Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 11 abendua, 2018 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Ikusmen artifiziala eta bistaratze-tresnak 4.0 industrian

Nazioarteko erreferentzia bihurtu da Vicomtech teknologia-zentroa ikusmen artifizialaren industriako eta gidatze autonomoko aplikazioan
Iñigo Barandiaran, Vicomtecheko Industry and Advanced Manufacturingeko zuzendaria.

 

Nazioarteko erreferentzia bihurtu da Vicomtech teknologia-zentroa ikusmen artifizialaren industriako eta gidatze autonomoko aplikazioan

 

Geroz eta aplikazio gehiago dituzte industrian ikusmen artifizialean oinarritutako sistemek, eta 4.0. industria kontzeptuari atxikitako teknologia eragileen parte dira. Ikusmen artifiziala objektuak ezagutzeko erabiltzen da, eta fabrikatutako ondasunen akatsak aurkitzeko; horrez gain, erabakigarria da ibilgailu autonomoen garapenerako, haien sistemek seinaleak, oinezkoak edo errepidean dauden oztopoak detekta ditzaten. Proiektu ugari sustatu ditu azken urteotan Vicomtech teknologia-zentroak ikusmen artifizialaren alorrean; hori dela-eta, erreferentziako zentro bihurtu da nazioartean. Industry and Advanced Manufacturingeko zuzendariak, Iñigo Barandiaranek, azalduko dizkigu zentroak egiten duen lanaren gakoetako batzuk.

 

Zein dira Vicomtechen ikerketa-lanen alor nagusiak?

Sortu ginenetik, zentroaren “ardatza” diren zenbait teknologia ari gara lantzen: ikusmen artifiziala, bistaratze-tresnak, irudiak tratatzeko tresnak, interakzio-sistemak, simulazioa, datuen analisia, machine learninga eta hizkuntzaren prozesatzea.

 

Zer proiektu ari zarete garatzen 4.0 industriaren alorrean?

Bat aipatzearren, aeronautikarako osagaien fabrikatzaile batekin ari gara lanean. Oso zorrotzak dira fabrikatzaile horren eskakizunak, piezak doitasun handiz egin beharrekoak baitira. Orain arte, teknikariek egiaztatzen zuten doitasun-maila, osagaien gainazaleko akatsak aztertuz. Lan hori egiteko, bi ordu eta erdi ere behar izaten zuten, piezako. Eskari hau egin zigun fabrikatzaile horrek: lan hori azkar eta eraginkorki egiten duen teknologia bat garatzeko. Hala, bada, adimen artifizialez (machine learning) hornitutako ikusmen artifizialeko sistema bat garatu genuen. Bereizmen eta doitasun handiko irudiak hartzen ditu sistema horrek, metatutako ezagutzaren bidez piezak identifikatu, haien akatsak aztertu eta akatsik baduten erabakitzeko.

Hizkuntzaren ulermena oinarri duten zenbait soluzio ere garatu ditugu; adibidez, langile batek makina bat urrutitik maneiatzeko sistema bat. Ahotsaren bidez ematen dizkio aginduak langileak makinari; hori dela-eta, ez dauka tenperatura altuetan lan egin beharrik. Beste adibide bat: eskuliburu teknikoak transkribatzeko tresna bat. Sistema batzuek oso ongi egiten dute lan (Googlek, adibidez); baina gai tekniko eta espezifikoei ekitean, itzulpenak ez dira onak izaten. Gure tresnak, aldiz, oso ongi funtzionatzen du, eta doitasun handiz itzultzen ditu eskuliburuak edozein hizkuntzatara.

 

Zenbaterainoko garrantzia du adimen artifizialak Vicomtecheko proiektuetan?

Vicomtech sortu zenetik (2001), adimen artifiziala izan du bere jardueraren giltzarrietako bat. Konputazio-ahalmenean egin diren hobekuntzei eta sare neuronalei esker, errazagoa da gaur egun AAn oinarritutako soluzioak baliatzea; nolanahi dela ere, adimen artifizialak ez ditu konpontzen arazo guztiak.

Parametro batzuk neurtzeko, ez da adimen artifizialik behar.

 

Ibilgailu autonomoetarako ikusmen artifiziala ere ikerketa-eremu du Vicomtechek. Zer ari zarete egiten alor horretan?

Garraio Sistema Adimendunen sail bat daukagu, eta hori arduratzen da gidatze autonomoaz eta gidatzen laguntzeko sistemez.  Autobus batzuetan, barrurantz eta kanporantz begiratzen duten kamerak jartzen ditugu. Barrurantz begiratzen duten kamerek gidaria aztertzeko sistema batzuk dituzte, jakiteko nekatuta dagoen, lo geratzen ari ote den… Nekatuta dagoela detektatzen badute, bibrarazi egiten dute aulkia, gidariak lo har ez dezan. Beste kamera batzuek, berriz, gidaria nora ari den begiratzen aztertzen dute, hutsegiterik egin ez dezan. Kanpora begirako kamerei dagokienez, tracking-sistemak erabiltzen ditugu, ibilgailua dagozkion erreien artean dabilen jakiteko eta trafiko-seinaleak identifikatzeko. Gidatze autonomoari laguntzeko zenbait sistema ditugu, 0 mailatik 4. mailara bitartekoak. Erabateko automatizazioa adierazten du 4. mailak.

 

Zure ustez, zer joera edo erronka ekarriko ditu etorkizunean eraldaketa digitalak gure ingurunera?

Erronka garrantzitsuetako bat hau dugu: jende trebatua, profil egokiak edukitzea adimen artifizialaren alorrean. Profil hori ez da oso ohikoa, baina jada badu eskaria. Hibridoa da profila; hau da, burdina eta biteak maneiatzen dakien jendea behar da, aldi berean makina eta ordenagailua menderatzen dituena. Joera garbia da hori, eta bi norabide hauetako bat har dezake espezializazioak: datu-azterketa, edo adimen artifiziala.

 

Adimen artifiziala teknologia heldua da jada, baina azken urteotan 2Dko ikusmen artifiziala ere asko landu da. Laserraren eta egitura-argiaren aplikazioari esker, orain hor dugu 3Dko ikusmen artifiziala ere, askoz ere aberasgarriagoa. Izan ere, 3Dko irudi batek askoz ere informazio gehiago ematen du. Orain, teknologia hori garatu egin behar da, 3Dko informazioa azkarrago lortzeko. Informazio-bolumen handiagoa dute 3Dko irudiek, eta denbora gehiago behar da haiek prozesatzeko.

 

Etorkizuneko beste joera bat hau izango da: dena digitalizatuta edukitzea. Hori dela-eta, geroz eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen biki digitalak (digital twins), zeinek aukera ematen baitute gure fabrikazio-lantegien eredu digital bat erreplikatzeko, lantegi errealetik hartutako datuak oinarri direla.

 

Lotutako albisteak

5 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Lehendakariak eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EIC Energy Intelligence Center Fundazioa aurkeztu dute
Irakurri gehiago
5 abendua, 2024 Basque Trade & Investment
Euskadik eta Alemaniako hegoaldeak adimen artifizialean eta fabrikazio aurreratuan duten harremana indartu dute
Irakurri gehiago
5 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Skootik enpresen datuak lehia-abantaila bihurtzen ditu Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Elgar Works: automobilgintzako piezen egiaztapen automatiko berria garatzen ari den Arabako enpresa
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Miesa Bizkaiko enpresak soluzio integralak eta neurrira egindakoak eskaintzen ditu automatizazioaren eta industriako kontrolaren arloan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak