Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

9 Marzo, 2021
2027ra bitartean euskal enpresek 95.000 milioi euro eskura ditzakete Europako laguntzen bidez I+G+B bultzatzeko

  • Eusko Jaurlaritzak eta CDTIk antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira EBko ikerketa eta berrikuntzako plan handiena den “Horizonte Europa” programaren berritasunak

  • Euskal erakundeek 689 milioi euro lortu dituzte laguntzatan azken zazpi urteetan, “eta horietatik %75 enpresa eta teknologi zentroak dira; horrelakorik ez da lortu ez Espainian ez Europan”

 

Euskal enpresek 95.000 milioi euro eskura ditzakete Europar Batasuneko laguntzen bidez I+G+B bultzatzeko. Diru hori eskuragarri egongo da datozen zazpi urteetan –2027ra arte– “Horizonte Europa” programan, hots, Europako ikerketa eta berrikuntzako programa handienean. Eusko Jaurlaritzak eta CDTIk SPRI Taldearekin (enpresa garapenerako euskal agentzia), Innobasque-kin eta Basque EENrekin batera antolatutako jardunaldi batean azaldu zaizkie enpresei berrikuntza bultzatzeko laguntza programa honen berritasunak.

 

Jardunaldia telematikoki egin da eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Alberto Fernándezek ireki du. Honela esan du ekitaldian: administrazio guztiak “konbentzituta gaude I+G indartsuagoa behar dugula, baina horretarako behar duguna da enpresek lagundu diezagutela eta gutxienez proportzio berean handitu ditzatela I+G-ko gastuak”.

 

Fernándezek I+G+B-ko sistema integratu bat defendatu du. “Proiektuak elkarrekin jorratzen baditugu, aukera izango dugu funts gehiago lortzeko. Gogoratu du nola 2014tik 2020ra bitartean garatutako aurreko programan, “Horizon 2020” izenekoan, 277 euskal enpresak 719 milioi euroko laguntza jaso zuten. Halere, azpimarratu du “etorkizunean ezinbestekoa” izango dela “gure partaidetzaren kalitatea zaintzea. Gure ikerketa-zentroek lagundu egin behar dute ETE gehiagok parte har dezaten Europako proiektuetan”. Orobat esan du lankidetza “funtsezkoa” dela, “erabakigarria gure arrakastarako”.

 

Hauxe esan du Juan Antonio Tébar-ek, EBko Programa eta CDTI-ko Lurralde Lankidetzako zuzendariak, “Horizonte Europa” programa berriari buruz:  “egonkortasuna eta ziurtasuna ematen digu, denok ezagutzen ditugun arauekin, eta arau horiei jarraiki frogatu dugu gauzak ondo egin ditugula, Europako lehen herrialdea garelako proiektu koordinatuen lidergoan”.

 

Guillermo Álvarezek, CDTI-ko Erronka Sozialen Saileko buruak, dagoeneko amaituta dagoen “Horizon 2020” programaren balantzea egin du eta aipatu du programa horren 47.000 milioietatik, “4.762 milioi proiektu espainiarrentzat izan direla, eta horrek esan nahi du Espainia laugarren postuan dagoela, emandako laguntza guztien %10,1ekin”.

 

Álvarezek halaber azpimarratu du azken zazpi urteetan euskal erakundeek 689 milioi euro lortu dituztela laguntzatan, “eta horietatik %75 enpresa eta teknologi zentroak dira; ez da horrelakorik lortu ez Espainian ez Europan”. Hortxe ikusten da euskal sarearen izaera berritzailea. Gainera, Euskadi lehen autonomi erkidegoa izan zen NMBP, nanoteknologia, material, bioteknologia eta prozesuen deialdien itzulerei dagokienez”.

 

Hiru zutabe

CDTI-ko arduradunak azaldu duenez, programa berria hil honen amaieran edo apirilaren hasieran onartuko da eta hiru zutabe ditu: zientzia bikaina; mundu mailako erronkak eta Europako lehiakortasun industriala (lehen erronka sozialak eta lidergo industriala zena), zeinetan bildu diren gai-arloak; eta Europa berritzailea, berau delarik berriena eta berrikuntzako Europako ekosistemak finantzatuko dituena.

 

Álvarezek iragarri du datozen zazpi urteetarako aurrekontu osoa 95.500 milioikoa dela, eta horietatik erdia baino gehiago (53.500) direla mundu mailako erronkentzat eta Europako lehiakortasun industrialarentzat, non ikerketa arlo zehatzago batera bideratzen baita.

 

Esan du ikerketa-misioak direla berritasun nagusiak, baina oraindik ez daudela oso zehaztuta. “Inpaktu sozial handia duten hainbat arlotako proiektu-zorroak dira”, hala nola minbiziaren aurkako borroka, klima, uraren berroneratzea edo lurzoruaren zainketa. Goitik jota 5.500 milioiko laguntzak esleituko zaizkie.

 

“Horizonte Europa” programaren beste nobedade batzuk dira: askatasun gehiago proiektu-motetan, sinplifikazio administratiboa, sinplifikazioa kostuetan, gardentasun gehiago ebaluazioetan, eta gehiago baloratuko dela laguntzak eskatzen dituzten erakundeen kalitatea.

 

Jardunaldian xehekiago azaldu dira programa hauen datuak: Osasuna, Esparru Digitala, Industria, Espazioa, Klima, Energia eta Mugikortasuna. Orobat aurkeztu da Berrikuntzako Europako Kontseilua eta bere Azeleragailu berria, euskal ETEek balia dezaketena.

 

Azkenik, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyónek aurreratu du Eusko Jaurlaritzak I+G+B-ren nazioartekotzea bultzatu nahi duela euskal partaidetza sustatuz Europako Ikerketa Espazioan eta nazioarteko konexioak indartuz I+G+B arloan. Horretarako, laguntza emango zaie ETEei proposamenak aurkezteko prozesuan, ahalik eta gehien aprobetxatuko da zientzia eta teknologia arloko agenteen eta trakzio-enpresen trakzio-eragina, “kaskadan” emango da finantzaketari buruzko informazioa, eta nazioarteko lankidetzako beste jarduera batzuk sustatuko dira.  Bere aldetik, Innobasque-ko Cristina Ugartek lankidetza publiko-pribatuaren kasu arrakastatsu gisa aurkeztu du RIS3 Industria Adimendunaren Nazioartekotzeko lantaldea, fabrikazioaren euskal estrategiari buruzko mezu komun bat helarazi duelako Euskadi presente dagoen Europako ekimen guztietan, aukera emanez horrela aurrea hartzeko I+G+B bultzatzeko Europako politiken jarduera garrantzitsuei.

 

Hona hemen ihardunaldiaren aurkezpenak:

 

1_GUILLERMO_ALVAREZ_NOVEDADES_HE
2_MARTA_GOMEZ_C1_SALUD
3_ENRIQUE_PELAYO_C4DIGITALEuskadi - C4_Digital
4_NIEVES_GONZALEZ_CARLOS_TOLEDO_C4_INDUSTRIA
5_ANDREA_PEREZ_C4_ESPACIO
6_JUAN_CARLOS_GARCIA_C5_CLIMA
7_CRISTINA_GARRIDO_C5_ENERGIA
8_JUAN_FRANCISCO_REYES_MOVILIDAD
9_LUCIA_INIGO_PILAR3_EIC
10_CRISTINA_OYON
11_CRISTINA_UGARTE_HE_GT-INT 2021_03_09 CU

 

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euroko laguntzak eskainiko ditu aurten 4.0 Industria azkartzeko

  Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euroko laguntzak eskainiko ditu aurten Basque Industry 4.0...Leer más

Nexkin Medicalek finantziazio kanpaina bat ireki du merkatuan sartzeko

  Nexkin Medicalek, alergien inguruko medikuntza teknologia garapeneko enpresa...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?