Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 17 apirila, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

‘Zayer enpresaren “Horus” plataforma makina-erreminta sektoreko mantenimendu prediktiborako

Enpresa arabarrak datuen analitika eta adimen artifiziala konbinatzen dituen plataforma bat garatu du bere produktuen funtzionamendua gainbegiratzeko
Zayer faktoria.

Enpresa arabarrak datuen analitika eta adimen artifiziala konbinatzen dituen plataforma bat garatu du bere produktuen funtzionamendua gainbegiratzeko

 

Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erremintaren sektoreko Estatuko produkzioa 1.576,6 milioi eurokoa izan zen 2017an, aurreko urtekoa baino %5,3 handiagoa. Sektore horretako 200 bat enpresetatik askok dute egoitza Euskadin. Horietako bat da Zayer konpainia arabarra, 60 urte daramatzana fresagailuak eta mekanizatu-zentroak fabrikatzen.

 

Azken urteotan, konpainia horrek makina eredu berriak garatzen jarraitu du, baina orobat bideratu du bere I+G+B departamendua produktuen mantenimendua erraztuko duten sistemen garapenera, datu-bilketa eta datuen analitika erabiliz. Anjel Mujikak, Zayer enpresako Technical Services Manager-ak gogoratu du 2010ean hasi zirela lehen urratsak ematen norabide horretan, Tecnaliarekin eta sektoreko beste enpresa batzuekin batera. “Proiektu honi esker bezero zehatzen datu asko eskuratu genituen. Datu horietatik abiatuta, makinen gertakariei buruzko informazioa lortzen hasi ginen. Hori lagungarria gertatu zitzaigun mantenimendu prediktiboko sistema bat eskaintzeko. Ohartu ginenean nolako gaitasunak zituen sistema horrek, BeltzBox produktua aurkeztu genuen BIEMH 2016 azokan”.

 

“BeltzBox” hori gauza da datu kopuru handia bildu, transmititu eta aztertzeko, eta datu horiei esker enpresak informazio gehiago dauka eta erabaki egokiak har ditzake makinen errendimendu produktiboa hobetzeko. Denborarekin produktu horri beste modulu batzuk erantsi genizkion, datuen analitikan, adimen artifizialean, hodeiko biltegiratzean edo Gauzen Interneten (IoT) zentratuak. Eraldaketa horren ondorioz, “BeltzBox” zena “Horus” deitzen da orain. “4.0 Industria teknologia ugariz horniturik dago: datu handiak, adimen artifiziala, Gauzen Internet, zibersegurtasuna… Teknologia gehiegi enpresa bakar batek denak kontrolatzeko. Tecnalia zentroaren eta Spyro konpainiaren laguntzarekin, Horus garatu dugu arazo hori konpontzeko”, azpimarratu du Mujikak.

 

Datuak makinetan monitorizatzeko sistema bat martxan jartzerakoan Zayer enpresak eta Tecnaliak hainbat oztopo aurkitu zituzten. “Konektagarritasuna izan zen lehen arazoa. Denbora asko generaman gure makinetan kutxa beltzak inplementatu nahian. Makinak Internetera konektatzeko aukera izan genuenean lortu genuen arazoa konpontzea”, azaldu du Zayer enpresako arduradunak. “Beste arazoa izan zen informazioa biltzea. Kontrol numerikoak posible du datu horiek ematea, baina sentsoreak jarri behar genituen makinetan ere. Sentsoreek gero eta konektagarritasun handiagoa dute, eta oso azkar eboluzionatzen dute, baina arazoa ez da sentsore on bat izatea, baizik eta non ezarri. Hori da arazo handienetako bat. Guk makinaren sentsorizazio arrazionalaren aldeko apustua egin genuen. Datu asko bildu ditzakegu, baina, izatez, muntako datuak ez dira hainbeste. Gutxieneko sentsore batzuk jarriz eta kontrol numerikotik informazio asko jasoz, matxura batzuk eta bestelako arazo batzuk aurreikusi ditzakegu”.

 

Behin gainditu ondoren konektagarritasunaren eta datu bilketaren arazoak, Zayer enpresak bezeroei erakutsi behar die zeinen garrantzitsuak diren “Horus” bezalako plataformak. “Ez da erraza produktu hau saltzea, batez ere hodeian oinarritzen den datu-bilketa sistema.  Mesfidantza dago, bezeroek uste dute datu-bilketak kalteak eragin ditzakeela enpresan eta konfidentzialtasun kontratuak eskatzen dituzte. Ziurgabetasun handia dago. Enpresa batzuek ez dute nahi inolako loturarik fabrikatzaileekin, eta zerbitzu berriengatik mantenimendu kuotak ordaintzea ere ez. Ez diote ikusten berehalako onurarik edo erraz kuantifikatzeko modukorik, nahiz eta badituen. Bezero batzuek argi dituzte gauzak, baina ez dira asko”, esan du Anjel Mujikak. Errezelo horren ondorioz Zayer enpresak hautazko aukera gisa eskaintzen ditu “Horus” eta antzeko plataformak.

 

Etorkizunera begira, enpresa arabarrak uste du Euskadi ongi kokatuta dagoela Europan 4.0 Industriarekin zerikusia duten arloetan, “eta horixe ikusten dute Alemaniak, Frantziak edo Italiak ere”. Halere, Zayer enpresako Technical Services Manager-aren iritziz: “Euskadiren potentzial handiena ez da hardwarea, baizik eta softwarea. Hardwarean guk baino bide luzeagoa egina dute italiarrek, frantsesek eta alemanek; softwarean, aldiz, ongi kokatuta gaude eta askoz hobeto egon gaitezke. Uste dut datuen analitikan edo software prediktiboaren sorkuntzan zentratu beharko genukeela”.

 

Lotutako albisteak

BILBAO-AI OnlyOne Comunicación y. Marketing 29 Azaroa, 2023 Berrikuntza
Komunikazioari eta Marketinari aplikatutako Adimen Artifiziala
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
ATE Mobilek mugikortasun-soluzioak eskaintzen dizkie 10.000 erabiltzaileri
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Basque Trade & Investment
Basque Open Industryk 800 bilera eta hitzordu aktibatu ditu enpresen artean ‘Networking Land’ APParen bidez
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
Mikroelektronikak Euskadin bultzada lortu nahi du
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
Euskadik prestakuntzaren aldeko apustua beharko du AAren erronkei erantzuteko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak