Tiresoulek oinetakoen zolak egiten ditu erabiltzen ez diren pneumatikoetatik abiatuta
Gure egunerokoaren parte diren materialetako askok ehunka urte behar dituzte deskonposatzeko; horregatik, enpresa batzuek hondakin horiei bigarren bizitza bat ematearen aldeko apustua egiten dute. Erabileraz kanpo dauden pneumatikoen (NFU) kautxuaz baliatzeko –1.000 urte arte behar dituenak modu naturalean birziklatzeko– eta ekonomia zirkularreko plan batean ezartzeko helburuarekin, Tiresoul marka sortu zen. Material hori modaren industrian sartu nahi du, oinetakoetarako zolak eginez. Horrela, “NFUei xede berri bat ematea bilatzen du, ingurumen-aztarna murrizten lagunduz eta oinetakoen industriaren barruan jasangarritasuna sustatuz“, azaldu du Tiresouleko zuzendariak, Ivan Izquierdo Lópezek.
Hasieratik, Leongo RMD (Recuperación Materiales Diversos) birziklatze-enpresarekin lankidetzan aritu zen, hondakin horren kudeatzaile eta berrerabiltzaile nagusietako bat. Urteetan merkataritza harreman estua izan ondoren, RMDek Tiresoul erosi du 2023an. Bi enpresek gauza bera bilatzen dute: birziklatutako kautxuari bigarren bizitza bat ematea abangoardiako diseinu baten bidez. RMDek aurretik egiten zuen, bere Neusus Urban beso sozialaren bitartez, zeinak diseinu arkitektonikoaren arlorako lan egiten duen, hiri-altzari jasangarrien garapenarekin. Orain, Tiresoul bere lerroetan dagoela, “oinetakoen moda-diseinu jasangarrirantz horizonteak irekitzen ditugu “, dio Ivan Izquierdo Lópezek.
Pneumatikoen kautxua zapata-zolak fabrikatzeko erabili zen urteetan, baina alde batera utzi zen. Tiresoulek material hori merkaturatzen du diseinu berriekin eta errodadura bandaren patroietan aldaketak eginez, bere balio materiala ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Kautxuak erresistentzia nabarmena eskaintzen du baldintza klimatiko kaltegarrien eta higaduraren aurrean, eta, berrerabilia denez, ekarpen jasangarria du.
Merkatu nazionalean finkatu ondoren, Tiresoulek atzerrian du orain begirada, izan ere, “produktu honen mundu mailako fabrikatzaile bakarra izateak esportaziorako posizio pribilegiatuan kokatzen gaitu”, Tiresouleko zuzendariaren aburuz. Presentzia hartu duen merkatuetako bat Estatu Batuetakoa izan da. Bertan, bezero berriekin lotura komertzialak ezarri ditu duela gutxi, “mota honetako produktuentzat potentzial handia duen merkatua baita”.
Orain, Tiresoulek Milango Oinetakoen Azokan parte hartu nahi du, “non gure presentzia zabaltzea ez ezik, modan praktika jasangarrien garrantzia zabaltzea ere bilatzen dugun”, azaldu du Ivan Izquierdo Lópezek. Horrela, nazioarteko merkatuan bere presentzia esanguratsua sendotzeko asmoa du, “gure produktuaren ikusgarritasuna sustatuz eta modaren industrian aukera berriak arakatuz”.
Aldi berean, errodadura-bandetarako eta horien deribatuetarako, ehun-bandak kasu, aplikazio berriak aztertzen ditu. Baliabide hori bere teknologiaren bidez ustiatu nahi du, eta, horrela, hainbat sektoretan sartu, Tiresouleko zuzendariaren arabera, “aukerak zabalak eta amaigabeak direlako”.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.
Lotutako albisteak

Tamag mikroteknologietan erreferente bihurtu nahi da nazioartean
Donostiako mikroETEak produktu berrien garapenari eta mikrohari amorfo magnetikoen elaborazioari aplikatutako I+Gn zentratzen du bere jarduera.

Fagor Automationek emakumezkoen enpleguaren ia % 40 lortu du
Konpainia SPRI Taldeak garatzen duen genero-berdintasuneko jardunbide egokien identifikaziorako proiektu bateko parte-hartzaileetako bat da

Prado Silos nazioartean indartzen, estrategia eta inbertsio berriekin hazkundea bultzatuz
38 herrialdetan presentzia handituz eta 2025erako 9 milioi euroko kontratuak aurreikusiz

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Eurozon, desinfekziorako eta iraunkortasunerako ozono-teknologian aditua
30 urteko esperientziarekin, Bizkaiko enpresa elikagaien, uraren eta barruko espazioen higienizazioko berrikuntzaren buru da, ingurumena errespetatzen duten konponbideen alde eginez.