Albisteak 18 abendua, 2024

82 gazte abiatuko dira urtarrilean beren atzerriko lanpostura, Eusko Jaurlaritzaren BEINT nazioartekotze-bekei esker

Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, "gure helburua Euskadiko nazioarteko sarea sendotzea da, eta, horretarako, 82 enbaxadore berri ditugu lanean, euskal industria munduan ezagutarazteko eta gure enpresen nazioartekotzean laguntzeko”
-
    • BEINT bekek 38 urte bete dituzte, eta haien bidez 2.100 gazte baino gehiago prestatu dira nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan
    • 2025eko lehen hiruhilekoan, beste deialdi bat egingo da, 30 urtetik beherako gazteei atzerrian prestakuntza eta lan-esperientzia eskaintzeko

Guztira, 82 gazte abiatuko dira urtarrilean beren atzerriko lanpostura, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen BEINT nazioartekotze-bekei esker. Beka horien helburua bikoitza da: nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan talentu berriak prestatzea eta euskal enpresen eta erakundeen beharrei erantzutea. Aurten, 38 urte bete ditu nazioartean ospe handia lortu duen eta 2.100 gazte baino gehiago prestatu dituen programak.

Gazte horietako bik atzerrian finkatutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada) hasiko dituzte beren praktikak, eta gainerako 80ak Basque Trade & Investment agentziaren Kanpo Sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edota Afrikako, Amerikako, Asiako eta Europako 45 herrialdetan nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan arituko dira.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Industriako sailburuorde Andoiz Kortak, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Sara Urionabarrenetxeak eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioarteko Euskal Agentziako zuzendari nagusi Nagore Bonillak akreditazioak eman dituzte gaur goizean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian, 82 gazte bekadunak eta haien senideak bertan zirela.

Mikel Jauregik bekadun berriei zuzendutako hitzaldian aldarrikatu du “gure gazteak nazioarteko aldaketa handiei lotuta dagoen mundu honetako protagonistak izan zaiteztela; gure helburua Euskadiko nazioarteko sarea sendotzea da, eta, horretarako, 82 enbaxadore berri ditugu lanean, euskal industria munduan ezagutarazteko eta gure enpresen nazioartekotzean laguntzeko; industriak aberastasuna eta ongizatea sortzeko duen balioa garbi duen herrialde txikia gara, eta gure enpresen nazioartekotzea funtsezkoa da industriaren sektorearen aldeko apustuan “.

Bestalde, Basque Trade & Investment agentziako zuzendari nagusi Nagore Bonillak adierazi duenez, “Euskadik atzerrian duen ospea balio ukiezina da, gure enpresen eta erakunde publikoen lan historikoan eta aurreko 40 promozioen lanean oinarrituta eraikia. Horiek guztiek Euskadi – Basque Country marka eraiki dute, eta marka horrek lehen mailako gero eta nazioarteko erakunde gehiagotako ateak irekiko dizkizue bekadun berriei, hala nola Munduko Bankuaren bulegoetako, Euskadiko ordezkaritzetako edo euskal enpresa nagusiek atzerrian dituzten egoitzetako ateak”.

Ekitaldian, halaber, amaitu berri den programaren fase akademikoan parte hartu duten hiru unibertsitateen ordezkaritza batek hartu du parte ekitaldian. Zehazki, honako hauek izan dira: Jon Barrutia, UPV-EHUko Ekonomia Zientzien Fakultateko dekanoa eta Marisol Esteban, sail bereko zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko errektoreordea eta Lander Beloki, Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Victor Urcelay, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea eta Felix Arrieta, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Nazioarteko Harremanetako eta Graduondoko Ikasketen dekanordea.

2021. urtean, hitzarmen bat sinatu zen SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioarteko Euskal Agentziaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU-UPV), Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen artean, eta urte horretako edizioaz geroztik, BEINT beken berezko programa eta hiru euskal unibertsitateen arlo horretako jakintzarik eta prestakuntza-metodologiarik onenak uztartzen dira.

Hiru euskal unibertsitateekiko hitzarmena

Akordio horren helburua da BEINT beka-programaren onuradun diren gazteei kalitateko prestakuntza eskaintzeko aukera emango duen ekosistema bat sortzea, prestakuntza horren bidez nazioarteko merkataritzaren errealitatearen eta arauen, euskal sare ekonomikoaren eta sare horretako erakunde eta enpresen, eta lokalizazio anitzeko enpresen eta nazioarteko erosketen eta salmenten kudeaketan beharrezkoak diren trebetasunen ezagutzan sakontzeko.

Horrela, beraz, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investment agentziak beka horiek % 100ean babesten jarraitzen dute, eta, ildo horretan, hautaketa-prozesua kudeatu eta prestakuntza-ibilbidea koordinatzen dute. Unibertsitateek, berriz, bakoitzak bere metodologia eta ezagutza propioarekin, BEINT programako bekadunen jarduna ebaluatzen dute (bakoitzak prestakuntza-ibilbidearen barruan dagokion arloan), eta BEINT programako bekadunei eskubidez dagozkien unibertsitate-kredituak ematen eta aitortzen dituzte.

Beint bekak

30 urtetik beherako ehun bat gaztek izaten dute aukera urtero BEINT beka bat lortzeko. Beka horien helburua da nazioartekotzearen arloko talentu berriak prestatzea, euskal enpresen eta erakundeen beharrei erantzuteko. BEINT bekak aukera paregabea dira goi-mailako unibertsitate-titulazioa duten gazteak nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan prestatzeko.

Programa zabal horren barruan, erreferentziazko titulu propio bat lortzen da, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasotzen da Basque Trade & Investment agentziaren Kanpo Sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edota nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan, eta, azkenik, 8 hilabeteko egonaldia egiten da mundu osoan kokatutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada).

38 urteko ibilbidearen ondoren, talentu berriak nazioartekotzeko tresna horren enplegagarritasun-indizeak ia % 100ekoak dira.

Ekimen hori SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak zuzentzen du, eta hiru fase ditu. Lehen etapan, 14 prestakuntza-modulu daude hiru euskal unibertsitateetan banatuta, eta bakoitzak Bilbon duen campusean ematen dira. Guztira, 43 unibertsitate-kreditu lortzen dira, eta unibertsitate bakoitzak bere titulua ematen du. Aurrez aurre eta online ematen den prestakuntza horretan, ikasleek nazioarteko merkataritzaren arauetan eta errealitatean, euskal sare ekonomikoan eta lokalizazio anitzeko enpresak kudeatzeko beharrezkoak diren trebetasunetan sakontzen dute.

Lehen fase hori gainditzen duten bekadunak bigarren fasera igarotzen dira. Fase horretan, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa ematen da nazioartekotzea babesten duten erakundeetan. Praktika horiek Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulegoetan eta atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan egingo dira.

2021. urteaz geroztik, TPEk, nazioartekotzea sustatzen duten eragileen Europako Elkarteak eta ekonomiaren garapenerako Flandriako eta Greziako agentziek hartzen dute parte, eta bekadun batzuek beren prestakuntza-ibilbidea egiteko destinoak eskaintzen dituzte. Horren bidez, parte hartzen duten gazteek ezagutza handiagoa lortzen dute eta kontinente guztietako 40 herrialde baino gehiagoko destinoak dituzte aukeran.

BEINT beken azken fasean, lanbide-praktikak egiten dira nazioartekotutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada). Programaren etapa horretara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzaren inguruko trebetasunak eta ezagutzak hobetzen dituzte enpresa-ingurune erreal batean. Praktika horiek, halaber, aukera paregabea dira kanpoan lan-aukerak izateko. Izan ere, aurreko edizioetan parte hartu dutenen erdiek, gutxi gorabehera, praktikak egin zituzten konpainian jarraitu dute lanean.

BEINT bekak Euskadin bizi diren eta unibertsitate-titulazioa eta ingeles-maila handia duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude. Programak 38 urteko ibilbidea du egina, eta, aldi horretan, 2.100 gazte baino gehiago prestatu dira nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan. Unibertsitate-gradu guztietara irekita badago ere, parte-hartzaileen titulaziorik ohikoenak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingeniaritzak eta Zuzenbidea dira. Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi euro bideratu ditu ekimen horretara aurten.

Lotutako albisteak

Europako  Batzordeak  ‘Raw  Materials  Mechanism’  aktibatu  du  lehengai  estrategikoak  modu  bateratuan  erosteko
22/04/2026 Nazioartekotzea

Europako Batzordeak ‘Raw Materials Mechanism’ aktibatu du lehengai estrategikoak modu bateratuan erosteko

Plataforma berri honi esker, enpresek beraien eskaria agregatu ahal izango dute nazioarteko hornitzaileekin harremanetan jartzeko eta material kritikoen hornidura bermatzeko, besteak beste lur arraroak edo baterietarako osagaiak.

Euskal  automozio-sektoreak  Txinan  duen  posizionamendua  indartu  du  fabrikatzaile  elektriko  berrien  gorakadaren  aurrean
21/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal automozio-sektoreak Txinan duen posizionamendua indartu du fabrikatzaile elektriko berrien gorakadaren aurrean

Basque Trade & Investment-ek, Shanghaiko bere bulegoaren bitartez eta ACICAErekin elkarlanean, 18 euskal enpresaz osatutako misio komertzial bat koordinatu du, BYD, Geely edo NIO bezalako fabrikatzaile liderren proiektuak aztertzeko.

Euskal  enpresak  negozio  eta  hornikuntza-aukera  berriak  identifikatu  ditu  Poloniako  merkatu  aeroespazialean
17/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal enpresak negozio eta hornikuntza-aukera berriak identifikatu ditu Poloniako merkatu aeroespazialean

Euskadiko hamahiru enpresa Poloniako Podkarpackie eskualdera joan dira aste honetan, BasqueTradek buru eta HEGAN eta AFM klusterrekin lankidetzan egindako misio baten esparruan; gainera, Aviation Valley-ren eta PAIH inbertsio-agentziaren tokiko laguntza izan dute.

Europar  Batasunak  esparru  berri  bat  proposatu  du  altzairuaren  inportazioetarako

Europar Batasunak esparru berri bat proposatu du altzairuaren inportazioetarako

Europako Batzordeak merkatu siderurgikora sartzeko baldintzak gogortzea proposatu du, gehiegizko ahalmen globalari aurre egiteko

AEBek  epea  ireki  dute  nazioarteko  enpresek  bidegabeko  muga-zergen  itzulera  eskatzeko
16/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek epea ireki dute nazioarteko enpresek bidegabeko muga-zergen itzulera eskatzeko

Estatu Batuetako Aduana eta Mugak Babesteko Bulegoak (CBP, ingelesezko sigletan) CAPE tresna jarri du abian, aduana-eskubideen itzulketak modu taldekatuan kudeatzeko aukera ematen duen prozedura zentralizatua.

Třinecké  železárny  talde  siderurgiko  txekiarrak  bertatik  bertara  ezagutu  du  euskal  enpresen  eskaintza  teknologikoa
14/04/2026 Nazioartekotzea

Třinecké železárny talde siderurgiko txekiarrak bertatik bertara ezagutu du euskal enpresen eskaintza teknologikoa

Euskadiko hamaika enpresak euren soluzio teknologikoak korporazioko zuzendaritzari aurkezteko aukera izan dute bakarkako bileren jardunaldi batean.

AEBek  altzairu,  aluminio  eta  kobrezko  produktuen  232.  Ataleko  muga-zergen  araubidea  aldatu  dute
07/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek altzairu, aluminio eta kobrezko produktuen 232. Ataleko muga-zergen araubidea aldatu dute

Presidentziaren araudi berriak zergak kalkulatzeko metodologia aldatzen du; aurrerantzean, inportatutako azken produktuaren balio osoari aplikatuko zaizkio.

Euskadik  eta  Herbeheerek  mugikortasun  elektriko  eta  adimentsuan  lankidetzan  aritzeko  bideak  aztertu  dituzte
07/04/2026 Nazioartekotzea

Euskadik eta Herbeheerek mugikortasun elektriko eta adimentsuan lankidetzan aritzeko bideak aztertu dituzte

Zazpi euskal enpresako ordezkaritza batek misio batean parte hartu du sare elektrikoaren saturazioa, energiaren biltegiratzea, garraio astunaren birkarga eta sare adimendunen kudeaketa ardatz dituzten herbeheretar soluzioak ezagutzeko.

Euskadik  Bogotako  Metroaren  2.  Lineako  aukera  industrialak  aztertu  ditu
30/03/2026 Nazioartekotzea

Euskadik Bogotako Metroaren 2. Lineako aukera industrialak aztertu ditu

Euskadik Kolonbian duen Ordezkaritzak topaketa erdi-presentzial bat antolatu du hil honetan, herrialdeko hiriburuko Metroaren 2. Lineak euskal enpresei eskaintzen dizkien aukera komertzialak ebaluatzeko.

Euskadik  energia  berriztagarrien  sektorean  Japonian  duen  kokapen  estrategikoa  indartu  du
18/03/2026 Nazioartekotzea

Euskadik energia berriztagarrien sektorean Japonian duen kokapen estrategikoa indartu du

Tokion ospatu da Smart Energy Week azokaren edizio berri bat, eta bertan, Basque Trade & Investment-ek euskal enpresei lagundu die itsasoko energia eolikoan eta hidrogenoan dauden aukerak arakatzen.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.