Donostian antolatuko da ICOE-OEE 2022 konferentzia, energia ozeanikoetako munduko ekitaldirik garrantzitsuena

Sektoreko ehunka profesional eta ikertzaile bilduko ditu Donostiako Kursaalean
-

“International Conference on Ocean Energy & Ocean Energy Europe 2022” (ICOE-OEE 2022) deritzon energia ozeanikoei buruzko munduko ekitaldirik garrantzitsuenak sektoreko ehunka profesional eta ikertzaile bilduko ditu Donostiako Kursaalean, urriaren 18tik 20ra bitartean. ICOE-OEE 2022 Euskadiko Energiaren Kluster Elkarteak) antolatu du Ocean Energy Europe (OEE) erakundearen lankidetzaz eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) babesle nagusi duela.

Europako Batzordeak 2030erako 1.000 MW ekoizteko helburua ezarri du Itsas Energia Berriztagarrien Estrategian (itsas-eolikoaren 60.000 MWekin batera). Espainiaren kasuan, Itsas Energia Eolikoaren eta Itsasoko Energien Ibilbide Orriak 40-60 MWeko helburua ezarri du itsas-energiei dagokienez denbora-tarte berean. Kopuru horiek behin-betiko bultzada eman diezaiokete datozen hamarkadetan sektorearen hazkunde nabarmena erraztuko duten eskalako ekonomien sorkuntzari. Gainera, interes handiko aukera da Euskadirentzat, nazioarteko erreferentziazko eskualde bihurtu den sektore honetan.

Euskadi, energia ozeanikoen nazioarteko erreferentea

Euskadi olatu-energiaren garapenaren arloko lider globaletako bat da, bertako industria-sarearen eta intentsitate teknologikoaren arteko konbinazioagatik. Euskadik mundu osoan elektrizitate gehien ekoitzi duen olatu-energia sortzeko instalazioa du Mutrikun, eta Armintzan, BiMEPen instalazioak daude, parekorik ez duen saiakuntza-gunea, itsaso zabalean kokatua eta sarera konektatua. Euskadik nazioarteko esperientzia duten hainbat enpresak osatutako balio-kate osoa du. Horietako bat da olatu-energiaren bihurgailuaren teknologia propioa duen IDOM enpresa, Estatu Batuetako Energia Departamentuarentzat proiektu aitzindariak garatzen diharduena. Euskadik I+G zentroak ere baditu, Tecnalia eta AZTI kasu, eta bertako unibertsitateak, Mondragon Unibertsitatea eta UPV-EHU tarteko, sektorearen garapen teknologikoaren punta-puntan daude.

Gainera, sektoreak Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bultzada irmoa du. Energiaren Euskal Erakundea mundu mailako zenbait berrikuntza-ekimen bereziren buru da egun; adibidez, EuropeWave programa, Europako Batzordeak sektorearen garapen komertziala sustatzeko egin duen apustu nagusia, EVEk Eskoziarekin batera koordinatutakoa.

Donostia ICOE-OEE 2022 ekitaldiaren egoitzatzat aukeratu izanak argi eta garbi frogatzen du  Euskadik sektore horretan duen garrantzia, bai industria eta teknologia-mailan, bai euskal administrazioak ematen dion babes eta bultzadagatik

ICOE-OEE 2022: mundu mailako ekitaldirik garrantzitsuena

Bi urtez behin, ICOE-OEE 2022 energia ozeanikoei buruzko mundu mailako ekitaldi nagusia bihurtzen da. Energiaren Nazioarteko Agentziako energia ozeanikoen sailaren (IEA-OES ingelesezko siglen arabera) babespean, edizio hau Euskadiko Energiaren Kluster Elkarteak (EKE) antolatu du Ocean Energy Europe (OEE) erakundearen lankidetzaz. Topaketak energia ozeanikoan sektoreko ehunka eragile eta profesional bilduko ditu Donostiako Kursaalean, urriaren 18, 19 eta 20an.

Konferentziak asmo handiko programa teknikoa izango du, eta programa hau osatzen duten 21 saioetan, enpresa nagusiak, I+G arloko eragileak eta etorkizun handiko energia-alternatiba honen garapena gidatzen ari diren erakunde publikoak ordezkatzen dituzten mundu osoko 150 hizlarik parte hartuko dute.

Urriaren 18an, asteartea, irekiera-ekitaldian, Eneko Goia Donostiako alkateak ongietorria emango die bertaratutakoei, eta ondoren, sektoreko punta-puntako proiektuak aurkezteko osoko bilkura egingo da. Asteazkeneko saioen hasieran, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldia emango du, eta arratsaldean, sektorearen funtsezko ordezkariak elkartuko dituen mahai-ingurua egingo da, Iñigo Ansola EVEko zuzendari nagusia tarteko.

Konferentzia teknikoaren osagarri, 50 erakusketari baino gehiago bilduko dira erakusketa-gunean, ‘Wave Energy Basque Country’ markapean bildutako euskal enpresen parte-hartze zabala nabarmenduz. Bertan izango dira, besteak beste, EVE; BiMEP; IDOM, AEROBLADE, DITREL eta GALEA enpresak eta TECNALIA eta AZTI zentro teknologikoak. Gainera, Kanada, Eskozia eta Galesko nazioarteko ordezkariak ere bertaratuko dira, haien herrialdeetako erakunde ugari bilduz.

Erakusketa-guneak harreman eta networking profesionalerako aukerak eskainiko ditu, eta horrekin batera, SPRI,  Enterprise Europe Network delakoaren Euskadiko ordezkaria den aldetik, berariazko B2B (business-to-business) ekitaldia antolatuko du.

Ekitaldiari eutsi dioten 17 babesleek topaketaren antolaketa erraztu eta horretan zein maila teknikoan lortutako kalitate-maila handia ahalbidetu dute, beraien laguntza eta parte-hartzeari esker. Nabarmentzekoak dira Energiaren Euskal Erakundea (EVE) platinozko babesletzat, BiMEP zilarrezko babesletzat, IDOM eta DITREL brontzezko babesletzat, SPRI babesle teknologikotzat eta EUROESKUALDEA eta ICEX laguntzailetzat. Nazioarteko parte-hartzeari dagokionez, aipatzekoak dira Kanada eta Gales urrezko babesletzat, Team Scotland, zilarrezko babesletzat, eta DP Energy, asteartean, hilak 18, Kursaaleko foyerrean egingo den Welcome Reception ekitaldiareren babesletzat.

Konferentzia teknikoa baino gehiago

Ekitaldiarekin batera, hainbat jarduera osagarri antolatuko dira, nazioarteko ordezkariek egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatu eta Euskadi bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten: gala-afaria asteazkenean, urriak 18, Maria Cristina hotelean; bisita teknikoak ostiralean, urriak 21, BiMEPera eta olatu-energia sortzeko Mutrikuko instalazioetara; Pasaiako Albaola eta MATER museoa zein Zumaiako flyscha ezagutzeko bisitak eta pintxo-ibilbidea hirian zehar. Era berean, bertaratutakoek Donostiako hiru hondartzetan zehar antolatuko den bost kilometroko lasterketa batean parte hartu eta Zurriola hondartzan surf eskolak hartzeko aukera izango dute.

ICOE-OEE 2022 topaketari esker, Euskadi itsas-energia berriztagarrien garapenaren munduko erdigunean kokatuko da astebetez. Aukera paregabea izango da, euskal sektorea trantsizio energetikoari funtsezko ekarpena egin diezaiokeen etorkizun handiko arlo honetan posizionatzeko.

ICOE-OEEri buruz

Energiaren Kluster Elkarteak eta Ocean Energy Europe erakundeak bat egin dute, Energiaren Nazioarteko Agentziaren Ocean Energy Systems (IEA-OES) delakoa aldean dutela, baterako ekitaldi hau antolatzeko, eta honen barruan, Energia Ozeanikoari buruzko Nazioarteko Konferentzia (ICOE) eta Ocean Energy Europe (OEE) urteko erakusketa egingo dira. Parekorik ez duen topaketa honek energia ozeanikoaren arloko mundu osoko profesionalak eta erabaki-hartzeen arduradunak bilduko ditu Donostian, 2022ko urriaren 18tik 20ra bitartean.

ICOE Ocean Energy

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  eta  Iberdrolak  59  milioi  euro  inbertituko  dituzte  20  urtean  Siemens  Gamesa  hornitzaile  duen  Euskadiko  lehen  parke  eolikoan
30/06/2025 Deskarbonizazioa

Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak 59 milioi euro inbertituko dituzte 20 urtean Siemens Gamesa hornitzaile duen Euskadiko lehen parke eolikoan

40 MW-ko parke eoliko honen instalazioak Euskadiko gaur egungo potentzia eoliko instalatua % 26 handitzea dakar, 153MW-tik 193MW-ra pasatuz. Martxan jarri ondoren, urtero 99.679 MWh ekoitziko ditu, 30.000 etxebizitza energia berriztagarriz hornitzeko, eta atmosferara 16.300 tCO2 isurtzea saihestuko du.

Euskal  sektore  aeronautikoa  Txinara  joan  da  Asiako  merkatua  gertutik  esploratzeko
25/06/2025 Nazioartekotzea

Euskal sektore aeronautikoa Txinara joan da Asiako merkatua gertutik esploratzeko

Euskal enpresa-ordezkaritza bat herrialde hartan dabil bisitari aste honetan, Basque Trade lagun duela, industria horretako eragile estrategikoekin harremanak finkatzeko

Japoniako  Gobernuak  goi  mailako  bisita  instituzionala  egin  du  Euskadira  berrikuntza,  energia  eta  lurralde-garapen  arloko  lankidetza  indartzeko
24/06/2025 Nazioartekotzea

Japoniako Gobernuak goi mailako bisita instituzionala egin du Euskadira berrikuntza, energia eta lurralde-garapen arloko lankidetza indartzeko

Bisita ofizial hau Fukushimako prefekturak eta Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrietan, garapen jasangarrian eta elkartruke instituzionalean oinarrituta 2019an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Zabalik  dago  jadanik  Europatik  kanpoko  eskualde  estrategikoekiko  lankidetza-proiektuetarako  laguntzak  eskatzeko  epe
23/06/2025 Nazioartekotzea

Zabalik dago jadanik Europatik kanpoko eskualde estrategikoekiko lankidetza-proiektuetarako laguntzak eskatzeko epe

Eskabideak, uztailaren 10a baino lehen

Nola  eraldatuko  dute  hiri-mugikortasuna  PMUSek?

Nola eraldatuko dute hiri-mugikortasuna PMUSek?

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak hiri-espazioan desplazamendu-modu iraunkorragoak ezartzea helburu duten jardueren multzoa dira, mugikortasun eraginkorragoa eta arduratsuagoa ahalbidetuz

Eusko  Jaurlaritzak  Tzitzikostas  komisarioaren  aurrean  defendatu  du  eskualdeek  automobilgintzaren  sektorearen  eraldaketan  duten  funtsezko  zeregina

Eusko Jaurlaritzak Tzitzikostas komisarioaren aurrean defendatu du eskualdeek automobilgintzaren sektorearen eraldaketan duten funtsezko zeregina

Andoitz Korta industriako sailburuordeak parte hartu du Estrasburgon egindako Automobilgintzarako Eskualdeen Aliantzaren Konferentzian

Euskal  enpresek  Marokoko  automobilgintza  sektorea  esploratu  dute  web-mintegi  batean
16/06/2025 Nazioartekotzea

Euskal enpresek Marokoko automobilgintza sektorea esploratu dute web-mintegi batean

Web-mintegiak, hedatzeko, esportatzeko zein lehiatzeko aukerengatik Maroko merkatu estrategikotzat jotzen duten osagaien sektoreko (TIER 1, 2 eta 3) eta makineriaren sektoreko euskal enpresei zuzenduta

Energia  Clusterra,  orain,  BASQUENERGY  Cluster  da
12/06/2025 Kluster politika

Energia Clusterra, orain, BASQUENERGY Cluster da

BASQUENERGY Clusterrak euskal energia-industriaren nazioarteko izaera nabarmendu nahi du, Euskadin oso errotuta dagoen eta merkatu globalean presentzia handia duen sektorea baita

Euskadik  eta  Australiak  harremanak  estutu  dituzte  industriaren  eta  energiaren  arloan

Euskadik eta Australiak harremanak estutu dituzte industriaren eta energiaren arloan

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak aldebiko bilera egin du gaur Rosemary Morris-Castic Australiako enbaxadorearekin

Europar  Batasunak  zigor  ekonomiko  eta  energetiko  berriak  onartu  ditu  Errusiaren  aurka
10/06/2025 Nazioartekotzea

Europar Batasunak zigor ekonomiko eta energetiko berriak onartu ditu Errusiaren aurka

Hamazazpigarren neurri-sorta honek Ukrainako gatazkari lotutako ontzi eta erakundeei eragingo die, eta pixkanaka-pixkanaka Errusiako erregai fosilekiko mendekotasuna ezabatzea aurreikusi du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.