Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 19 urria, 2021 Azpiegiturak Digitalizazioa I+G BDIH BDIH konexio programa

HRE Hidraulic, 40 urte berritzen eta eboluzionatzen

Fluxu industrialen ingeniaritza-proiektuetan espezializatuta dagoen Elgoibarko enpresa honek BDIH Konexio programaren laguntza jaso duio
José Ángel Alberdi eta Esther Velasco.

 

HRE Hidraulic enpresa industrial bitxi bat da: bere negozioaren % 30 inguru ikastetxe eta enpresei zuzendutako bere prestakuntzako unitate didaktikotik dator. “Gure asmoa da industriari buruz barneratu dugun ezagutza gizartera transmititzea eta gure negozioaren parte bihurtzea” azaldu dute Esther Velascok eta José Ángel Alberdik, Industriako negozio-unitateko kudeatzaileak eta zuzendariak. Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

 

Elgoibarren kokatutako enpresa hau fluxu industrialen arloko ingeniaritza-proiektuetan espezializatuta dago, eta hainbat sektore barne hartzen ditu, besteak beste, makina-erreminta, automozioa, muntaiarako makineria, aluminioa injektatzeko makineria, papergintza, siderurgia, aeronautika, burdinbideak, oil&gas, eta baita ere aquarium-ak (uraren hidraulika). “Eta itsas sektorerantz dibertsifikatzen ari gara” esan dute.

 

BDIH Konexio programan garatu duten proiektuaren bidez -SPRI Taldearen laguntza jaso duena- hozte-sistema kriogeniko bat aplikatu dute mekanizatuko tresnak hozteko eta euren bizitza luzatzeko. “Becold izeneko eredu bat da, duela hainbat urtetik erabiltzen duguna, baina orain teknologia baliozkotu dugu nitxo zehatz baterako, alegia mekanizatu biomedikorako, hau da, hezur inplanteak, aldakak edo bestelako protesiak jartzeko. Sistema “berdea” da, hots, birsortutako CO2a eta kutsakorra ez den olio biodegradagarri bat erabiltzen dugu. Sistema honen abantaila handiena da tresnek gehiago irauten dutela, eta jakina, produktu kutsakor gutxiago erabiltzen direla”.

 

Dagoeneko egina dute merkatu-azterketa bat, “badauzkagu patenteak ere, eta BDIH programari esker baliozkotu ondoren, berehala jarri nahi dugu merkatuan”.

 

40 urteren ondoren, laster aldatuko dute marka komertziala

HRE Hidraulic enpresak 23 langile ditu plantillan, eta 4,5 milioi euro inguruko fakturazioa du urtean. Diru-sarreren % 3 baino gehiago bideratzen du I+G-ra. “Gainera, ISO 9001 ziurtagiria berrituko dugu, eta ingurumen arloko 14001 eta laneko arriskuen prebentzioko 45001 ziurtagiriekin integratuko dugu. Teknikoki oso onak gara, horixe bermatzen dute merkatuan daramatzagun 40 urteek, baina itxura ere eman behar da. Horregatik, buru-belarri gabiltza lanean kudeaketan, irudian, kulturan, pertsonen parte-hartze eta inplikazioan eta belaunaldi erreleboan”.

 

Etorkizun hurbilean dituzten erronka batzuk dira ingeniaritza “enpresaren arima” bezala mantentzea, digitalizazio teknologiak aplikatzea “mantenimendu prediktiboa lortzeko” eta, negozio-unitate didaktikoari dagokionez, negozio-eredua berritzea arlo teknikoko irakaskuntza-modu berrietara egokitzeko. Gainera, “I+G-ko unitate espezifiko bat sortuko dugu eta belaunaldi erreleboaren aferari helduko diogu, horixe baita etorkizun hurbilean dugun erronka handiena”.

 

Plan bat prestatu dute 2030ean nola egon nahi duten erakusteko, hots, “horretara iristeko urtero egin behar dena azaltzeko. Eta lan hori langileen parte-hartzearekin egin nahi dugu.  Enpresa txikia gara, gure inguruan aberastasuna eta ongizatea sortu nahi dituena, eta helburua da 2030ean balore horiek plantilla osoarenak izan daitezela”.

 

Momentuz, datorren urtean 40. urtemuga ospatuko dute, eta horrekin batera marka komertziala aldatuko dute (nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi nortasun berria), “ez garelako soilik arlo hidraulikoan aritzen den enpresa bat”.

 

HRE Hidraulic enpresaren historia

Konpainia 1982an sortu zen Hydraulik Ring izenarekin, izen bereko enpresa aleman baten ordezkaritza gisa. Jatorrizko enpresak osagai eta sistema hidraulikoak egiten zituen, nagusiki makina-erreminta eta automozio sektoreetarako. 1996an, Parker enpresa amerikarrak Hydraulik Ring-en zati bat erosi zuen, hain zuzen ere hidraulikako saila. “Aukera eman ziguten Parker amerikarrean integratzeko edo geure kabuz lanean jarraitzeko, eta erabaki genuen bigarrena egitea”.

 

Hala, 1997an enpresaren izena aldatu eta HRE Hidraulic jarri zioten, “eta pentsatu genuen autosufiziente izatea produktua eta merkatua dibertsifikatuz. Denborak arrazoia eman digu. Parker markaren azpian jarraitu izan bagenu haien menpe egongo ginen eta azkenaldian gertatu diren krisi ziklikoek kalte handiagoa egingo ziguten. Produktu-gama zabalagoa izatea lagungarri gertatu zaigu krisiari hobeto aurre egiteko”.

 

Enpresak bi negozio unitate ditu: industriala eta didaktikoa. Bigarrena konpainiaren nortasun ikurretako bat da, batere ohikoa ez dena horrelako enpresa industrial batean. “Hydraulik Ring enpresak betidanik izan du teknikariak prestatzeko unitate didaktiko bat, eta iruditu zitzaigun interesgarria zela hori garatzen jarraitzea. Hidraulikako ekipamendu didaktikoak hemen egiten eta prestakuntzarako saltzen hasi ginen. Horri esker saila hazi egin zen eta horrek animatu gintuen hidraulikakoak ez ziren beste produktu batzuk ere txertatzera, LHko eta ingeniaritzako eskolak, unibertsitateak, INEM, pertsonak birziklatzeko zentroak eta administrazio publikoak eskatzen hasi zitzaizkigun beste teknologia batzuk aplikatuta”.

Hala, HRE Hidraulic-ek mundu industrialean erabiltzen diren aplikazioetarako produktuak eskaintzen ditu, irakasleek euren ikasleekin partekatu ditzaten. “2008-2010eko krisiak bultzatu gintuen sail hori nazioarteko esparruan zentratzera. Planetako toki askotan saltzen dugu (baditugu produktuak 25etik gora herrialdetan) eta dagoeneko esportazioek gure negozioaren %25-30 osatzen dute. Halaber, ezagunago egin gaitu: harremanak ditugu Estatuko ehunka ikastetxerekin”.

 

Konpainiako arduradunek onartzen dute negozio-eredu oso berezia dela: “etorkizuneko teknikariak prestatzen ditugu. Eta prestakuntza ematen diegu halaber enpresei, hala nola Mercedes, Ford, Renault, Grupo PSA, e.a.”.

 

Sail industrialari dagokionez, eta fluxuen ingeniaritza transbertsalean dituen ezagutza eta esperientziari esker, HRE Hidraulic-ek bezeroen araberako konponbideak eskaintzen ditu: osagaien, ordezko piezen eta sistema oleo-hidrauliko nahiz serbo-hidrauliko, edo olioztatze-, lubrifikazio- eta hozte-sistemetarako automatizazio eta kontrolerako konponbideen diseinua, fabrikazioa, martxan jartzea, konponketak, mantenimendua, prestakuntza eta salmenta, bai fabrikatzaileentzat eta bai makineria erabiltzaileentzat, teknologia horiek eskain ditzaketen arlo guztietan. Horietako batzuk dira: indarra eta mugimendua; sistema oleo-, elektro- eta serbo-hidraulikoak; uraren hidraulika era askotako aplikazioetarako; lubrifikazioa, olioztatzea eta hoztea; amarradura eta finkatzea; automatizazioa, 4.0 industria eta segurtasuna.

 

“Orain mantenimendu arloa sentsorizatzen ari gara 4.0 industriako teknologia berriak erabiliz”. Berrikuntza da enpresaren beste ekintza-ildo bat da, bai produktuan, bai merkatuan (merkaturatzeko modu berriak) eta baita ere negozioan (negozio-eredu berriak).

 

Lotutako albisteak

25 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Sprilurrek eta Ihobek Euskadiko Lurzoru Estrategia partekatuko dute Bartzelonako Advanced Factories nazioarteko foroan
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Azpiegiturak
BIND 4.0, 25 hub onenen artean Europako startupetarako Financial Times-en arabera
Irakurri gehiago
1 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa liderrak martxoaren 1etik aurrera inskribatu ahal izango dira BIND 4.0 programan, startupekin berritzeko
Irakurri gehiago
4YFN Basque Tek Ventu 27 otsaila, 2024 Azpiegiturak
Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk “deeptech” startupen sorrera babesteko Basque Tek Ventures ekimena aurkeztu dute Mobile World Congress biltzarrean
Irakurri gehiago
9 otsaila, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko parke teknologikoak 30 urte ospatuko ditu talentuaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren zerbitzura Gipuzkoan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak