Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Argitalpenak 25 otsaila, 2021 Berrikuntza Finantziazioa Nazioartekotzea Araudia BasqueTrade & Investment Energia Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi

Industria sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak “edozein enpresaren neurrikoak” direla

Bigarren informazio-jardunaldian hizpide hartu dira ingurumen, garapen industrial, trantsizio energetiko eta nazioartekotze arloetako dirulaguntzak
Javier Zarraonandia sailburuordea, erdian.

 

Javier Zarraonandiak, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, ostegun honetan azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak “edozein enpresaren neurrikoak” direla. “Deituiguzue beldurrik gabe” esan du bigarren informazio-jardunaldian, non xeheki azaldu baititu Eusko Jaurlaritzak ekonomia berraktibatzera eta enplegua sortzera bideratu dituen ETEentzako 2021eko laguntzak.

 

Ekitaldia telematikoki egin da, 650 enpresa inguruk jarraitu dutelarik, eta sailburuordeak nabarmendu du industria eta ingurumen sailak “lanean ari direla industriaren garapen jasangarria lortzeko”.  Gogora ekarri du Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hiru helburu dituela jomugan:  industria eta bere zerbitzu aurreratuak gure BPGaren % 40ra iritsi daitezela, enpresen nazioartekotzea Covid-19ak eragin duen ingurunera egokitzea, eta energia berriztagarrien kuota Euskadin kontsumitzen den energia guztiaren % 20ra iritsi dadila.

 

Informazio-jardunaldian hizpide hartu dira ingurumen, garapen industrial, trantsizio energetiko eta nazioartekotze arloetako laguntzak. Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak esan du hauek direla hiru helburu nagusiak: berotegi efektua eragiten duten gas isurketak % 45 murriztea –“sektore industrialak ahalegin handia egin du eta, horri esker, 2006tik % 25 gutxitzea lortu du” adierazi du-, hondakin sorkuntza gutxitzea eta ingurumen-politika faktore transbertsal bilakatzea.

 

Laguntza programei dagokienez, aipatu du bikoiztu egin dela ingurumen proiektuentzako laguntza-plana, “bi milioi euroko zuzkidura izatetik lau milioi euro izateraino”. Baita ere nabarmendu du bio-ekonomia programa -hiru milioiko aurrekontua duena-, proiektu pilotuak, proiektu eraldatzaileak eta atzerriko ekimenak detektatu eta erakartzeko proiektuak babesten dituena.

 

Garapen Industrialeko zuzendari Mikel Amundarainek azpimarratu du “erronkaz betetako unean gaudela. Covid-19aren ondorioez gain, hor ditugu baita ere ingurumen arloko erronkak eta erronka digitalak. Pandemiak azkartu egingo ditu industriako aldaketa estrukturalak”. Hala, laguntza-planak tresna gehiago eskaintzen dizkie zailtasunak dituzten eta lehiakortasuna hobetu nahi duten enpresei. “Programak indartu ditugu, partidak handituz eta eskakizunak murriztuz. Hiru programa berri abiarazi ditugu: dibertsifikazioa, enpresen tamaina handitzea eta adituen aholkularitza finantzaketa-operazioetan”.

 

Halaber, hizpide hartu du Bateratu programa berria, hiru milioi euroko zuzkidura duena. Programa horrek  helburutzat du “500.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak” ematea xurgatze edo bat-egiteen bidez hazkunde-operazioak planteatzen dituzten enpresei. Horrez gain, bada beste nobedade bat, 11 milioiko zuzkidura duen Bilakatu plana, “zeinaren helburua baita laguntza ematea negozio-ildo berriak garatu nahi dituzten edo Euskaditik kanpo zeuden gaitasunak berriz Euskadira ekarri nahi dituzten (“reshoring”) enpresei”. Plan honen onuradun izateko, enpresa handiek gutxienez 1,5 milioi euroko inbertsioak egin behar dituzte, eta ETEek 200.000 eurokoak.  “Gehieneko laguntza milioi bat eurokoa da eta ez da itzuli beharko” zehaztu du.

 

Amundarainek esan duenez, krisian dauden enpresak berregituratu eta berrabiarazteko “Bideratu” plan berriak bere partida bikoiztu du, bost milioi euroraino. Interesik gabeko aurrerakin itzulgarriak izango dira, sei urtean ordaindu behar direnak. Gainera, bada beste programa berri bat, “Lortu”, birfinantzaketa proiektuentzako laguntza profesionala eskaintzen duena.

 

Iñigo Ansolak, EEEko (Energiaren Euskal Erakundea) zuzendari nagusiak, baieztatu du hiru kontzeptu landuko direla energiaren arloan: energia eraginkortasuna, energia berriztagarrien ezarpena eta itsasoko teknologien garapena. “Zazpi laguntza-ildo desberdin dauzkagu” zehaztu du, besteak beste: itsasoko energientzako laguntzak, 2,5 milioi euroko zuzkidura dutenak, zeren “potentzial energetiko handiko teknologia bada ere, oraindik ongi heldu gabe baitago”, eta 4,5 milioi euroko zuzkidura duen Moves II plana, mugikortasun elektriko eta jasangarrira bideratua dagoena.

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek gogoratu duenez, aurreikusi zen nazioartekotzea izango zela pandemiaren eragina gogorren jasango zuen arloetako bat, “baina ikusi dugu enpresek segurtasun handiz aurre egin diozuela egoerari, eta Agentziak, bere aldetik, aholkularitza gehiago eskaini du, eta baita arreta handiagoa ere”. “Nazioartekotzeak” gaineratu du “palanka estrategikoa izaten jarraitzen du lehiakortasuna lortzeko eta negozio berriak garatzeko. Hazkunde ekonomikoaren ardatzetako bat izango da”.

 

Ondarzabalek adierazi du 21,3 milioi euro mobilizatuko direla arlo horretan hainbat laguntza-programaren bitartez. Aipagarria da Nazioarteko Gauzatu programa (5 milioi eurorekin), atzerriko produkzio-inbertsioak finantzatzeko mailegu itzulgarriak ematen dituena, eta baita ere Zabaldu (3 milioirekin) programa, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen dituena atzerriko merkatuetara irteten edo haietan duten posizioa sendotzen ari diren enpresentzat.  Halaber azpimarratu du talentuaren aldeko apustua egin dutela, eta horregatik hobetu dituztela Beint eta Global Training beka programak; “lehenengoak 125 bekadun izango ditu 100 izan beharrean, eta bigarrenaren kasuan, onuradunak 500 izango dira eta ez 400”.

 

Jardunaldi informatiboak ostiral honetan amaituko dira lehen sektorera eta elikadura eta jasangarritasun industrietara bideratutako laguntzei buruzko saioarekin.

 

Hemen ikus dezakezu jardunaldia:

 

Hemen aurkezpena:

Lotutako albisteak

energibasque energías limpias 2 otsaila, 2022 Berrikuntza
Energibasque. Laburpen exekutiboa. Energia RIS3 Euskadi.
Irakurri gehiago
21 urria, 2021 Berrikuntza
Orain badakigu zer behar duten langileek gehiago inplikatzeko” Mikel Elosegi, Bodegas Elosegi enpresako general manager-a
Irakurri gehiago
7 urria, 2021 Berrikuntza
“Hazinnovak epe luzera pentsatzen lagundu digu”, Sainz e Hijos Logística
Irakurri gehiago
15 apirila, 2021 Berrikuntza
ZTBP Euskadi Plana. Euskadi 2030 estrategia
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2021 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa txiki eta ertainentzako Eusko Jaurlaritzaren laguntzen plana
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak