Euskal enpresek 615 milioi euroko maileguak eskuratu ahal izango dituzte aurten Gobernu Zentralak  SPRI Taldearen laguntzarekin bultzatutako programen bidez

9 uztaila, 2019
Iñaki Tellechea (eskumaldean), SPRI Taldekoa, eta Juan Ignacio Moratinos.

 

Jardunaldi batean azaldu zaie zuzendaritza-karguei zein diren inbertsio industrialak egiteko finantzaketa-programak

Azken urtean euskal konpainiek 50 milioi euroko laguntzak eskuratu dituzte

 

Euskal enpresek 615 milioi euro mailegatu ahal izango dituzte aurten euren proiektuetarako, Gobernu Zentralak SPRI Taldearen (enpresen garapenerako euskal agentzia) laguntzarekin bultzatzen dituen programen bitartez. Finantzaketa hori eskuratzeko aukerak astearte honetan azaldu dira SPRI Taldeak Bilbon antolatutako jardunaldi batean, enpresetako zuzendaritza-kargu andana baten aurrean.

 

SPRI Taldeko Enpresen Sustapeneko zuzendari Iñaki Tellecheak hasi du jardunaldia, eta euskal enpresak animatu ditu programa horietan parte hartzera, Euskadiko enpresek egin ohi duten bezala. Azken urte honetan euskal konpainiek 50 milioi euro eskuratu dituzte laguntzatan. Tellecheak baikorki baloratu du ministerioarekiko lankidetza programak ebaluatzean, eta azpimarratu du “laguntza horiek bateragarriak direla Eusko Jaurlaritzak ematen dituenekin”.

 

Industria Ministerioko Programen Kudeaketa eta Exekuzioko zuzendariorde nagusi Juan Ignacio Moratinos Alonsok hizpide hartu ditu inbertsio industrialak finantzatzeko programak. Garrantzitsuena industriako lehiakortasuneko programa da, urtean 400 milioi euroko aurrekontua duena eta 20 urtetik gorako bidea egina duena. Enpresa handi zein txikiek hartzen dute parte programa horretan.

 

Finantzatu daitekeen aurrekontuaren %75eko maileguak ematen dira, interes-tasa finko batekin (iaz %1,64koa) eta 10 urteko amortizazio-epearekin. Gutxieneko aurrekontua 100.000 eurokoa izan behar da. “SPRI Taldeak proiektuen diseinuan eta ebaluazioan parte hartzen du”, azpimarratu du Moratinosek.

 

Bigarren programa 4.0 Industriaren arlokoa da, 50 milioi euroko aurrekontu-partida dauka 2019an, eta bere helburua da industriaren eraldaketa digitala bultzatzea. Laguntzak jaso ditzaketen enpresak gutxienez hiru urteko enpresa errotuak izan behar dira eta, konpainia handien kasuan, lankidetzan jardun behar dute ETEekin. “Maileguak ere badira, inbertsioaren %80koak eta Euriborraren araberako interes-tasarekin, hau da, %0”.

 

Hirugarren programa I+G+B-ko proiektu industrialei zuzenduta dago eta 165 milioi euro banatuko ditu mailegutan. Antolakuntza eta prozesuetako berrikuntza-proiektuak dira, eta edozelako enpresek eska ditzakete. “Aurrekoa bezalakoa da: inbertsioaren %80ko maileguak zeroko interes-tasarekin. Industria konektatuaren arloko laguntzaren kopia bat da”.

 

Finantzaketa hutsa ematen duten laguntza horiekin batera, Moratinosek azaldu du badirela aholkularitza zerbitzuak ere, esaterako, Activa (digitalizazio industriala) eta Finanza Industria. Lehenengoa aholkularitza espezializatu eta pertsonalizatu bat da, 12.000 euroko kostua duena, baina enpresak prezio horren herena bakarrik ordaintzen du.

 

Financia Industria programa, berriz, aholkularitza-zerbitzu pertsonalizatu bat da, enpresek arrakasta gehiago izan dezaten finantzaketa publikoa lortzeko prozesuetan. “Enpresa bakoitzarentzako finantzaketa-programa egokienei buruz aholkatzen du”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow