Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 13 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna Net-Zero Basque

Artechek eta Bilboko Portuak bat egin dute Basque Ecodesign Centerrekin Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzeko

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik foro horren Batzorde Estrategikoa zuzendu du. Dagoeneko euskal 20 enpresa handik osatzen dute foroa, Ihobe eta SPRI sozietateen laguntzarekin
  • Basque Ecodesign Centerrek azken urtean lortutako emaitzen artean, prestatu diren 59 gazteak eta ia 700 profesionalak eta ingurumen-jarduna ebaluatzeko Climate & Circularity Calculator tresnaren garapena aipa daitezke
  •  Jauregik enpresa kideekin partekatu du ekonomia zirkularraren 2025erako 10 gakoak biltzen dituen aurretiazko txostena. “Produktuen ingurumen-inpaktuen % 80 diseinu-fasean zehazten dira; ekodiseinua eta jasangarritasuna lehiakortasun-faktore gisa ulertu behar ditugu”, nabermendu du
  •  Basque Ecodesign Center lankidetza publiko-pribatuko aliantza bat da, eta ekonomia zirkularraren arloko erreferentziazko zentro bihurtu da Europako hegoaldean

Beste bi erakundek –Artechek eta Bilboko Portuak– egin dute bat gaur Basque Ecodesign Centerrekin (BEdC), hots, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko konpainia handien artean ezagutza aurreratua sortzeko, ezagutza hori Euskadiko enpresa-ehunaren gainerakora transferitzeko eta balio-katea ekonomia-eredu zirkularrago batera bultzatzeko sortutako lankidetza publiko-pribatuko aliantzarekin.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik Basque Ecodesign Centerreko Batzorde Estrategikoa zuzendu du, eta Artecheren eta Bilboko Portuaren atxikimendua onartu da bertan. Bi enpresa berri horiek Arcelor Mittal, Batz Group, CAF, Campezo Taldea, CIE Automotive, EDP, Eroski, Iberdrola, Kutxabank, Laboral Kutxa, Ormazabal, Orona, Siemens Gamesa Renewable Energy, Uvesco, Vicinay Sestao, Viuda de Sainz, ITP Aero eta Petronor enpresei gehituko zaizkie. Guztira 20 enpresa handi dira, beren balio-kateak eta Euskadiko ekonomia zirkularra bultzatzen jarraituko dutenak, ekimena bultzatu duten Ihobe eta SPRI erakunde publikoen laguntzarekin.

Eskaini duen hitzaldian, Jauregi sailburuak Basque Ecodesign Centerrek “aliantza berezi gisa” duen garrantzia nabarmendu du, ekonomia zirkularraren arloko erreferentzia-guneetako bat baita Europako hegoaldean. Sailburuak azpimarratu duenez, “Batzorde Estrategikoaren gaurko bilerak aukera eman digu balio-kateek ekonomia zirkularrari dagokionez dituzten erronka nagusiei eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren bidez erronka horiek aukera bihurtzeko beharrei buruzko goi-mailako gogoeta egiteko”.

Jauregik nabarmendu duenez, “produktuen ingurumen-inpaktuen % 80 diseinu-fasean zehazten dira; ekodiseinua eta jasangarritasuna lehiakortasun-faktore gisa ulertu behar ditugu, horrela beste herrialde batzuekin lehiatu ahal izango baikara”. Ohartarazi duenez, “kontsumitzen ditugun lehengaien % 75 baino gehiago inportatzen ditugu, eta % 11 bakarrik erabiltzen da berriro; ezin ditugu baliabideak zabortegietara bota”.

Euskal enpresa-ehunak ekonomia zirkularraren inguruan dituen erronkei dagokienez, honako hau adierazi du Jauregik: “2024. urte hau funtsezkoa da Europako Itun Berderako, besteak beste ekonomia zirkularra diseinuan txertatzera, greenwashinga kontrolatzera eta enpresen gardentasuna hobetzera bideratutako hainbat araudi onartu baitira”.

Batzorde Estrategikoak, halaber, Europako Batzordeak 2024-2029 aldi berrirako iradoki duen etorkizuna ere aztertu du. Azken hauteskundeen ondoriozko konfigurazio berriaren ondoren, berritu egin da 2019an Europako Itun Berdearekin hasitako ingurumen-konpromisoa. Ildo horretan, 2029. urtera arteko plangintzan, Europako Batzordeak industria ardatz izango duen Industria Garbiko Itunaren (Clean Industrial Deal) garapena aurreikusten du, garapen jasangarria lortzeko eta Europako Batasunak deskarbonizazioaren, hazkundearen eta lehiakortasunaren arloan hartutako konpromisoak babesteko.

Bestalde, Europako Batzordeak areagotu egingo du ekonomia zirkularraren aldeko apustua etorkizuneko araudi espezifiko baten bidez: Circular Economy Act. Etorkizuneko erregulazio horren helburua bigarren mailako materialen merkatuaren eskaria handitzea eta hondakinen merkatu bakarra sortzea izango da, arreta oinarrizko lehengaien kudeaketa zirkularrean jarrita.

Euskal enpresa-ehunerako ezagutza aurreratua

  1. urtean, 6 talde tematikotan lan egin da Basque Ecodesign Center osatzen duten enpresekin, eta beste hainbeste esparru landu dira: klima-arrisku fisikoak, ekonomia zirkular baterako trantsizioaren arriskuak, finantza jasangarrietarako taxonomia, ekonomia zirkularraren zenbait alderdiren ebaluazioa (hala nola konpongarritasunarena, birziklagarritasunarena eta iraunkortasunarena), ingurumen-informazioaren sistematizazioa eta mugako doikuntza-mekanismoa. Lantalde horien helburua da Euskadiko enpresa-ehunak erabili ahal izango dituzten tresnak garatzea eta pilotatzea.

Bestalde, Basque Ecodesign Centerrek, Euskadiko enpresa-ehunaren gainerakora transferitu beharreko ezagutza aurreratua sortzeko laborategia den aldetik, hainbat tresna garatzea ahalbidetu du 2024. urtean, hala nola Climate & Circularity Calculator izenekoa. Erakundeen, produktuen eta zerbitzuen ingurumen-jarduna modu sinplifikatuan eta bizi-zikloaren ikuspegi integralarekin ebaluatzeko doako tresna informatiko bat da. Tresna horrek Euskadiko testuingurura egokitutako 250 ingurumen-alderdi baino gehiagori buruzko datu-base bat du, eta handitu egingo da pixkanaka. Gaur egun, erregistratuta dauden Euskadiko 351 erakundek erabiltzen dute tresna hori. Tresna hori izango da Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Ekimenen Euskal Erregistroak karbono-aztarna kalkulatzeko izango duen tresna nagusia. Erregistro hori Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legea onartu ondoren sortu zen.

Basque Ecodesign Centerren sortutako ezagutza erabiliz, enpresentzat interesa duten gaiei buruzko 6 gida tekniko ere egin dira. Gai horien artean, honako hauek aipa daitezke: ingurumen-metrikak eta haien integrazioa, serbitizazioa, ekodiseinu zirkularra eta erakundeek erabili behar dituzten edo erabil ditzaketen gardentasun-mekanismoak.

Basque Ecodesign Centerren beste jarduketa-ildo bat profesional gazteak enpresek behar dituzten konpetentzia zirkularretan prestatzea da. 2024. urtean, BEdC-ren lehentasunetara bideratutako 4 prestakuntza-programa egin dira, eta 59 gazte prestatu dira. Haietatik, 21ek BEdC-n bertan egin dituzte praktikak. Halaber, jarduneko profesionalei zuzendutako prestakuntza-programa bat jarri da abian, Confebaskekin eta haren lurralde-ordezkaritzekin lankidetzan, klima- eta ingurumen-trantsiziorako palanka berriei buruzkoa. 2024ko urtarriletik urrira bitarte, 36 ikastaro presentzial eman dira, eta 695 profesional prestatu dira.

Ekonomia zirkularraren hamar gako 2025erako

Basque Ecodesign Center zentroko Batzorde Estrategikoaren bileran, ekonomia zirkularraren arloko 2025erako hamar gakoak biltzen dituen txostenaren zirriborroa partekatu da enpresa kideekin. Gakoak honako hauek dira:

 

  1. Karbono-neutraltasuna Euskadin 2045ean (2050ean beranduenez). Euskadik % 33 murriztu ditu berotegi-efektuko gasen isurketak 2005 eta 2023 urteen artean.

 

  1. Produktu jasangarrien diseinu ekologikoari buruzko Erregelamenduak eraginpean hartutako produktuen ebaluazioa eta ekodiseinua. Burdinak eta altzairuak, pilek eta bateriek eta ehunek ekodiseinuko betebehar berriak izango dituzte 2027tik aurrera (440 euskal enpresa). 2030 baino lehen, aluminio, produktu kimiko, altzari, pneumatiko, detergente, pintura, lubrifikatzaile eta energiarekin lotutako produktuen betebehar berriak ere egongo dira.

 

  1. Ingurumen-informazioaren kudeaketa, gardentasun-betekizunei erantzuteko. Euskadiko 300 enpresa inguruk gardentasun korporatiboaren arloko betebeharrak dituzte jasangarritasunaren arloan.

 

  1. Enpresa handiak beren balio-katearen eraldaketa jasangarriaren bermatzaile bihurtzen dira. 2027tik aurrera, 20 bat euskal enpresa handik deskarbonizazio-plan bat ezarri beharko dute beren balio-kate osorako, behar den arretaren esparruan.

 

  1. Greenwashinga mugatuko da. 2026tik aurrera, ingurumen-alegazio guztiek oinarrituta egon behar dute (adibidez, bizi-zikloaren analisian) edo aitortutako ziurtagiri baten barruan.

 

  1. Karbonoaren prezioa ekonomia jasangarri baterako trantsiziorako arriskutzat hartzea. Gaur egun 41 euskal enpresa daude jaulkipenen merkataritzan (2022an 275 milioi euroko isurketa-eskubideak erosi behar izan zituzten).

 

  1. Teknologia erabilgarri onenen prozesua eta energia-kontsumo eta kontsumo material handiko sektoreen berrikuntza bizkortzea. 250 instalazio baino gehiago daude Euskadin Industriako Isuriei buruzko Zuzentarauaren aplikazio-eremuan.

 

  1. Ekonomia zirkularra oinarrizko lehengaien hornidura seguru eta jasangarri baterako. Euskadirentzat funtsezkoak diren lehengai kritikoak biltzen ditu, hala nola aluminioa eta kobrea (ekipo elektrikoen, automozioaren eta birziklatzearen sektoreetarako oinarria).

 

  1. Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren hedapena eta bigarren mailako lehengaien erabilpena bultzatzea. Balizko inplikazioak automobilgintzaren sektoreko ia 100 euskal enpresarentzat (birziklatzeko diseinua eta birziklatzeko diseinua: % 25 bigarren mailako plastikoa pieza berrietan).

 

  1. Finantza jasangarrietarako Europako taxonomia, irismenaren zabalkuntza eta 4 helburu berri. Obligazioak dituzten Europako enpresen kapital-inbertsioen % 20 soilik dago taxonomiarekin lerrokatuta (egiaztatuta).

Lotutako albisteak

5 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Lehendakariak eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EIC Energy Intelligence Center Fundazioa aurkeztu dute
Irakurri gehiago
3 abendua, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
AVEQ-KIMIKAk lehiakortasuna mantentzeko deskarbonizazioko Europako araudietara egokitzea beharrezkoa dela adierazi du
Irakurri gehiago
Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak