Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 Azaroa, 2020 I+G

CMZ 17 milioiko inbertsio bat ari da prestatzen bere tornu lantegi berrian

Egoitza Zaldibarren duen eta Aitor Zumarragak zuzentzen duen enpresa honek kontrol numerikoko tornuak fabrikatzen ditu, 325 pertsona enplegatzen ditu eta 80 milioi euro fakturatu zituen iaz
Aitor Zumarraga, zuzendari nagusia.

 

Zumarraga Berasaluce familiaren enpresaren historia 1945ean hasi zen Bizkaiko Zaldibarren, eta zehazkiago Aldatza kaleko behe batzuetan, non Florencio Zumarraga fundatzailea arotzeriarako lodiera-makinak fabrikatzen hasi baitzen, ondoren karrakagailugintzara igarotzeko. Famili enpresa hark jarduera intentsiboa zuen, baina denborarekin guztiz eraldatu zen, apustu sendoa egin baitzuen produktu generiko baten alde, hots, CNC (kontrol numeriko) tornuak egiten hasi zen,  sektore osoa makineria espezifikoaren esparruan sartu zenean ad-hoc proiektuak garatzeko. Garai hartan langile askok pentsatu zuten “erokeria” bat zela, baina erabaki hark konpainiaren etorkizuna segurtatu du, bere DNAn dituen beste osagai batzuekin batera: tema, kemena eta diziplina.

 

CMZk Zaldibarren dauka  egoitza, eta filial propioak ditu Frantzia, Alemania, Ingalaterra eta Italian, 325 langile enplegatzen ditu eta Europako enpresa handienetakotzat jotzen da bere sektorean. Joan den urtean 550 tornu fabrikatu zituen eta 80 milioi euro fakturatu. Aitor Zumarragak, zuzendari nagusiak, Urteko Enpresari Onenaren saria jaso du berriki La Noche de la Empresa Vasca sariketan.

 

Pentsatzen dugu poza bikoitza izango dela horrelako sari bat hain urte zail batean jasotzeagatik…

Bai, oso pozik gaude, eta “gaude” diot, inguruan lantalde handi bat dudalako, ni adina meritu edo gehiago duena.

 

Zeintzuk dira enpresari on batek behar dituen osagaiak?

Uste dut bizitza profesionalean badirela bi gauza oso garrantzitsu, eta are gehiago enpresari batentzat: ingurua behar bezala aztertzen eta helburuak finkatzen asmatzea, eta nekaezin lan egitea helburu horiek lortzeko.

 

Posible da une honetan mezu baikorrik zabaltzea?

Pandemiaren ondorioz oso hilabete txarrak izan ditugu martxoan, apirilean eta maiatzean, baina dagoeneko ikusi dugu krisiaren aurpegi beltzena eta gauzak normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka. Zentzu horretan, urrian errekor historiko bat lortu dugu salmentetan, eta azaroa ere primeran doa arlo horretan. Argi dago aurten ustiapen kontuan antzemango ditugula pandemiaren ondorioak, baina normaltasunera itzultzen ari gara eta horregatik naiz baikorra.

 

Duela 30 urte Danobat, Jasone, Jator, Lealde, Mupen, Sprint, Tadu eta zeuok zineten Euskadiko CNC tornu fabrikatzaileak. Guztira zortzi zineten, baina zuek baino ez zarete geratzen. Zergatik ote da?

Egia da CNC tornuak fabrikatzen zituzten marka asko desagertu egin direla eta gu baino ez garela geratzen. Agian ez zuten asmatuko euren erabakietan… Esan dezakedana da oso lehiakorrak garela egiten dugun honetan. Eta horren erakusgarri da zenbat hazten ari garen. Hazi ahala merkatu berrietan sartzen ari gara, eta arrakastaz gainera.

 

Zein izan da azkena?

Italiakoa, 2012an izan zen. Iaz 25 milioi euro entregatu genituen han. Zer esan nahi du horrek? Lehiakorrak garela, bestela ezingo genukeen halakorik egin!

 

Krisialdi bakoitzak -eta zuek hainbat igaro dituzue dagoeneko- mugarri bat ezarri ohi du denboran… Zein da azken honetatik atera duzuen ikasgaia?

Enpresen arteko aldeak ez dira sortzen garai onetan, baizik krisialdietan, bizikletan goazenean gertatzen den bezala. Maldan behera denok gara azkarrak, arazoa da maldan gora goazenean, hots, Tourmaleta igo behar dugunean. Hor antzematen da zein dagoen indartsu eta zein geratzen den atzean. Enpresak indartsu egon behar du krisialdiak gainditzeko, lehiakorra izan behar du, eta saldo on bat izan behar du kontu korrontean. Ez dago beste errezetarik.

 

Europako erreferentea zarete kontrol numerikoko tornuen (CNC) fabrikazioan. Zertarako balio dute?

Gure makinak metalezko piezak mekanizatzeko erabiltzen dira. Hau da, piezak biraka jartzen ditugu eta erreminta batekin forma ematen diegu, txirbilak kenduz.

Zertarako balio dute? Ardatzak, abatzak, tapak, bridak edo bestelako piezak egiteko, eta gero horiekin autoak, hegazkinak, bizikletak, makineria edo belaunetako protesiak eraikitzeko, besteak beste.

 

Zeintzuk dira zuen bezeroak?

Euskadin dauzkagun bezero garrantzitsuenak mekanizazioko tailerrak dira, auto, hegazkin eta makineriarako piezak fabrikatzen dituztenak. Penintsula iberiko osoan saltzen dugunaren % 50 hemen saltzen dugu, Euskadin. Zentzu horretan, oso ehun industrial ona daukagu.

 

Zuen produktuen inpaktu fisikoa zenbatekoa den ulertzeko, nolakoa da CMZren tornu bat?

Esan genezake bost eta hamar tona bitarteko pisua duen burdinazko bulto bat dela, bost metroko zabalera eta bi metroko garaiera duena. Hogei urte inguruko bizitza erabilgarria izaten dute, eta batez besteko prezioa 145.000 eurokoa izan zen iaz.

 

Gogoan duzu zenbat unitate saldu dituzuen?

  1. urteaz geroztik, 7.000 makina inguru.

 

Zuen lehiakide gehienak atzerrian daude, eta gainera zuek baino askoz handiagoak dira tamainan eta dimentsioan, ez ordea trebeagoak, abilagoak edo kementsuagoak. Iruditzen zaizu inor ez dela profeta bere herrian?

Pozten naiz hori galdetzeagatik. Izan ere, ez dakit zergatik den, baina hemen joera dugu pentsatzeko kanpotik datorren guztia hobea dela. Eta ez da egia! Oso makina-erreminta fabrikatzaile onak dauzkagu etxean, eta hemen fabrikatzen ditugun produktu eta makinak Japoniatik edo Alemaniatik datozenak bezain onak dira edo hobeak. Zentzu horretan, ez gara haiek bezain korporatibistak, eta pena da, zeren hobeak gara, hurbilago gaude eta, gainera, hemen ordaintzen ditugu zergak, eta hori ez da gutxi sekulako defizit publikoa dugun honetan.

 

Gaur egun lau filial dauzkazue Europan kokatuta. Finkatuta al duzue hurrengo jomuga?

Europa erdi konkistatuta daukagunez, muturra sartzen hasi gara AEBetan; oso merkatu handia eta urruna da, baina dagoeneko urtebete daramagu lanean eta 3 milioi inguruko salmentak lortu ditugu. Baikorra naiz, ziur nago lortuko dugula merkatu horretan sartzea.

 

Donald Trump presidente ez izatea lagungarri al da zuentzat?

Ez nago oso jantzia geopolitikan ez eta nazioarteko estrategian, baina baietz esango nuke.

Estatu Batuekin dugun arazo nagusia da % 4ko muga-zerga ordaindu behar dugula han sartzeko, eta hori diru asko da. Horregatik, Trump-ek ezarritako muga-zerga politika ez zen ona guretzat, eta ezta ere han kokatuta dauden lehiakide askorentzat. Baina txanponak badu bere ifrentzua, zeren amerikarrekin hitz egiten dugunean Trump-i buruz, gauzak ez dituzte ikusten europarrok ikusten ditugun bezain gaizki. Kontuan izan behar da euren iritziz presidente ohiak asko indartu duela barne-produkzioa, eta gure makinak erosten dituzten mekanizatuko enpresentzat Trump-ek presidentetzan egin dituen azken urteak nahiko onak izan dira.

 

Azken urteotan % 10 inguruko hazkundeak izan dituzue, zeintzuk dira datozen ekitaldietarako finkatu dituzuen helburuak?

Gure helburua da hazten jarraitzea, zenbat eta gehiago hazi, orduan eta indartsuago ikusten baitugu gure burua.

2016an bigarren muntaia-lantegia inauguratu genuen (10.000 m2) eta aurten mekanizaziorako lantegi berri bat eraikitzen ari gara (8.000 m2). Horrekin batera, 17 milioi euroko inbertsioa prestatzen ari gara, datorren urterako prest egon dadin benetan abangoardiakoa izango den lantegia. Horri esker posible izango da gehiago haztea eta markatuta daukagun helburua lortzea, hots, 100 milioi euro fakturatzea.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak