Ainhoa Lete.

Bunt Planet-ek Estatu Batuetara esportatu nahi du ur-sareetako ihesak saihesteko bere eredua   

ETE donostiarra saritua izan da Adimen Artifizialean eta Big Data-n oinarritutako software bat garatzeagatik hornikuntza-sareetako galerak detektatu eta lokalizatzeko
-

Ainhoa Lete da Donostiako Bunt Planet ETEaren sortzaileetako bat eta zuzendari nagusia. ETE horren negozioaren esparru garrantzitsuenak dira, besteak beste ingeniaritza, digitalizazioa eta teknologia apurtzaileenak. Hogei urtetik gorako esperientzia bildu du sektorean, eta gai izan da goi-mailako kualifikaziodun hogei bat profesionalez osatutako talde bat eratzeko, bai eta nazioarteko bokazioa indartzeko, enpresaren proiektu guztien % 80 atzerrian garatzen baitira gaur egun. Giltzarri horiei esker, enpresaren fundatzaileak aitortza bat jaso berri du bere proiektuaren konpromiso sozial eta berritzaileagatik, zeina jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruko politika errealetan zentratzen baita nagusiki.

Zein aitortza jaso duzue?

Zuzendaritza-kargu eta Exekutiboen Fundazio Konfederazioak (CEDE) “Ekintzailetzaren Saria” eman zigun Adimen Artifizialean eta Big Data-n oinarrituriko software bat garatzeagatik hornikuntza-sareetako galerak detektatu eta lokalizatzeko.

Sari horren bidez aitorpena egiten zaio proiektu honen ikuspegi apurtzaile, berritzaile eta sozialki arduratsuari. Horrela ikusten duzue zuen burua?

Bai, zalantzarik gabe. Enpresa gisa, gure helburua da planeta hobetzea teknologia baliatuz. Horretarako, oso baliotsua den baliabide bat zaintzen dugu, ura, zeinak balio ekonomiko handia izateaz gain, sekulako balio soziala baitu. Hasieran, ur edangarriaren sareetako ur galerez arduratzen ginen gehienbat, baina orain saneamendu-sareko anomaliak ere aztertzen ditugu edo uraren kalitateak izan ditzakeen arazoak, eta biki digital bat ere sortu dugu, gure bezeroek aukera izan dezaten askotariko eszenatokiak simulatu eta erabakiak errazago hartzeko.

Adimen Artifiziala aplikatzen duzue banaketa-sarearen inefizientziak detektatzeko… Nola azaltzen da hori?

Adimen Artifizialari esker posible da, besteak beste inefizientziak edo anomaliak detektatzea. Sistemak egoera arrunt edo eraginkor bat identifikatzen ikasten du eta, hala, ihes bat gertatzen denean, gai da detektatu eta lokalizatzeko. Halaber, teknologia hori erabiltzen dugu urari gehitu behar zaion kloroaren banaketa optimizatu eta uraren zaporea hobetzeko. Edo jakiteko zein diren ordezkatu beharreko hodiak.

Zuen aspaldiko helburuetako bat da munduko lider bihurtzea nitxo horretan. Lortu duzue?

Oraindik ez gara liderrak merkatu-kuotari dagokionez, baina zalantzarik gabe liderrak gara berrikuntza arloan. Eta horren erakusgarri, munduko enpresa puntakoenetako batek, Siemens-ek, gure teknologia aukeratu du uraren sektorerako eskaintzen dituen konponbide digitalen portfolioa osatzeko. Gainera, gure bezeroak dira sektoreko mundu mailako liderrak.

Nori interesatzen zaio teknologia hau? Eta zein dira eskaintzen dituen abantailak?

Gure teknologiarekin galerak % 50 murriztu daitezke. Murrizketa hori erdiestea oso garrantzitsua da bezeroentzat, hau da, ur zerbitzua ematen duten enpresentzat. Gure bezeroek ezin dute onartu inolako inefizientziarik ur galerei dagokienez, eta gai izan behar dute eszenatoki desberdinak simulatzeko eta horien araberako erabakiak hartzeko. Gure biki digitalak aukera ematen die hori egiteko, euren ur-sarearen kopia digital bat bezalakoa baita.

Galdu egiten al da gure hodietan barrena dabilen uraren % 25? 

Gaur egun hori baino apur bat gehiago. Duela gutxi eginiko azterlan batek kalkulatu du mundu mailan uraren % 30 galtzen dela batez beste, eta egoera okerrera doa, azpiegiturak zahartzen ari direlako eta ez direlako berritzen ari nahi bezain azkar. 2006an ur-galerek 14 bilioi dolarreko galera ekonomikoa eragin zuten, eta kalkulatzen da 2022an diru galera hori 39 bilioira iritsiko dela. Ia hirukoiztu egin da.

Zenbatekoak dira galera horiek urte batean, adibidez?

Urtean 126 bilioi metro kubiko inguru galtzen dira munduan. Pentsa ezazu etxe batean 120 metro kubiko inguru kontsumitzen direla urtean, beraz, galtzen den urarekin mila milioi etxe baino gehiago hornitu ahal izango lirateke. Uste dugu gure tresnetako batekin (BuntBrain) posible dela galera horiek erdira murriztea.

Ura doakoa izateak eta, hortaz, merkatu baliorik ez izateak badu eragina zabarkeriaren antz handia duen jarrera horretan?

Ura oso merkea da, esaterako, energiagatik ordaintzen dugunarekin alderatuta. Horregatik uste dugu datozen urteetan uraren prezioak igo egin beharko lukeela, kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal izateko.

Bunt Planet 2000. urtean sortu zen lau ingeniari industrialen eskutik, eta aitortza ugari eta emaitza onak lortu ditu harrezkero, aktibo on bat bilakatzera iritsi delarik. Zuk nahiko zenukeen tokian al dago enpresa? 

Bete ditugu gure amets batzuk: punta-puntako produktu propio bat garatu dugu eta, gainera, nazioartekotu egin gara, gure teknologia 18 herrialdetan ezarri baitugu. Baina oraindik badaukagu bidea egiteko, besteak beste Estatu Batuetako merkatura iritsi nahi dugu, oraindik ez baikara sartu, eta han egon nahi dugu.

Aldaketaz betetako garai hauetan, zure ustez zein da enpresa batek egin dezakeen akats larriena?

Autokonplazentzian erortzea, pentsatzea ezin duela ezer hobetu.

Eta ziurgabetasun une honetan, zer esango zenuke iraun ala berrituren artean aukeratu beharraz? 

Guk beti aukeratu dugu berritzea. Gure DNAn dago. Eta gero, geure burua berrasmatzea. Guretzat funtsezkoa da, horixe da ehundik gora urteko enpresen arrakastaren gakoa, eta guretzat horiexek dira ispilu onena.

22 urte hauetan bi krisi oso gogor jasan dituzue, eta bitxia bada ere, horietako baten ostean jauzi egin zenuten Uraren sektorera, alegia, gainerakoengandik bereizteko aukera eman dizuen sektorera… Zein ikasgai atera duzue egoera zailenetatik?

Ate bat ixten denean askotan leiho bat irekitzen dela. Edo ikusi gabeko leiho bat deskubritzen dela, lehendik zabalik zegoena.

Lotutako albisteak

Spyrok  datuetan  eta  AAn  oinarritutako  ERP  adimendun  baten  bidez  lehiakortasun  industriala  bultzatzen  du

Spyrok datuetan eta AAn oinarritutako ERP adimendun baten bidez lehiakortasun industriala bultzatzen du

Gipuzkoako enpresak adimen artifiziala, datuen analitika eta automatizazioa integratzen dituen enpresa-kudeaketarako plataforma bat garatzen ari da, konpainia industrialei eraginkortasuna irabazten, trazabilitatea hobetzen eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko.

Vesetra  enpresaren  kargak  garraiatzeko  amarratze-  eta  jasotze-sistemak,  30  herrialdetan  presente
13/07/2026 Nazioartekotzea

Vesetra enpresaren kargak garraiatzeko amarratze- eta jasotze-sistemak, 30 herrialdetan presente

Gipuzkoako enpresa honek 250 bezero baino gehiago jasotzeko ibilgailuak eramateko lokailuak eta eslingak fabrikatzen ditu, modu pertsonalizatuan.

Sabbatic-ek  enpresa-gastuen  kudeaketa  digitalizatu  eta  automatizatu  egiten  du

Sabbatic-ek enpresa-gastuen kudeaketa digitalizatu eta automatizatu egiten du

Gipuzkoako enpresak plataforma bat garatu du gastuaren ziklo osoa automatizatzeko eta erakundeei eraginkortasuna irabazten, kostuak murrizten eta papera ezabatzen laguntzeko.

Talleres  Mitxelena,  pieza  handien  mekanizazioko  espezialista

Talleres Mitxelena, pieza handien mekanizazioko espezialista

Hernaniko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta balio erantsi handiko proiektu industrialak egiten ditu

Reparaciones  Samur,  negozioa  dibertsifikatzeko  konpresoreen  salmentan  eta  mantentze-lanetan  espezializatutako  enpresa

Reparaciones Samur, negozioa dibertsifikatzeko konpresoreen salmentan eta mantentze-lanetan espezializatutako enpresa

Abadiñoko enpresak 34 urte ditu eta SPRI taldearen dirulaguntzak jaso ditu digitalizaziorako.

Normo:  postontziak  fabrikatzetik  horiek  berrasmatzera

Normo: postontziak fabrikatzetik horiek berrasmatzera

Gipuzkoako enpresak online erosketak eraikinetan eta familia bakarreko etxeetan jasotzeko postontzi adimendunak garatzen ditu, eta dagoeneko 24.000 instalazio baino gehiago egin ditu Espainian eta Europan.

Biotz-ek  teknologia  propioa  garatzen  du  industria,  energia  eta  mugikortasun  arloko  eraldaketa  digitala  bultzatzeko

Biotz-ek teknologia propioa garatzen du industria, energia eta mugikortasun arloko eraldaketa digitala bultzatzeko

Euskal enpresak adimen artifizialean oinarritutako irtenbideen aldeko apustua egin du, erakundeei efizientzia eta autonomia teknologikoa irabazten laguntzeko.

AITA  World:  “Trantsizio  energetikoa  ez  du  teknologia  berria  bakarrik  behar,  baizik  eta  azpiegitura  digital  eta  finantzario  berri  bat  ere”
15/06/2026 Nazioartekotzea

AITA World: “Trantsizio energetikoa ez du teknologia berria bakarrik behar, baizik eta azpiegitura digital eta finantzario berri bat ere”

Konpainiak energia berriztagarrien proiektuen garapena, adimen artifiziala eta kapitalaren egituraketa uztartzen ditu, energia garbien ezarpen-denborak eta kostuak murrizteko.

Licores  Barañano,  nazioartekotzera  jauzi  egin  duen  mikroETEa
10/06/2026 Nazioartekotzea

Licores Barañano, nazioartekotzera jauzi egin duen mikroETEa

Amurrioko enpresa bezeroentzako produktu espezializatuetara bideratuta dago

Transkal  aurrera  doa  digitalizazio  logistikoan,  bere  ERP  sisteman  AAko  soluzio  propio  batekin

Transkal aurrera doa digitalizazio logistikoan, bere ERP sisteman AAko soluzio propio batekin

Gipuzkoako enpresak kudeaketa arintzeko tresna bat merkaturatu du, prozesu administratiboak eta operatiboak erraztu eta automatizatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.