Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 otsaila, 2024 Digitalizazioa Industria digitala programa

Industria Digitala laguntzak Euskadiko enpresa guztiei ireki zaizkie. Ezagutu zure negozioaren eraldaketa digitalerako bidea.

Industria Digitala 2024 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 6tik irekita, 6.1 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek azaroaren 4ra arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Ongi jakinik nolako garrantzia duen digitalizazioak merkatu global gero eta lehiakorrago honetan, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak ekimen hau diseinatu dute euskal enpresa-sarearen eraldaketa digitala, automatizazioa eta eraginkortasuna bultzatzeko.

INDUSTRIA DIGITALA laguntzen bidez, zure enpresaren eraldaketa digitalerako bideari ekin ahal izango diozu, teknologia aurreratuei esker. Teknologia digitalek, hala nola sentsorikak, errealitate birtualak edo kudeaketa-sistema aurreratuek zure produktua eta sorkuntza-prozesua hobeto ezagutzeko aukera emango dizute, erabaki hobeak hartu ahal izateko eta zure produktu eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko.

Eraldaketa digitala funtsezko elementua da eta garapen jasangarriaren arloko erronkei aurre egiteko irtenbide teknologikoak ezartzea ahalbidetuko du. Euskadiko enpresek negozio-helburuak ekitatearekin eta jasangarritasunarekin lerrokatzeko aukera eta erantzukizuna dute. Eta, zalantzarik gabe, zeregin horretan digitalizazioa aparteko laguntzailea izan daiteke.

 

Digitalizazioaren bidean aurrera egiteko aukera

Kontratatu EIKT arloko aditu bat Eraldaketa Digitala prozesuan laguntzeko

Industria Digitalak 23.000€-rainoko laguntzak eskaintzen ditu enpresako eta urteko diagnostikoen arloko proiektuetarako edo/eta EIKTak txertatzeko enpresen produktu, prozesu eta zerbitzuetan, hau da, euren balio-katean.

Proiektu horiek hainbat arlotakoak izan daitezke: Big Data, errealitate birtuala, biki digitalak, smart factory, merkataritza elektronikoa, enpresen kudeaketako sistemak, produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa.

  • Big data: datu-bolumen handiak aztertuz, enpresek informazio baliotsua eskuratzen dute erabakiak hartzeko. Adibidez, hobeto ezagutu ditzakete euren bezeroak, eta horrela aukera dute produktuak eta zerbitzuak egokitzeko bezeroen premietara, edo prozesuen eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak murrizteko.
  • Errealitate birtuala: errealitate birtuala erabil daiteke langileen prestakuntza hobetzeko, aukera ematen baitie egoerak esperimentatzeko modu seguru eta kontrolatuan. Baita ere erabil daiteke produktuak diseinatu eta simulatzeko, eta horrela, denbora eta kostuak aurrezteko prototipatze fasean.
  • Biki digitalak: objektu fisiko bat zehaztasunez islatzen duten eta, ingurune birtual horren barruan, edozein simulazio egiteko aukera ematen duten eredu birtualak. Hainbat prozesu eta ikuspuntu aztertzeko aukera ematen dute eta, beraz, produktuak eta prozesuak hobetzeko ahalmen handia dute.
  • BERRIA! Datuak gordetzea: epe luzerako datuak gordetzeko zerbitzuetan inbertitzeak araudia betetzea dakar, enpresa-ezagutza biltegiratze seguru eta fidagarriarekin babestea, negozioaren jarraitutasuna bermatzeko.
  • Ekoizpena, analisia eta erabakiak hartzea: gaitasun fisiko eta birtualen konbinazioak aukera ematen du produkzio-prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko. Adibidez, sentsorika eta prozesuen automatizazioa erabili daitezke itxaron beharreko denborak murriztu eta emaitzen zehaztasuna hobetzeko.
  • Merkataritza elektronikoa: erosketa eta salmenta elektronikoak. Merkataritza elektronikoko sistema horiek enpresaren ERParekin integratuta egon beharko dute. Era berean, enpresa merkataritza-plataformetan sartzeko aholkularitza-proiektuak babestuko dira.
  • BERRIA! Biltegiaren kudeaketa: biltegiko mugimenduak, prozesuak eta lanak kontrolatzeko, koordinatzeko eta optimizatzeko aukera ematen dute biltegia kudeatzeko sistemek. Biltegiko materialak arakatzeko eta produktuak hautatu eta paketatzeko langileen lanak sinplifikatzeko gaitasuna eskaintzen du eta horrexegatik da, hain zuzen ere, horren garrantzitsua.
  • Business Intelligence: Business Intelligence-ren txostenak bistaratzeko sistemak eta sistema horiek datu-iturriekin integratzeko beharrezko lanak ezartzea.
  • BERRIA! Energiaren kudeaketa: teknologia digitalak isuriak murrizteko eta energia modu eraginkorragoan erabiltzeko aukera dira. Eraginkortasun energetikoa kudeatzeko eta deskarbonizaziorako tresnetan inbertitzeak jasangarriagoa eta lehiakorragoa izatea ahalbidetzen du, Euskadi 2030 Agendaren ekitate- eta jasangarritasun-helburuen arabera.

Gainera, zure enpresa ETE bat bada, honako hauetan ere lagun diezazukegu:

  • Kudeaketa aurreratuko sistemak: zenbait programa ezartzea, ERP eta SC (Supply Chain Management) esate baterako,, prebentziozko mantentze-lanak egitea, hornidura-katearen kudeaketa logistikoa egitea, mantentze-lanetarako laguntza teknikoa kudeatzeko sistemak (LTZ) finkatzea, administrazio- eta kudeaketa-prozesuen automatizazioa egitea eta enpresako sailen eraginkortasuna eta koordinazioa hobetzea ahalbidetuko duten beste tresna digital batzuk abian jartzea.
  • Produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa: produktuaren bizi-zikloa kudeatuz posible da produktu horien diseinu, produkzio eta mantenimendu prozesuak optimizatzea. Eta orobat lortzen da kostuak murriztea, kalitatea hobetzea eta bezeroaren asebetetzea handitzea.
  • BERRIA! CRM. CRM (Customer Relationship Management) proiektuak ezartzea, bezeroekiko harremanen kudeaketa optimizatzeko.

Proiektuan zehar EIKT arloko aditu batek lagunduko dizu, eta berak azalduko dizu zer egin behar duzun teknologia digital horiek txertatzeko eraldaketa digitaleko prozesuan.

 

Digitalizazio industrialeko 3.500tik gora proiektu martxan

Eraldaketa digitala premia estrategiko bat da euskal enpresentzat

Digitalizazioa lehentasun bat bihurtu da eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetu nahi duten enpresentzat. Halere, enpresa askok zailtasunak izan ditzakete digitalizazio proiektuak finantzatu eta gauzatzeko, eta horrek mugatu egiten du teknologia eta prozesu berriak txertatzeko gaitasuna.

2015az geroztik, eraldaketa digitaleko 3.500tik gora proiektu jarri dira martxan laguntza honi esker. Aipagarria da jasotako eskaera kopurua hazi egin dela programaren azken deialdietan.

Nahiz eta Industria Digitala programak dagoeneko eginak dituen 9 deialdi, 2023an mantendu egin zen eskaera, 641 laguntza-eskakizun jaso zirelarik; horietatik 582 proiektu babestu ziren.

2024an ez dugu nahi enpresarik kanpoan geratzea eta, horregatik, programa jarduera sektore guztiei ireki diegu, 6,1 M €-ko aurrekontua mantenduta.

Industria Digitala 2024. Aurkeztutako eta onartutako eskaerak

Nola abiarazi zure enpresaren Eraldaketa Digitala

Zure enpresa, gutxienez, jarduera zentro bat badu Euskadin, dagoeneko eska dezakezu laguntza hau. Nahikoa duzu dokumentazio hau aurkeztea:

  • Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).
  • Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.
  • Egin beharreko ingeniaritza eta aholkularitzako lanen, produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.
  • Diru-laguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.
  • Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.
  • Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuko dituena aholkularitza edo/eta ingeniaritzako kostuak, sistemaren lizentziak, mantenimendua eta hardwarea (hala badagokio).
  • Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).
  • Proiektua gauzatzeko egutegia.

Gogoan izan proiektuan beti egon behar dela aholkularitza edo/eta ingeniaritzako lanen bat. Ez dira onartuko Hardwarea eta Software lizentziak erostera mugatzen diren proiektuak.

Ez galdu aukera hau zure enpresaren heldutasun digitala hobetu eta handitzeko. Eskatu laguntza martxoaren 6an azaroaren 4ra arte!

Lotutako albisteak

Electricidad TELGA 12 ekaina, 2024 Digitalizazioa
Electricidad Telgak ikusmen artifiziala erabiltzen du prozesu elektriko industrialen automatizazioan
Irakurri gehiago
6 ekaina, 2024 Basque Trade & Investment
Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei lagundu die BIEMHn, SPRI taldearen bitartez
Irakurri gehiago
5 ekaina, 2024 Azpiegiturak
Adimen Artifizialak zer nolako eragina du mugikortasunean?
Irakurri gehiago
3 ekaina, 2024 Digitalizazioa
Alboka Softek kode irekiaren alde egin du enpresen digitalizazioa bizkortzeko
Irakurri gehiago
Puertas SECADES 30 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Puertas Secades: “Bere bezeroen arreta pertsonalizatuan oinarritutako enpresa familiarra”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak