek erabil ditzakete robotika kolaboratiboaren parte diren teknologia gehienak, esaterako, inguruan gertatzen dena igartzeko eta horren arabera jarduteko gaitasuna. Robotika kolaboratiboaren ezberdintasuna da pertsona bat dagoela robotaren ondoan eta robota pertsonari erantzuteko gai dela.

 

Robot kolaboratibo batek pertsonaren nahiak eta asmoak interpretatu behar ditu, haren osagarri izan, eta harekin koordinatu. Langileak eta robotak espazio berean eta elementu berarekin lan egiteko gai izan behar dute, baina bakoitza bere egitekoekin ari den bitartean. Lan horiek kolaboratiboak izatea da erronkarik handiena. Kolaboratibo gisa saltzen diren aplikazio asko bi lanak bata bestearen ondoan egitera mugatzen dira, ez dute elkarrekin kolaboratzen.

 

Zer teknologia erabiltzen ditu robot kolaboratibo batek?

Ikusmen artifiziala ezinbestekoa da pertsonak detektatzeko. Hari esker sumatzen du robotak hor pertsona bat dagoela, eta lan egiteari uzteko edo lana polikiago egiteko gai da, istripurik gerta ez dadin. Sentsorika funtsezkoa da interakziorako eta segurtasunerako. Kolaborazio-eremu bat izateko, sentsoreak jarri behar dira roboten eta pertsonen arteko bereizketa atzemateko. Horrez gain, interakzioarekin lotutako beste teknologia batzuk daude, besteak beste, keinu jakin batzuk detektatzeko gaitasuna edo ahots bidezko aginduak ulertzea. Adimen artifiziala ere oso garrantzitsua da. Robotak pertsonarekin kolaboratzea nahi badugu, pertsonarengandik ikasi behar du eta bere portaera pertsonen arabera egokitzeko gai izan behar du.

 

Robotika kolaboratiboari buruzko FourByThree proiektu europarrean parte hartzen du IK4-Tekniker-ek. Zertan datza proiektu hori?

Europako FourByThree proiektuaren helburua hauxe da: fabrikazio industrialeko enpresetan, langileekin era seguruan eta eraginkorrean kolaboratzeko gai diren soluzio robotiko aitzindariak diseinatzea, eraikitzea eta probatzea.

 

Europa osoko 15 kide ditu: Espainiako, Alemaniako, Italiako, Finlandiako, Herbehereetako eta Britainia Handiko ikerketa-zentroak, enpresa industrial eta teknologikoak, eta unibertsitate bat. IK4-Tekniker da proiektuaren koordinatzailea. Proiektuaren azken helburua da robot kolaboratibo bat fabrikatzeko behar diren elementu modularren kit bat garatzea. Horren harira, Eibarko Alfa enpresan proiektu pilotu bat egin dugu, eta robot bat kolaboratibo bihurtzea lortu dugu langileekin batera lan egin dezan moldeak muntatzen eta desmuntatzen, elementuak torlojutzen edo haietatik torlojuak kentzen, edo metalezko piezen fabrikazioan bizarrak kentzen. Robota, langilearekin kolaboratzeaz gain, ahotsak edo keinuak detektatzeko gai da, eta interakzio-sistema bat du, piezaren gainean informazioa, irudiak edo botoi birtualak proiektatzeko aukera ematen duena, langileari lana errazteko.

 

Robotika kolaboratiboari buruz hitz egitean, segurtasuna da hitz gakoetako bat. Zer esaten dute langileek kobot batekin lan egitea egokitzen zaienean?

Guk pertsonekin egiten ditugu probak, eta, robot kolaboratibo batekin ezartzen diren segurtasun-elementuak azaltzen dizkiegunean, halako batekin lan egiteko prest egongo liratekeela esaten digute. Segurtasuna ez da uste dugun bezain oztopo handia; jendeak ez ditu ez-segurutzat hartzen. Robotekin gertatutako istripuak kaiolatan dauden robot industrial tradizionalekin gertatu dira, eta arduragabekeriaren bat izan da beti istripuaren arrazoia. Egin ditugun inkestek erakusten dutenez, halako robotak erabiltzeagatik lanpostuak galtzeko beldurra dago, baina beldur hori beti agertzen da automatizazio-prozesuei lotuta.

 

Nondik helduko gara robot kolaboratiboen edo kobot-en etorkizunera?

Garrantzitsua da roboten eta gizakien arteko lankidetza-kontzeptua garatzea, gaur egun egiten ari diren aplikazio asko ez baitira benetan kolaboratiboak, eta ohiko robotek egin ditzakete. Kontua ez da gure instalazioetan segurtasun-hesirik gabeko robotak edukitzea, baizik eta robot horiek hainbat lanetan gizakiekin batera elkarlanean aritzeko gaitasuna izatea.

 

Industrian izan dezaketen aplikazioaz gain, itxaropen handia dago Boston Dynamics-ek eta antzekoek garatzen dituzten roboten inguruan, baina nik uste dut epe laburrean merkaturatzeko oso zailak direla, sistema oso konplexuak baitira. Horrez gain, laguntza-robotez betetako etorkizunari buruz ere hitz egiten da, baina gure kulturan halakorik ikustea zaila egiten zait, osagai emozionala falta dutelako. Adimen artifizialaren bidez sentimenduak adierazteko gaitasuna oso mugatua da, eta emozioak ezin dira robot baten bidez transmititu.

 

Etorkizun hurbilean, garrantzitsuak izango dira AGVak eta AIVak (automated guided vehicle eta autonomous intelligent vehicle, hots, ekoizpen-instalazioetan kargak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailu autonomoak), eta horiei robot kolaboratiboak gehitu dakizkieke, bestelako lanak egiteko. Kobotak ohiko robotak baino txikiagoak direnez, gutxiago pisatzen dute, bateriekin funtziona dezakete, eta plataforma mugikorretan jar daitezke instalazioetan askotariko lanak egiteko eta langileekin kolaboratzeko.

 

Lotutako albisteak

Ayesa  Digital  zibersegurtasun  poskuantikoa  industrian  txertatzeko  proiektu  baten  buru  da
12/05/2026 I+G+B

Ayesa Digital zibersegurtasun poskuantikoa industrian txertatzeko proiektu baten buru da

Enpresa Espainiako eta Latinoamerikako zerbitzu digitalen hornitzaile nagusietako bat da, eta Hazitek programak finantzatutako BAQURA proiektuan parte hartzen du.

CIMICOk  hondakin-uren  tratamendurako  teknologia  berritzaileak  eskaintzen  ditu

CIMICOk hondakin-uren tratamendurako teknologia berritzaileak eskaintzen ditu

Donostiako enpresak ingeniaritza, biologia eta digitalizazioa batzen ditu bere aplikazioetan

EXFAN  proiektuak  hegazkintzako  propultsioaren  eraginkortasuna  hobetzen  du
08/05/2026 I+G+B

EXFAN proiektuak hegazkintzako propultsioaren eraginkortasuna hobetzen du

Egile gipuzkoar konpainia EXFANeko kide da, erregai-piletan soberan dagoen beroa propultsiorako energia erabilgarri bihurtzeko ekimena.

Ormola,  kanpoko  argiteriarako  injekzio-moldeen  fabrikatzaile  europar  handiena
07/05/2026 I+G+B

Ormola, kanpoko argiteriarako injekzio-moldeen fabrikatzaile europar handiena

Azpeitiko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta urtean negozioa % 15 handitzea aurreikusten du

Leire  Balzategui:  “Robotekin-en  erronketako  bat  robotika  eta  automatizazioa  enpresa  gehiagotara  eramatea  da,  batez  ere  enpresa  txiki  eta  ertainetara”
05/05/2026 I+G+B

Leire Balzategui: “Robotekin-en erronketako bat robotika eta automatizazioa enpresa gehiagotara eramatea da, batez ere enpresa txiki eta ertainetara”

Robotika eta Automatizazioko Euskal Elkartearen zuzendari nagusi berriak sektorearen ekosistema aktibatzearen, eragileen arteko lankidetza indartzearen eta teknologia horiek enpresa-sarera hurbiltzearen alde egin du.

Emaia  Health,  emakumeen  prebentzio  kardiobaskularrerako  plataforma  digitala  asmatu  duen  smart  up-a

Emaia Health, emakumeen prebentzio kardiobaskularrerako plataforma digitala asmatu duen smart up-a

Donostiako enpresak Bind 4.0 programan parte hartzen du Keralty enpresa eragile izanik

iSenseDNA:  gaixotasun  neurodegeneratiboen  ondorengo  aldaketa  molekularrak  denbora  errealean  detektatzeko  nanosentsoreak
04/05/2026 I+G+B

iSenseDNA: gaixotasun neurodegeneratiboen ondorengo aldaketa molekularrak denbora errealean detektatzeko nanosentsoreak

CIC biomaGUNEk European Innovation Council (EIC) Pathfinder Open programak finantzatutako proiektu europar honetan parte hartzen du. Kontinentean merkatu berriak irekitzeko potentziala duten teknologia disruptiboak sustatzeko xedea du programa horrek.

Gallardo  Ingeniería,  prestazio  handiko  botilaratze-makinetan  liderra
30/04/2026 I+G+B

Gallardo Ingeniería, prestazio handiko botilaratze-makinetan liderra

Irungo enpresak urtero hogei instalazio inguru fabrikatzen ditu hamar bat elikagairentzat, ardotik hasi eta eztiraino

Grapheneak  grafenozko  nazioarteko  lidergoa  sendotu  du  Euskaditik
27/04/2026 I+G+B

Grapheneak grafenozko nazioarteko lidergoa sendotu du Euskaditik

Konpainia gipuzkoarrak aurrera egin du elektronika, biomedikuntza eta industriako aplikazio errealetan, hamarkada bat baino gehiagoko garapen teknologikoaren ondoren

Batura  Mobile:  Bluetooth-aren  arotik  adimen  artifizialaren  erronketara

Batura Mobile: Bluetooth-aren arotik adimen artifizialaren erronketara

Sortu zenetik bi hamarkada igaro direnean, Bizkaiko konpainiak bere burua berritzen jarraitzen du soluzio mugikorren bilakaeraren buru izateko, etengabeko aldaketak markatutako ingurune batean.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.