Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 14 maiatza, 2018 Digitalizazioa I+G Nazioartekotzea AEBak Berrikuntza teknologikoa Ipar Amerika

“Estatu Batuetan sartzeko modu bakarra da gauzak ondo baino hobeto egitea”

Ipar Amerikako gobernuak Aernnova enpresa -aeronautikaren sektoreko nazioarteko erreferente bat- aukeratu du Estatuko enpresa guztien artetik bere enpresa-esperientzia azaltzeko inbertsio foro selektibo batean

Ipar Amerikako gobernuak Aernnova enpresa -aeronautikaren sektoreko nazioarteko erreferente bat- aukeratu du Estatuko enpresa guztien artetik bere enpresa-esperientzia azaltzeko inbertsio foro selektibo batean.

 

Egoitza Arabako Teknologi Parkean duen Aernnova euskal enpresa nazioarteko erreferente bat da aeronautikaren sektorean, eta halaxe erakusten dute bi datu hauek: TIER1 hornitzailea da munduko fabrikatzaile garrantzitsuenentzat, eta Estatu Batuek bezalako herrialde batek, benetako lokomotora denak sektore honetan, aitortza publikoa egin dio eta Washingtonera gonbidatu du datorren ekainean, bere kasua azal dezan Select USA inbertsio foro ospetsuan (Aernnova da aurtengo ediziora gonbidatutako Estatuko enpresa bakarra).

 

Egoitza Euskadin duen Aernnova konpainiak egitura aeronautikoak fabrikatzen ditu, 4.300 langile enplegatzen ditu eta lantegiak dauzka Espainian, Mexikon, Estatu Batuetan, Brasilen, Errumanian eta Finlandian. Une honetan nazioartean zabaltzea da bere helburu nagusia, eta espero du aurtengo ekitaldian 700 milioi inguruko fakturazioa izatea. Javier Fernández de Retana, konpainiako Harreman Instituzionalen zuzendaria, Made in Basque Country irratsaioan izan da eta errepaso bat eman die konpainiaren gakoei.

 

 

Ez da erraza izango erreferentziazko enpresa bihurtzea Estatu Batuetan, kontuan izanik ekonomia eta herrialdea bera hain lehiakorrak direla…

Ez da erraza, ez… Oso ondo egin behar dira gauzak, eta konfiantza handia sortu behar da. Pozez zoratzen gaude horrelako herrialde batek Aernnova erreferentziatzat hartu duelako gurea bezalako sektore batean. Sekulako sorpresa eta oparia izan da gonbita jasotzea datorren ekainean Washingtonera joateko eta Select USA foro ospetsuan parte hartzeko, non 60 herrialdetako 3.000tik gora lagun bilduko baitira, gehienak inbertitzaileak. Beraz, esperientzia aparta izango da, eta oso harro gaude, 50 speaker-ez osatutako egitarauan parte hartuko duen Espainiako enpresa bakarra garelako.

 

Nolakoa da Aernnovak Estatu Batuekin duen harremana?

Hasieratik izan dugu harremana, hau da, Aernnova martxan jarri genuenetik. Brasileko programa aeronautiko batekin jarri ginen abian (Embraer) eta gero gure lehen helikopteroa fabrikatu genuen, Sikorski S92 modeloa. Handik aurrera, haziz joan da sektoreko enpresa amerikarrekin, bereziki, Boeing konpainiarekin dugun harremana. Duela 14 urte baino gehiago ingeniaritza-kontratu bat sinatu genuen harekin 747 hegazkin baten osagaiak egiteko, eta denborarekin askoz proiektu gehiago egin ditugu. Zorte handia izan dugu, estrategikoa izan da merkatuan horrelako enpresa batekin sartzea, are gehiago jakinik Estatu Batuak erreferente handia direla merkatu horretan. Horregatik, han egon beharra daukagu.

 

Nola lortzen da bost urtez jarraian erreferentziazko hornitzaile izatea Boeing bezalako konpainia batentzat?

Pentsatzen dut izan dela gauzak oso ondo egin ditugulako (barreka)… Sari hori urrea da guretzat, baina gure lanaren ondorio ere bada. Modu bakarra dago Ipar Amerikako merkatuan sartzeko: gauzak ondo baino hobeto egitea. Horregatik, oso garrantzitsua da “Hornitzaile Bikain” izendapena jasotzea hainbeste denboran, batetik, merkatu hori konfiantzan oinarritzen delako, eta bestetik, esan nahi duelako gauzak ondo egiten ari garela.

 

Askotan esan duzue zuen proiektuaren etorkizuna AEBetan dagoela, zergatik?

Bezero handiak han daudelako. Egia da Asia dagoeneko hasi dela garatzen eta laster iritsiko dela nazioarteko eszenatokira, baina une honetan Europa eta batez ere Estatu Batuak dira aeronautika sektoreko erreferenteak. Hala, apustu irmo eta argia egin dugu norabide horretan zabaltzeko.

 

Zer da AEBetan ezarri nahi duen enpresa batek egin behar duena eta egin behar ez duena?

Estatu Batuak herrialde handia da inbertitzeko. Nazioarteko organismoen arabera, munduko zazpigarren toki errazena da negozioak egiteko. Baina, aldi berean, oso herrialde serioa da, oso profesionala. Alderdi asko hartu behar dira kontuan hara jo baino lehen, ezin da edozein modutan iritsi. Kontuan hartu behar dira hango legeria, bertakoen izateko eta jokatzeko modua, kontabilitatea, eta Giza Baliabideen politika, ez baitauka zerikusirik gurearekin. Baina, lehenik eta behin, gure iritziz garrantzitsuena da nora joan nahi duzun jakitea. Oso herrialde handia da, eta Klusterrek eragin handia dute. Hala, negozio-motaren arabera, ez da gauza bera ekialdeko itsasertzean kokatzea edo erdialdean edo mendebaldean. 50 Estatu dira, bakoitzak gobernu bat du, ezaugarri eta berezitasun desberdinekin eta, esan bezala, toki egokia aurkitu behar da egin nahi denaren arabera. Bestela, abentura oso arriskutsua izan daiteke.

 

Euren enpresa-kultura eta gurea oso desberdinak al dira?

Oso jende irekia eta zintzoa da, eta asko laguntzen dute, baina negozioak egiteko modua batez ere oinarritzen da networking-ean, elkarteetan, lobby-etan… Konfiantzazko harreman gehiago daude hemen baino, esan genezake gu serioagoak garela edo ez hain parte-hartzaileak. Ipar Amerikako merkatuan sartzekotan, negozioak egiteko modu horretara egokitu beharra dago, bestela oso zaila da merkatua lortzea. Eta, batez ere, oso garrantzitsua da zintzo jokatzea eta konfiantza sortzea. Amerikarrek zentzugabeak iruditzen zaizkigun gauzak galdetzen dituzte, baina eurentzat oso garrantzitsua da erantzunak jasotzea eta agindu zaiena betetzea. Faltsukeriak ez du balio, ezin da esan gauza bat egingo dela eta gero beste bat egin… Hitza ematen bada bete egin behar da, eta Euskadik herri gisa beti erakutsi du hitzeko jendea dela, serioa. Uste dut horregatik gabiltzala hain ondo Estatu Batuetan.

 

Hori gutxi balitz, sektoreak sekulako perspektibak ditu datozen hogei urteetarako; Ignacio López Gandáseguik, zuen enpresako presidenteak berriki adierazi duenez, sektoreak 35.000 hegazkin inguru eskatuko ditu…

Beti da ona merkatuko espektatiba positiboak izatea, konfiantza sortzen duelako eta etorkizuna argiago ikusten laguntzen duelako. Hegazkin horietako asko hegazkin zaharrak ordezkatzeko erabiliko dira, baina beste asko egin beharko dira jendeak gero eta hegaldi gehiago hartuko dituelako, Asian batez ere, eta gero eta garraiobide eraginkor eta sostengarriagoak nahi ditugulako (horregatik sortu dira hainbeste konpainia berri). Nolanahi ere, horrelako hazkunde-sintomak onak dira, aukera ematen digulako etorkizuneko espektatibak sortzeko eta inbertitzeko.

 

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak