Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 24 urria, 2018 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Robotika industrian, ziztu bizian

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean ikusten da zertan aplikatzen diren eskaintzak; besteak beste, robot kolaboratiboetan eta robot adimendunetan

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean ikusten da zertan aplikatzen diren eskaintzak; besteak beste, robot kolaboratiboetan eta robot adimendunetan.

Osasun-alorraz mintzatuz Vicomtecheko ikertzaile den Álvaro Bertelsenek dioenez, oso autonomia-maila txikia dute robot kirurgiko gehienek.

Kuka Iberiako Fernando Sánchezek, dioenez, aurten 360.000 bat robot industrial egongo dira eta 2020an, berriz, 400.000.

 

4.0 industrian robotika industriala da gehien hedatzen ari den alorretako bat, zenbait abantaila baititu; besteak beste, lan arriskutsuak egitetik libratzen ditu pertsonak. SPRI taldeak (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia) antolatu eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean eginiko jardunaldi batean jarri dira ikusgai egungo aplikazio-eremuak; besteak beste, osasuna eta industria tradizionala, non oso bizkor ari baita hedatzen.

Tecnunen Robotika irakasten duen Jorge Juan Gil izan da jardunaldiko lehen hizlaria, eta eskaintzen berri eman du: robotika industrialak, adibidez, gizakiekiko lankidetzarako bidea hartu du; sentsitiboak, berriz, areagotu egiten du inguruaren pertzepzioa; mugikorrak aukera ematen du ekoizpen-lerroko zenbait lekutan aldi berean jarduteko, eta adimendunak, azkenik, erabakiak hartzeko ahalmenaz hornitzen du robota.

Álvaro Bertelsen Vicomtecheko ikertzaileak honela definitu du robota: “zer” fisiko, autonomo eta funtzioaniztuna. Bertelsenek adierazi duenez, osasun-alorrean batez ere kirurgian erabiltzen da robotika. “Orain, 5.100 milioi dolarrekoa da merkatua”, esan du. Robot kirurgiko gehienek autonomia-maila oso eskasa dutela adierazi du, “kirurgialariak kontrolatzen baititu mugimendu guztiak; robotak, berriz, erreplikatu egiten ditu”.

Bertelsenek dioenez, robotak gai izango dira, seguru asko, zenbait jarduera automatizatzeko, baina ez kirurgia-lan osoak egiteko. “Orain, 60 robot baino gehiago daude osasunaren merkatuan, eta horietatik gehienak sabelerako erabiltzen dira; zehazki, merkatuaren % 75 menderatzen dute. Baina beste alor batzuetarako aplikazioak ere badaude; esate baterako, erradiokirurgiarako, protesikarako…”. Robotika medikoa —dio Bertelsenek— merkatu berria da, eta “konpainia berri asko sartuko dira merkatuan, olatu baten antzera”.

Ik4-Teknikerreko Loreto Susperregik azaldu duenez, berriz, une egokia da oraingoa adimen artifizialarentzat, “algoritmo hobeak baitaude, datu gehiago, hodeiko zerbitzuak, eta gaiarekiko interesa”. Adimen artifizialak robotikan izango duen eraginaz ere jardun da Susperregi.  “Autonomia eta egokitzeko gaitasun handiagoa eman behar zaie robotei; gai izan behar dute objektuak ezagutzeko, egoera bat ulertzeko edo aginduak interpretatzeko. Esperientziaren eta datuen arabera ikasi behar du robotak”, esan du.

 

Héctor Herrero Tecnaliako ikertzailea, berriz, “robotika malgua” deritzonaren aplikazioez mintzatu da. Robotika-mota hori tradizionala baino sektore gehiagotara hedatzeko ahaleginean ari da; besteak beste, aeronautikara eta automobilgintzara. Gogoratu du Herrerok badagoela Euskadin robotika malguko nodo bat, Basque Digital Innovation Hub-a, “zeinak aholku teknologikoa, trebakuntza eta gaiarekiko sentsibilizazioa eskaintzen baititu”.

Zenbait adibide praktiko ere azaldu ditu Herrerok; esate baterako, Airbusen estazio pilotu batean pertsona bat saihestuz manipulatzen ditu piezak robot batek. “Horrek erakusten digu ingurunearen pertzepzioa funtsezkoa dela robotikan”, adierazi du.

Iruña Tecnologías de Automatizacióneko zuzendari komertziala den César Gonzalvo, berriz, robotika kolaboratiboaz jardun da, eta esan du egun 30.000 robot baino gehiago daudela instalatuta mundu osoan. “Automobilgintzan zabaldu da gehiena robotika; gainerako industriak, berriz, oraindik ere gaia aztertzen ari dira. Inbertsioa ez da handia; itzulkina, berriz, azkarra (195 egun, batez beste)”. Gainera, zenbait merkatu berritara ari da zabaltzen: hezkuntza, medikuntza, elikadura…, baita aisialdia ere.

Robotika kolaboratiboaren zenbait adibide ere azaldu ditu Gonzalvok; automobilgintzan, adibidez, ibilgailu bat muntatzean, “robotak beheko aldea torlojutzen du, langileentzat hura baita deserosoena; langileek, berriz, xasisa torlojutzen dute”.

Gonzalvok esan duenez, dagoeneko 5.0 industria ere hasia da aipatzen, hau da, gizakion eta teknologiaren arteko bat-egitea, pertsonon eta makinen alderdirik onenen uztartzea. “Dena dela, oraingoz gehiago du horrek asmotik errealitatetik baino”, gaineratu du.

Kuka Iberiako Fernando Sánchezek, berriz, adierazi du aurten 360.000 bat robot industrial egongo direla eta 400.000 2020an, horietatik erdia Txinan. Robot kolaboratiboa industrian hedatzeko erresistentziari dagokionez, arrazoia “ez da teknikoa, kulturala baizik. Duela bost urte, Martetik etorritako kontua zirudien, guztiz arrotza”. Etorkizunean, berriz, auto elektrikoa eta elektronika izango dira robot kolaboratiboaren sektore nagusiak, esan du Sánchezek.

Lotutako albisteak

27 Marzo, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua antolatu du maiatzean
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Sitab, digitalizazioarekin arrakasta lortu duen barne-espazioen fabrika
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Branka, tripulaziorik gabe eta urruneko kontrolarekin funtzionatzen duten itsasontziak fabrikatzen dituen Orioko ingeniaritza
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
4GUNEk eta BRTAk bat egin dute Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala sustatzeko prestakuntza-programa eskaintzeko
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Adimen artifizialak errazten duen berrikuntza autonomoa, Innobasqueren 2024ko prospektiba txostenaren ardatz
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak