Mikel Jauregi Industriako sailburuak Satlantis enpresa bisitatu du; satelite espazialetan espezializatutako enpresa da
-
- Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “industria gehiago eta hobearen alde egiten dugunean, Satlantis bezalako enpresei buruz ari gara; modu iraunkorrean inbertitzen du berrikuntzan, % 100 made in Euskadi teknologia garatuta mundu osoan aplikatzen du, euskal industriaren etorkizuneko sektorean”.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Satlantis enpresa bisitatu du gaur goizean, Euskadiko Parke Teknologikoaren Leioako Campusean. Enpresako honako ordezkari hauek egin diote harrera: Juan Tomás Hernani, CEO; Javier Ojanguren, production and delivery director; eta Aitor Conde, CTO (teknologiako arduraduna). Bisitan parte hartu dute ere Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordeak, Jaione Ganzarain Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Arrate Aranbarri Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako zuzendari nagusiak, Iñigo Arana Kabineteko zuzendariak eta Zigor Urkiaga Proiektu Estrategikoen aholkulariak.
Bisita honen bidez, Industria Saileko lantaldeak Satlantisek bere lantegian garatzen dituen prozesu guztiak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu. Enpresa hau liderra da Lurra behatzeko eta Unibertsoa esploratzeko satelite txikietan. Soluzio pertsonalizagarriek hainbat sektoretako erronkei erantzuten diete, honako hauetan: ingurumena, segurtasuna, azpiegiturak, energia, besteak beste. Orain arte lau satelite jarri ditu orbitan. Azkenekoa, ‘Garai’ izenekoa, urte hasieran abiatu zen Kaliforniatik.
Enpresaren kapitalaren % 6,45eko partaidetza du Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatearen bitartez, eta Satlantisek SPRIren laguntza estrategikoa ere badu, Hazitek programaren bitartez. Hazten ari den enpresa da. 2024an, 17 milioitik 26 milioira hazi zen fakturazioa; % 48 hazi da. Ekitaldi honetan bertan 48 milioi lortzea aurreikusten du, eta, beraz, bi urtean hirukoiztu egingo luke tamaina: 15 milioi euroko EBITDA izango luke, eta 205 gazteko taldea, gehienak ingeniaritzan trebatuak. Gaur egun, bereizmen handiko 17 kamera eta 5 satelite ditu, eta fabrika berri baterako proiektua du: Satlantis Factory.
Bisitaren ostean, Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “industria gehiago eta hobearen alde egiten dugunean, Satlantis bezalako enpresei buruz ari gara; modu iraunkorrean inbertitzen du berrikuntzan, % 100 made in Euskadi teknologia garatuta mundu osoan aplikatzen du, euskal industriaren etorkizuneko sektorean. Euskal sektore aeroespazialeko enpresen garapen berritzaileak, hala nola Satlantisenak, beste sektore batzuetan eragin positiboa duten aurrerapen zientifiko handiak sustatzea esan nahi du, sektoreko enpresa askorengan trakzio-efektua sortzen du, eta balio industrialeko kate sendo bat eratzen laguntzen du, mekanika, software eta materialen arloetan, besteak beste”.
Eusko Jaurlaritzaren eta enpresaren arteko harremana 11 urte baino gehiagokoa da, eta, beraz, konpainiaren hazkundeari lagundu dio lotura horrek. Eta etorkizunerako aukerak baikorrak dira: “Urdanetaren esperientzia, 2022az geroztik hegaldian dagoena, beste satelite batzuekin osatuko da, hala nola Horacio edo Garai ereduekin, edo etorkizuneko Elkano belaunaldiarekin”, jakinarazi du Juan Tomás Hernanik